Edo, hobeto esanda, oraindik ez dakigu non hasten den eta non bukatzen den Euskaltzaindiaren “euskara batua”, nire ustez. Zergatik esaten dut hori? Hala adierazten didate han eta hemen entzuten eta irakurtzen ditudanek. Zenbait adibide jarriko ditut.
Maxixatzenek, Azkoitiko aldizkariak, herriko hitz edo esamolde baten berri ematen du ostiraletan, Azkoitiko euskara bultzatzeko asmoarekin. Ezin hobeto iruditzen zait. Azkena errendiu hitza aukeratu du. Bi modutara erabiltzen omen da hitz hori Azkoitian: “Batetik, norbait lasaitu dela esateko, eta, bestetik, norbait edo zerbait kontrolatu dela esateko”. Eta aldizkariak adibide hau dakar, hitzez hitz, itzulpen eta guzti, lasaitu esateko egiten den erabilera azaltzeko:
Azkoitiko hizkeran: “Notizixe aittu ta gero noizko errendiu!”.
Euskara batuan: “Albistea entzun eta gero noizko lasaitu!”.
Ondo dago, zuzena da itzulpen edo egokitzapena. Kontua da hori euskara batuan jartzeko ez dagoela jatorrizko esalditik hainbeste aldendu beharrik. Alegia, albiste bezain euskara batua da notizia; entzun bezain euskara batua da aditu, eta lasaitu bezain euskara batua da errenditu, Euskaltzaindiaren arabera betiere. Hirurak agertzen dira Euskaltzaindiaren Hiztegian (notizia, aditu eta errenditu), eta hiztegi horren oinarri izandako hiztegian ere azaltzen ziren, hau da, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan. Urte dezente igaro dira harrezkeroztik, eta hiztegiotan daude oraindik.
Gehienetan, aldaketa kosmetiko batzuk besterik ez dira behar Azkoitiko euskara eta beste edozein tokitakoa Euskaltzaindiaren euskara batura ekartzeko:
Azkoitiko hizkeran: “Notizixe aittu ta gero noizko errendiu!”.
Euskara batuan: “Notizia aditu eta gero noizko errenditu!”.
Beste horrenbeste esan daiteke aldizkariak aurretik atera dituen herriko hitzak baliatuz (afana, dardarraie, Erromako zubixe…) jarri dituen adibideez:
Azkoitiko hizkeran: “Horrek izeteu afana afaltzea hara juteko!”.
Euskara batuan: “Horrek izaten du afana afaltzera hara joateko!”.
Euskara batuan (Maxixatzen): “Horrek sekulako gogoa edukitzen du afaltzera hara joateko”.
(Izan eta afan badaude euskara batuaren hiztegian: ez dago zertan eduki eta sekulako gogo itzuli, eta ez dago jatorrizko testutik hainbeste aldendu beharrik euskara batuaren barruan errenditzeko).
Azkoitiko hizkeran: “Azkenaldixen, attitek eundoko dardarraie dauke”.
Euskara batuan: “Azkenaldian, aititak egundoko dardara dauka”.
Euskara batuan (Maxixatzen): “Azkenaldian, aitonak egundoko dardara du”.
(Aitita ere bada euskara batua, batuaren hiztegian dagoenez gero: ez dago zertan aitona idatzi euskara batuaren barruan errenditzeko. Eta dauka ere euskara batua da, noski).
Azkoitiko hizkeran: “Eurixe ta euzkixe: erromako zubixe”.
Euskara batuan: “Euria eta eguzkia: Erromako zubia”.
Euskara batuan (Maxixatzen): “Euria eta eguzkia: ostadarra”.
(Erromako zubia ere euskara batua da, ordea).
Izan ere, zenbat eta hobeto moldatu euskalkian, azpieuskalkian, herriko euskaran eta etxeko euskaran, orduan eta errazagoa da euskara batuan ere behar den bezala idaztea eta moldatzea, haien arteko distantzia hain da txikia. Baina nahasmena handia da honetan ere, gure gauza ia guztien transmisioa etenda baitago.
Beste adibide bat. Iazko udaberriko Bertsolari aldizkarian, txikitoei buruzko lan bat atera zuen Joseba Aurkenerenak: Zuberoako txikitoak. Lan ona. Bortuetako edo mendi-mendiko artzain zuberotarrek zirikatzeko elkarri botatako lizunkeria edo berdekeria errimatu bortitzak dira txikitoak. Bada, Aurkenerenak zubereraz eta batuan ematen ditu, ondo eman ere, eta estimatuta dago, baina hor ere ikusten dut ez dagoela jatorrizkotik hainbeste aldendu beharrik euskara batura ekartzeko eta txikitoak gehienok ulertzeko moduan uzteko.
Ahüntzaren büztan txüta, haren peko xilo hütsa,
sar ezak, sar südürra, ezkapa ez dakian hütza. Txikito!!!
Euskara batuan (Bertsolari aldizkaria):
Ahuntzaren buztan tentea, haren beheko zulo hutsa,
sar ezak, sar sudurra, ihes egin ez dakian putza. Txikito!!!
Zut, peko, zilo eta eskapa ere euskara batua dira, Euskaltzaindiaren Hiztegian daudenez geroztik. Beraz, euskara batuan emateko, ez dago zertan hainbeste aldendu zubereratik:
Ahuntzaren buztan zuta, haren peko zilo hutsa,
sar ezak, sar sudurra, eskapa ez dakian putza. Txikito!!!
Aldaketa kosmetikoak berriz ere aski, kasu horretan zuberera euskara batuan emateko.
Beste adibide bat:
Hebentik hara, bi mendien artekotik,
ostadarra sar dakiala gibeleko xilotik. Txikito!!!
Euskara batuan (Bertsolari aldizkaria):
Hemendik hara, bi mendiren artetik,
ortzadarra sar dakiala atzeko zulotik. Txikito!!!
Ostadarra, gibeleko eta zilo ere batua dira, ordea. Ez dago zertan ortzadar, atzeko eta zulo jarri.
Beste adibide bat:
Altxa ezak eria, hunk ezak zelüa,
gero ükenen dük üzküan ene ziria. Txikito!!!
Euskara batuan (Bertsolari aldizkaria):
Altxa ezak atzamarra, uki ezak zerua,
gero izanen duk uzkian nire ziria. Txikito!!!
Baina eri, hunki, ukan eta ene ere euskara batua dira:
Altxa ezak eria, hunki ezak zerua,
gero ukanen duk uzkian ene ziria. Txikito!!!
Beste bat:
Arraultzea bilo gabe, apoa buztan gabe,
hebentik horra ikusten deitzat koskoilak batere bilorik gabe. Txikito!!!
Euskara batuan (Bertsolari aldizkaria):
Arrautza ilerik gabe, apoa buztanik gabe,
hemendik koskabiloak ikusten ditiat batere ilerik gabe. Txikito!!!
Bilo eta koskoil batua dira, ordea.
Arrautza bilo gabe, apoa buztan gabe,
hemendik horra ikusten dizkiat koskoilak batere bilorik gabe. Txikito!!!
Euskaltzaindiak erabakitzen du, zuzen edo oker, zer den euskara batua eta zer ez. Euskara-kontuetan, baina, hark baino indar eta oihartzun handiagoa dute beste batzuek (komunikabideek, adibidez; EITBk, batez ere), eta haiek darabilten eredua identifikatzen da euskara batuarekin —euskara batuaren eredu jakin bat, erdialdeko euskalkian oinarritua—, nahiz eta maizegi euskara batutik irten eta euskañolera lerratzen diren (zenbat kalte EITBk, ene!).
Testutxo honen bidez, euskara batuari buruzko uste oker bat zuzentzen saiatu naiz, besterik ez. Ez ahal dituzte Maxixatzenekoek eta Aurkenerenak gaizki hartuko hemen esandakoak! Bihoazkie nire eskerrik beroenak euskararen alde egiten duten lan handi hori egiteagatik. Halako langile gehiago behar ditugu guk eta euskarak.
Iskander Zubizarreta
(Bilbo)