“Espainiaren barruan jai daukagulako, eta Espainiaren barruan jai daukagula ahaztu dutenekin ere bai”.
Horrela amaitu zuen Pako Aristik “Historiaren sinkronia”, urriaren 2an Berrian argitaratutako artikulua.
Guk ere ez dugu ahaztu nahi Espainiaren mendean jai daukagula, eta hori ahaztu dutenengandik ere bereizi nahi dugu geure burua.
Espainiako festa nagusia ospatzen dute egun horretan; “Amerikaren aurkikuntzaren” eguna, hain zuzen ere.
Ez zen, ordea, aurkikuntza izan: Amerika bere lehen biztanleak kontinentera iritsi zirenean aurkitu zen (Kolon baino 14.000 urte lehenago, gutxi gorabehera).
Han gertatutakoa kontinentearen kolonizazioa izan zen, Espainiak indarrez ezarritakoa, eta jatorrizko biztanleen errepresioa, kontinenteko biztanleen % 90 inguru akabatu zuena.
Gurekin ere erabili dute Espainiak eta Frantziak errepresioa, zapalkuntza eta genozidioa.
Amerikako herri batzuek lortu zuten askatasuna; guk, ordea, ez. Gu Espainiaren (eta Frantziaren) mende bizi gara oraindik. Ezin dugu ahaztu Espainia eta Frantziaren mendean jai daukagula. Askatasunaren bideari ekin behar diogu, ahal bada Espainiaren mendean jai daukagula ahaztu dutenei begiak irekiz, eta, bestela, haiek gabe.