Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) jardunaldi bat antolatu du hiru pentsalari handi horiei buruz hilaren 28rako: “Krutwig, Aginaga, Txillardegi: askatasun-sortzaile madarikatu horiek!”. Donostian izango da jardunaldia (ikusi xehetasunak behean).
Antolatzaileek diotenez, haien figurak erreibindikatzeko asmoz dator jardunaldia. Izan ere, gaurko erakundeak “ezkutatu eta baztertzen ari dira” hirurak ere.
1920ko hamarraldian sortuak dira hirurak (1921ean Federiko Krutwig, 1923an Iñaki Aginaga eta 1929an Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi), eta 1960koan hasi ziren beren ideia nagusiak plazaratzen: hurrenez hurren, Vasconia liburu iraultzailean (1963), Municheko itunen traizioaren inguruan (1962) eta euskararen inguruan.
Jardunaldiaren helburuak hauek dira: batetik, hiru pentsalarien ildo ideologikoak ezagutaraztea; bestetik, eztabaida irekia egitea haien esperientzia eta ideiei buruz, eta, azkenik, transmisioa egitea eta gaur egungo gizartera egokitzea.
Horretarako, pentsalari bakoitzaren inguruan hizlari bat mintzatuko da: Manu Ertzilla idazlea Krutwigez, Jesus Arregi EHUko irakaslea Aginagaz eta Fito Rodriguez idazlea Txillardegiz. Ondoren, mahai-inguru ireki bat izango da (ikusi egitaraua UEUren webgunean: https://www.ueu.eus/jarduera-akademikoa/2046-krutwig-aginaga-txillardegi-askatasun-sortzaile-madarikatu-horiek)
Eguna: 2024ko ekainaren 28a, ostirala
Tokia: Donostia – Teila Fabrika (Donostiako Egia auzoa)
Ordutegia: 09:00-14:00
Izaera: presentziala
Ordu kopurua: bost
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko maiatzaren 6a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko ekainaren 25a
Prezioa: 10 euro