Iñaki Idigoras oñatiarrak ‘Kontzejupetik” aldizkarian idatzitako artikulu interesgarri bat gaur.
Horrela izendatu izan digute Oñati gure herria: “la pequeña Toledo”; espainieraz eta Espainiari erreferentzia eginaz.
Bada horretarako arrazoirik: Erdi Aroko eraikin monumentalak ditugu Oñatin: Sancti Spiritus Unibertsitatea, Lazarraga dorrea, Bidaurreta komentua, Zumeltzegi dorrea eta San Miguel parrokia berritua, esaterako. Aberastasun eta boterearen isla dira eraikinok. Ezagunak ditugu atzetik dauden hiru gizonak: Rodrigo Mercado Zuazola apezpikua, Juan Lopez Lazarraga ekonomilaria eta Pedro Belez Gebara kondea.
Ezagunak, edo. 1512aren bueltakoak dira hirurak, Espainiaren garai oldarkor eta loriatsukoak. Elite oñatiarra estuki lotuta zegoen espainia feudaleko koroarekin; errege katoliko aseezinekin, hain zuzen ere. Faboreak egiten zizkieten erregeoi, eta bueltan sariak jaso: diru, lur, baimen zein izendapen. Zein fabore mota egin zituzten?
Zuazola, Nafarroa konkistatu berriko erregeorde Antonio Manriqueren kontseilaria zen. Nafarrak nola otzandu pentsatzen ibiliko ziren, biek ala biek Iruñetik ihesi atera behar izan zutenean, nafarrek independentzia berreskuratzeko egindako hirugarren saiakeran, 1521ean. Mallorcako apezpiku zen orduan. Gero Avilako izendatu zuten, eta inkisizioan aritu zen Zaragozako judutarren kontra. Lan hauengatik lortu zuen Sancti Spiritus eginarazteko dirutza eta baimena.
Gebara, Oñatiko jaun. Zumeltzegi dorretik bere oinen azpian zituen Oñatiko etxeak, eta halaxe zanpatzen zituen oñatiarrak. Kapitain aritu zen Nafarroa konkistatzen 1512an, Noainen 1521ean, zein Amaiurren 1522an. Bere agindupeko Juan Arbizu zigortu egin zuten espainiarrek, Jakue Belatz Medrano Amaiurko kapitain heroikoarekin baimenik gabe hitz egiteagatik, hauek errenditu berritan. Herritar xeheek bazuten atxikimendurik anaia euskaldunekin.
Lazarraga, Gebaratarren konfiantzazko gizona zen, baina Espainiako koroara salto egin zuen, Isabel erregina espainiarraren administrari eta haren senar Fernandoren sekretario izateraino. Amerikarrei ebatsitako aberastasun bete itsasontzi Cadizera iristen ziren garaietan, espainiar koroaren kontabilitate buru izan zen. Esklaboak zituen. Nafarroa konkistatzen aritu zen, kapitain gisa berau ere. Bidaurreta eginarazi zuen, hain estimuan zituen eta baimena eman zien Espainiako errege katolikoen armarria bertan ezarriz.
Espainiak sarituak, euskaldunen aurkako borroketan, Nafarroaren konkistan parte hartzearan truke, besteak beste.
Sancti Spiritus, Lazarraga, Bidaurreta, Zumeltzegi eta San Miguel: Oñatiko turismoaren ikur. Eliteko hiru gizon handiki eta espainiarzale horiek utzi digutena ikusgarria da, erakusgarria ere bai. Baina zer da kontatu behar duguna? Espainiapeko hiru gizon handikiren historia? Eta milaka oñatiarrek, nola bizi izan zituzten garaiok?
Sumatzen genuena baieztatu egin du Gazteluaitzen egindako indusketak: 1000. urtearen bueltakoa da. Europa mailan errekonozitutako erresuma nafarraren baitan ginen oñatiarrok ere, beste euskaldun guztiekin bat eginik. Nafar, 1200ean gaztelarrek konkistatu gintuzten arte. 1512rako gure eliteak zeharo espainiartuta zeuden, ikusi dugunez. Gutxi dakigu herritarrez, jasaten zituzten kondearen abusuei erantzuteko elkartzen zirelakoaz gaindi.
Dakiguna da nafar estatua ez zela feudala, eta zentzuzko konstituzio bat -Forua- zeukala, erregeen balizko gehiegikerietatik ere herritarrak babesten zituena. Lur komunalak kudeatzen zituena. Herri batzarretan erabaki eta auzolanean egiteko ohitura zuena. Funtzionarioak zituena defentsa, justizia eta administrazioa gauzatzeko. Garaian ohiko ziren estatu absolutisten alboan, kontraste handia egiten zuena zuzenbide piriniarrean oinarritutako sistema juridiko sozialagatik.
Dekonolizatu dezagun oñatiarron kontakizuna: ez al dugu kontatu behar gure borondate eta legeen kontra konkistatuak izan ginela eta Nafarroatik erauziak? Ez al dugu kontatu behar ondoren Espainiaren itzalean jauntxo batzuk zitaldu egin zirela eta gu menpean hartuz eta Nafarroaren konkista prozesu berrietan lagunduz aritu zirela? Ez al dugu kontatu behar gauzak bestela zirela 1200 aurretik, Europako euskal estatu independentearen baitan ginelarik? Ez al dugu kontatu behar goraipatu ohi ditugun hiru gizonok boterea eta aberastasuna irabazi zituztela, besteak beste, euskaldunon estatua eraisten jardunda?
Kontatzen laguntzeko baina, heldulekuak behar ditugu: memoria lekuak. Bertara joan eta memoria egiten lagunduko diguten lekuak. Administrazio nafarreko gazteluak desagertu ziren, toponimian geratu diren arren: goian aipatu Gazteluaitz, Kastillokua, Gazteluko haitza eta erreka, Gaztelondo…
Apenas diren ezer gure begietara, “la pequeña Toledo”-ko monumentuen alboan. Zerbait behar dugu, komeni zaigun kontakizuna kontatzen lagunduko diguna. Menperatuaren ikuspegitik atera eta ahaldunduta hitz egiteko: kontatu dezagun herri libre izan ginela, euskal estatu baten baitako, eta horrela izan gogo garela, bortxazko eta menpekotasunezko hainbeste mende igaro eta gero ere.
Oñatiko banderari kendu berri diogu Espainiako bandera zaharra, Borgoñako gurutzea. Bandera nafarra berreskuratu dugu, estatu independentea gogoratzeko: batzarren sinbolo den Gernikako haritzaren, eta askatasunaren sinbolo diren Foruen enparantzaren tartean dago, egoki.
Nahikoa al da? Nola sortu dezakegu Oñatin memoria leku bat, kontakizun espainiarrari gain hartzen lagunduko diguna? Euskaldunok ahaldunduko gaituena etorkizun duinago bati zentzuz heltzeko?
Iñaki Idigoras Igartua