Apirilaren 21ean aurkeztu zuen Pako Aristik, Koldo Mitxelena Kulturunean, bere liburu berria (Irunberri, 1990: Arroilaren negarra), Erein argitaletxearen eskutik.
2012ko urrian egin zuen Independentziaren Paperak liburuaren aurkezpena, Donostiako San Jeronimo kaleko aretoan, Erein argitaletxearen eskutik hori ere.
Ohikoa denez, Ereinekoek komunikabide guztiak gonbidatu zituen bai 2012an eta baita joan den astean ere.
2012an, ez zen ez prentsako ez telebistako ordezkaririk agertu liburuaren aurkezpenera. 2023an, ordea, Koldo Mitxelena aretoa komunikabideen kameraz eta ordezkariz betea egon zen.
Gureberriak, independentziaren aldeko komunikabide digitala, bi aurkezpenetan egon zen, biek ala biek dutelako zerikusia gure herriaren independentziarekin, ikuspegi ezberdinetatik bada ere.
“Bitxikeria” hori aipatu ondoren, joan den asteko aurkezpenaren berri emango dugu.
Egiari Zor fundazioko Pilar Garaialdek eta Gure Bazterrak elkarteko Ander Lizarraldek ekitaldiaren sarrera egin ondoren ekin zion Pakok liburuaren azalpenak emateari.
“Irunberriko kasua oso konplexua da”, esan zuen, hogei ordu iraun zuelako, batetik, eta lekuaren ezaugarriengatik, bestetik: herritik aparte, etxerik ez, eta sartu-irten egiteko bi tunel bakarrik dauzkana.
Aurkezpenean, funtsezkoak diren frogak, ondorioak eta emaitzak agertuko zituela esan zuen ondoren.
“Espainiako Barne Ministerioak suizidioaren tesia defendatu bazuen ere, justiziak atzera bota zuen. Handik bost urtera, 1995ean, German Rubenach epaitu zuten, Susana Arregi hiltzeaz akusatua, eta Auzitegi Nazionalak errugabe zela erabaki zuen. Sententziaren arrazoibidean deklaratzen du ez dagoela froga bakar bat ere Germanen aurka, ezta pertsona haiek suizidatu egin zirela frogatzen duenik ere: «Fiskalak aurkeztu duen guztia usteak dira, susmoak, zantzuak… froga sendorik ez». Eta sententzian dio: «Ez da frogatu nola eragin diren bi pertsona hauen heriotza ekarri duten zauriak, ezta auzipetuari ondorio larriak utzi dizkiotenak ere»”.
“Baina, suizidatu ez badira, nork hil ditu? Nork eman dizkio Susanari bi tiro? Hor Auzitegi Nazionalak galga jartzen du, eta ez du abiatzen hori argitzeko ikerketarik. Epaitegia esatera dator: suizidioa asmakizun bat da! Eta hankaz gora botatzen du ordura arte iraun duen bertsio ofiziala. Baina ez du ikerketarik agintzen, suizidioaren ordez zer gertatu den jakiteko, ez delako zaila ikusten ikerketa horren buruan estatu krimen bat egon litekeela”.
“Justizia erakundeetan frogatzen ez dena ez da existitzen. ´Egia judiziala´ deitzen zaio, eta Irunberrin ez dago suizidiorik. Hala dio justizia espainolak. Espainiako gobernuak, bere baliabide guztiekin, ez zuen suizidioa frogatzerik lortu”.
“Bertsio ofiziala asmakizun bat baldin bada, zer ezkutatzen du? Gure ikerketak bi oinarri izan ditu. Batetik, sumarioa lupaz begiratu dugu, deklaratu zuten indar armatuen kontraesanen bila, eta asko aurkitu ditugu, eta funtsezkoak. Bestetik, lekuko berriak aurkitu ditugu, eta garai hartan klabea izan zen lekuko zahar bat, 33 urte desagertuta egon ondoren: Holandako Marian Husken kazetaria, gauza berriak eta erabakigarriak esan dizkiguna. Bera izan zen etakideak bizirik ikusi zituen azken pertsona zibila, tiroketa izan eta minutu gutxira. Militanteek autorik ba ote zuen galdetu zioten, eta, berak ezetz esanda, sasi artera ezkutatu ziren berriro. 2018an liburu bat idatzi zuen nederlanderaz, eta bertan Irunberriri atal bat eskaini zion, hamar orriko lana, guri bidali ziguna”.
“Kontakizun ofizialaren atzealdea edo negatiboa aztertu dugu, eta horrek nahiko froga eskaini digu bestelako kontakizun bat antolatzeko. Ez dugu ezer asmatu; denak dauka bere oinarri dokumentatua”.
Kontakizunaren hiru atalak aipatu zituen ondoren: Kontakizun objektiboa, espekulatiboa eta deduktiboa.
Eta epilogoa eta hedabide guztietara bidalitako Hamabi arrazoi, froga eta argudio Irunberriko bertsio ofiziala faltsua dela baieztatzeko izenburua duen dokumentua irakurriz amaitu zuen aurkezpena.
HAMABI ARRAZOI, FROGA ETA ARGUDIO IRUNBERRIKO BERTSIO OFIZIALA FALTSUA DELA BAIEZTATZEKO:
1-Corcueraren aburuz Pirisek isuri zuen odol ugaria ez du inork ikusi, ez da existitzen.
2-Guardia zibilak ez dira Zangozara joan, arroilan barrura baizik.
3-Metrailetak hartu eta militanteei jarraitzen diete tiroka.
4-Arroila ez da inoiz hutsik egon; Gasteizko ume eta begiraleek hiru auto sekretu ikusi dituzte igarotzen, kanpoan zortzi Nissan, eta helikopteroa lur hartzen.
5-Militanteak Huskenekin daudenean Nissan bat dator bertara. Hauek sasi artera ezkutatzen dira: agenteek lehen minututik dakite non dauden.
6-German ez dute tiroketan zauritu; ez dago haren odolik, eta Huskenek korrika ikusi du. Arratsaldean tirokatu diote belauna.
7-Ezinezkoa da 20 ordutan hilotzak ez aurkitzea, arroilak dituen neurriengatik.
8-Ezinezkoa da Jon suizidatzea, Irati ibaiko ura daukalako biriketan, urdailean eta hezur muinean.
9-Ezinezkoa da Susanak bi tiro ematea bere buruari. German horretaz errugabe izendatuko zuten gerora. Nork eman dizkio bi tiroak?
10-Ezinezkoa da arroilan ETAko hiru militante libre egonda hainbeste jenderi sartzen uztea: 100 ume, 12 begirale, epailea, medikua, erizaina, apaiza, praktikantea, kazetariak…
11-Jonen pistola manipulatua izan da: balistikak dio bereak direla Hervasen eta Pirisen gorputzetan aurkitu dituzten hiru bala, baina aurkitzen dutenean bala bakar bat falta du.
12-Irunberriko gertaeren ostean poliziak informazio izugarria dauka komandoari eta bere egiturari buruz, eta aurretik ez zeukan ezer.