Komikigintza baliatuz Euskal Herriaren memoria historikoa berreskuratzeko eta narratiba nazionala idazteko ahaleginak izan dira marrazkilariaren lana Portugalen aitortzeko arrazoiak.
Poz galanta hartu zuten Dukontenian, Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartearen egoitzan: han aurkeztu du Asisko Urmenetak Gora euskal herrientsak! saiakera grafikoa, aurreko ostiralean, eta han bertan jaso du egileak albistea, Central Comics webguneko zuzendari Hugo Jesusen eskutik.
Ez da nazioartean saritu duten lehen aldia: orain hurrena, esate baterako, Korsikan saritu zuten.
Liburu berriaren aurkezpena ederki joan zen: Urmenetari entzutea beti da aberasgarria, erudizio-ariketak egiten baititu. Gainera, Ane Ablanedo andereño, maistra edo errientsaren eta Adriana Urmenetaren laguntza izan zuen: liburuaren hitzaurrea idatzi du Ablanedok, eta hitzatzea Adriana Urmenetak. Ez zen izan ahuntzaren gauerdiko eztula haiek zabaldu zuten mezua. Liburuan aurkituko ditu irakurleak Donibanen azaldutako ideiak.
Bukaera aldera eman zuten Portugaldik etorritako sariaren berri, han bildu ziren guztien pozgarri, eta liburua argitaratu duten lau elkarteetako kideekin batera ospatu zuten. Giro ezin hobean bukatu zen aurkezpen-ekitaldia.
Liburua erosi nahi izanez gero, eskatu hemen bertan. Durangon ere egongo da egilearekin hitz egiteko eta liburua erosteko aukera.