I. Iñaki Aginaga Beristain beka antolatu du Orreaga Taldeak, Iñaki Aginaga Beristain zena omentzeko asmoz eta hark utzitako ondare ideologikoa ikertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Izan ere, Orreaga Taldeak dioenez, sekulako arrakala dago “haren ekarpen ideologikoaren tamaina eskergaren eta hari buruzko ezagutza urriaren artean”.
Beka 3.000 eurokoa da, eta edozeinek aurkez ditzake proiektuak. Lanak idatziak izan daitezke, ikus-entzunezkoak…
Izena emateko epea maiatzaren 31n hasi eta irailaren 30ean amaituko da.
Deialdiaren oinarriak helbide honetan daude: https://www.orreagataldea.com/wp-content/uploads/2024/04/Inaki-Aginaga-bekaren-lehen-deialdia_oinarriak2.pdf
Intelektual distiratsua izan zen Aginaga, bizitza politikaren eta historiaren ikerketari eskaini ziona, eta ahalegin intelektual horren helburua Euskal Herria askatzeko teoria bat sortzea eta herriari eskaintzea izan zen.
Bizi guztia eman zuen gure herria askatzeko egitura ideologikoa sortzen, demokraziaren printzipioetan oinarrituta. Hala, Frantziako eta Espainiako erregimen inperialistak salatu zituen, eta autodeterminazio-eskubidea jarri zuen haietatik askatzeko estrategiaren oinarrian. Estrategia askatzaile horren bigarren zutabea euskaldunon estatua berreskuratzeko ideia da.
Inperialistak ez ezik, bertako burokrazia kolaborazionista ere gogor salatu zuen. Horrek ustezko euskal klase politikoaren mespretxua eta bazterketa ekarri zizkion, baita bera eta beraren lana inor gutxik ezagutzea ere.
Haren idatziak, batez ere, Lan Deya ELA-STV sindikatuaren agerkarian eta Iparla izeneko liburuxketan daude.
Euskal Herria askatzen asmatzen badugu, Iñaki Aginaga Beristainek ohorezko tokia izango du gure herriaren historian.
Hona hemen Aginagaren zenbait aipu, zein baino zein zorrotzagoa, autodeterminazio-eskubideaz, inperialismoaz, erresistentziaz, estrategia politikoaz, hauteskundeez eta botereaz:
“Autodeterminazio-eskubideak agindu bakarra ematen du: «Alde lurralde okupatu eta kolonizatuetatik!»”.
“Herriek existitzen direlako erresistitzen dute, eta erresistitzen dutelako existitzen dira”.
“Euskal Herriak, bigarren frankismoan sarturik, ez du politika okerrik: ez du politikarik ere”.
“Euskal Herriaren adimen politikoa gaur egun hain dago hondatua, non gehien behar duenean ez baitu ulertzen politikaren eta inperialismoaren izaera bera”.
“Abstentzioa eta boikota dira herriek konkistaren eta kolonizazioaren kontra egiteko dituzten baliabide natural, berehalako eta erradikalak”.
Hona Iñaki Aginagaren idatzien bibliografia txiki bat, lagungarri:
IPARLA 1 Otra vez elecciones generales
IPARLA 2 Un modelo de reducción totalitaria
IPARLA 3 Proceso de reducción política
IPARLA 4 La construcción europea
IPARLA 9 Otra vez elecciones europeas
IPARLA 10 El pueblo vasco bajo el imperialismo
IPARLA 11 Realidad del imperialismo
ERRESUMA 2001 – VI
ERRESUMA 2001 – VIII
LAN-DEIA