Fernando Maiora Mendia ikerlari eta idazle artaxoarrak denbora luzea igarotzen du artxiboetan, paper zaharren artean. Dena aztertzen du, eta hala idatzi ditu interes handiko hainbat liburu. 2021. urtean, “Navarra, reino del euskera” liburua argitaratu zuen. Horren harira “Diario de Noticias” egunkariak horren inguruan idatzitakoa ekarri dugu gaur hona, ordutik denbora puska bat igaro bada ere merezi duelakoan (hemengo lantaldeak euskaratu du elkarrizketa).
“Euskaraz hitz egiteagatiko zigorrak 1500. urtetik datoz”
Fernando Maiora (Diario de Noticias, 2021-12-27)
Euskaraz hitz egiteagatik egindako isekak eta jarritako zigorrak ez datoz Francoren garaitik, ezta hurbilagotik ere. Euskarak jasandako zapalkuntza askoz lehenago hasi zen, XVI. mendean zehazki, Gaztelaren konkistaren ondoren, Fernando Maiora idazle eta editoreak bere liburu berrian azaldu duen bezala. Artaxoarrak Navarra, reino del euskera argitaratu berri du, euskarak erresuman jasan zuen jazarpen historikoa aztertzen duen lana.
“Artaxoatik gora bizi zen jendeak ez zekien espainieraz hitzik ere”, azaldu du Maiorak, eta, konkistaren ondoren, “espainieraz eskolatzera behartu zituzten nafarrak, deus konprenitzen ez bazuten ere”.
Liburuak bost kapitulu ditu, eta horko datuek dagozkien signatura, data eta udalerria dituzte, “aztertu edo egiaztatu ahal izateko”, Maiorak dioenez.
Kapitulu horietako bat Luzaideko alkateari buruzkoa da, espetxeratu baitzuten, herriko maisuarekin batera. “Errege Kontseiluko alkate nagusiari espainieraz garaiz ez erantzuteagatik giltzapetu zituzten: alkateak ez zekien kanpoko hizkuntza, eta maisua oso lanpetuta zegoen irakaskuntzarekin”, salatu du idazleak.
Eskoletan ere, espainiera inposatu zuten, eta alderdi hori ere landu du artaxoarrak. “Oso bitxia izan behar zuen irakaskuntza”, dio. “Espainieraz irakasten zieten neska-mutilei, nahiz eta haiek deus ere ez zuten konprenitzen, eta toki batzuetan nafarren berezko hizkuntza hitz egiteagatik zigor fisikoak ere izan ziren, makilatxoarekin eta eraztunarekin egindako mespretxuez gain; horiek duela bi mendetik egiten ziren gutxienez. Kalean euskaraz hitz egiten zuten neska-mutilak salatzeko salatariak ere bilatzen zituzten”.
Liburuan azaltzen den bezala, XVI. mendean erresumaren hiriburuan euskara zen nagusi, baina, erreinuaren konkista militarraren ondoren, espainiera inposatu zuten eremu guztietan, nahiz eta herritarrek “beren hizkuntza, bertako euskal hizkuntza” besterik ez jakin. Inposizio hori hain izan zen gogorra, non euskaraz idaztea debekatu baitzuten. “Espainiera bakarrik onartzen zen, hizkuntza ekarri berria, atzerrikoa, Pirinioetara egurra hango mendietatik eramatera etorri zen gizatxar eta lotsagabe bati erantzunez Aldundiak idatzi batean dioen bezala”.
Gainera, konkistaz geroztik, izendapenak erregeordeak egiten zituen; hark izendatzen zituen “eskribauak, alkateak eta justiziako karguak”, besteak beste.
Eremu horretako datuez gain, Maiorak Erribera inguruko euskarari buruzko datuak ematen ditu, hala nola Lerin, Faltzes eta Tutera. “Frogatuta dago Erriberako hiriburu horretan bazekitela euskaraz XVI. mendearen hondarrean”.
Maiorarentzat, liburua funtsezkoa da Nafarroako historia ezagutzeko, “garrantzitsua baita herri batek nondik datorren jakitea, etorkizunean nora iritsi nahi duen jakin dezan”.
Argitalpen hau hamazazpigarrena du Maiorak 2004tik, hasi zenetik. Nafarroako hainbat eremutan euskarak zuen presentziari buruzko ikerketen bilduma bat dira lanok, baita artxibo historikoetatik berreskuratutako ohiturei, lexikoari edo ospakizunei eta bitxikeriei buruzko ikerketena ere. Azken hau Lizarra, Tafalla, Gares, Barañain, Zizur eta Iruñeko liburu-dendetan eros daiteke (Iruñean, Walden liburu-dendan).