Malena Jauregiberri euskararen begiralea

Gora euskal Herrientsak! saiakera grafikoko protagonistetako bat dugu Malena Jauregiberri. Baina nor ote zen Jauregiberri?

Azaroaren 24an izan dugu komikiaren aurkezpena Donibane Lohizunen, Dukontenean, 19:00etan. Ez da kasualitatea, nehondik ere, toki horretan egin izana; izan ere, bertan du egoitza Begiraleak elkarteak, Jauregiberrik abiaturiko emakumeen mugimenduaren jakileak, zeinak oraingo egunean martxan segitzen baitu, eta martxa betean.

Xabier Soubelet elkarteko kidearekin mintzatu gara, Begiraleak eta Malena Jauregiberriren arteko lotura ezagutzeko; duela mende bateko panorama neurri handi batean elizgizonen eskuetan zen; aldiz, komiki-albumak ohoratzen dituen emakumeak laikoak dira –ez serora, ez moja–, langileak, errepublikazaleak eta izugarri modernoak. Begiraleak mugimenduaren genesia ulertzeko, 1922. urtera egin behar da jauzi gibelera; orduan baitzen sortu Emakume Abertzale Batza, euskara, kultura eta Herria pizteko xedez.

Malena Jauregiberrik hedatu egin nahi zuen mugimendu eder hori Frantzia peko eskualdeetan ere, eta hala eratu zuen Begiraleak (Zaindariak, Zuberoako adieran). Hala, 1935. urteko martxoaren 3an zen sortu Begiraleak taldea, Donibane Lohizunen, Gure Xokoa antzerki aretoan, zeinean antzeztu baitzuten lehen obra: Supazter xokoan.

Bertan biltzen ziren Elisa Aramendi, Anttoni Lakarra eta Anttoni Bribet andereñoak, baita Piarres Larzabal ere, zeina Euskal Herriaren Alde talde abertzalean aritua baitzen Jakes Lafitterekin batera.

Soubeletek oroitarazi du: «Aurkezleak bota zuen Agur hitzarekin hasi zen abentura. Abentura hori euskara eta kultura suspertzeko egina izan da, eta gaur egun ere, Donibane Lohizunen, xede bera izan behar dugu». Lafitte eta Larzabalez gain, Telesforo Monzon ere batu zitzaion antzerki taldeari: «Hirurak bihotzez abertzaleak, Malenaren ideiari tinko segituz», zehaztu du Soubeletek.

Aintzina aldizkariak eman zion sorrera Eskuz eta begiz literatura aldizkariari. Horrekin aski ez, laster hasi ziren ikasleak dantzan trebatzen, neskak batez ere. Emakumeen lanaren inportantzia goraipatu du Soubeletek: «Andreek izan dute garrantzia; ez bakarrik lau sortzaileak emakumeak zirelako, baizik eta transmisioa beti andreek segurtatu dutelako, hemen, hor eta han».

Antzerkiaz, dantzaz eta aldizkariaz gain, aski fite muntatu zuten abesbatza ere. Kalitatezko korala izan omen zen, diskoak eta bidaiak lekuko.

Antzerki taldea desagertu ondoren, dantza talde bat baizik ez zen izan Begiraleak 1980. urtera arte. Orduan baitzuten berpiztu Lapurdiko Ihauteria, etno-folkloreari bide eginez. Horrela zituzten atera ahanzturatik mutxikoak, eta aspaldiko pertsonaiak: Kaskarotak, Besta Gorriak eta Kotilun Gorriak. Eta haiei esker dantzen eta jantzien ikerketak abiatu ziren Lapurdin. Bai eta dantza berrien grina ere. Kantua herrikoitu zen 1991tik goiti.

Hala, oraingo egunean? Begiraleak elkartea adar anitzeko topagunea bilakatu da haren 350 bazkideentzat: dantza, kantua, sukaldaritza, antzerki berria, bertsolaritza, literatura, mintza-txokoa, mendi ateraldiak, musika kurtsoak…

Eta hau dena «Malenaren xedetik abiaturik». Hau da, Herria, Kultura, Transmisioa.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .