Etxahun eta Otsalde

Gaurko egunez sortu zen Joanes Otsalde bertsolaria, Bidarrain. Horren aitzakian, haren bertso ezagun batzuk ekarri ditugu gaur, Barkoxeko Etxahunen eta beraren topaketa kontatzen dutenak.

Jean Haritxelharrek zioenez, oso litekeena da topaketa hori asmatua izatea. Izan ere, Haritxelharrek frogatu zuen bertso guztiak Otsaldek eginak direla, eta 1890ean aurkeztu zituela, Maulen, Anton Abadiak antolatutako lore-jokoetan. Etxahun 28 urte lehenago hila zen, hots, 1862an. Etxahunen ahotan jarritako bertsoek, Otsalde zubereraz ematen saiatu zen arren, gehiago omen dute ekialdeko behe-nafarreratik, zubereratik baino.

Kontuak kontu, uste izatekoa da ez zela izan halako topaketarik, baina ez dago jakiterik.

Nor zen Otsalde? Bertsolari handi bat. Jules Moulier Oxobik honela dio Lan orhoitgarri zonbait liburuan: «Gaitzeko arrakasta zuen Oxalde bertsulariak. Herriko pesta, tobera, eztei, pilota partida, berrogoi urthez, ez da Baigorritik Maulerat, aiphagarri bilkurarik izan Eskual Herrian Oxalde bertsularia gabe. Orai duela mendetsu bat drixolari jaunen jaun bazabilan. Eta hala zela berak bazakikeen orobat. Lehengo arrakastaren araberako famak hein batean dirauku oraino: Emak hor, Oxalde / Eskualdunen alde».

1814 buruilaren 28an sortu zen, Bidarrain. «Ez bide zuen, eskolako alkietan, galtzipurdi hanitzik higatu». 22 urterekin ezkondu zen, Marie Peidouvan izeneko emakume batekin («Kordak lephotik nu hartu»), eta hamaika haur izan zituzten. Guarda edo mugazain ibili zen urteetan («Guarda izan gatik eta zeno ere, debrien lanak zituen frantses hori ezin mastekatuz»), eta guarda bihurria izan zen: «Egon den brigada guzietan, ttipienetarik handienerat aintzindariak oro nardaturik zauzkan». Erretretan zela, Ameriketara joan zen, familiarekin. Baina han egokitu ez, eta Euskal Herrira itzuli zen, familia han utzita.

Otsalde ezagutu zuen hazpandar batek honela zioen: «Gizon larri bat zen; espalda bat bertzea baino beheraxago; ile xuri luzeak; xamarra brida gorriekin; galtzak portaliekin; galtzerdi gorriak, espartin xuriak; makhila bethi eskuan. Bisaia gorri bat, begi grisekin. Gizon alegera, etzen kantutik ixiltzen. Boza xuxen aphal bat. Zonbat aldiz ez nitzaio beha egon, zonbat aldiz ez dut Zelhairano segitu, bidean ikusten zituen guzieri koplakan aditzeko».

Bidarrain hil zen, 1897an.

Etchehoun Barcouchtarra eta Otxalde Bidarraitarrac elgar errecontratu cirenean eman ciuzten cantuac

Otsalde:

Agur adiskidea, Jainkoak egun on,

Zer berri den errazu zuk othoi Xuberon. 

Ezagutzen duzuia Barkuxen Etxehun? 

Halako koplaririk ez omen da nehon; 

Bisitaz joan nindaite ez balitz hain urrun.

Jon Etxaidek erdialdeko euskarara ekartzeko egindako moldaketa:

Jaungoikoak egun on, nik zaitut agurtzen,

Zuberoan zer berri? Esadazu arren.

Ezagutzen al duzu Etxahun Barkoxen?

Holako koblaririk ez omen da arkitzen,

Urrutian bizirik, zaila da ikusten.

Etxahun:

Jauna, ezagutzen dit Etxehun Barkuxen,

Egun orotan nuzu hurranik ibiltzen;

Bethi gazte ezin egon, ari da zahartzen,

Lau hogoi urthe dizi mundin iragaiten,

Orai ez da bertsetan hanitz okupatzen.

Jauna, ezagutzen dut Etxahun Barkoxen,

Egunoro natzaio urrean ibiltzen.

Beti gazte ezinez, ari da zahartzen,

Laurogei urtetara dihoa hurbiltzen,

Bertsoz ez da orain asko okupatzen.

Otsalde:

Jauna behar dautazu gauza bat onhetsi, 

Baina etzautzu behar hargatik ahantzi; 

Hortaz egiten dautzut gomendioz aski, 

Konprenituko duzu hitz laburrez naski: 

Ene fartez errozu jaun hari goraintzi.

Jauna behar didazu zertxobait aditu,

Baina ez zaitezela mesedez ahaztu;

Hontaz egiten dizut bihotzez erregu,

Hitz laburretan noski, ulertuko duzu:

Neure partez goraintzi hari emaiozu.

Etxahun:

Zure komisionea nahi dizit egin, 

Konbenitzen zautazu mila plazerrekin. 

Egon nahia zira arren jaun harekin? 

Huna Etxehun bera hemen da zurekin; 

Nik ere ez diota zu nor ziren jakin?

Zure eskariari nola uko egin?

Hori betetzen daukat poz eta atsegin. 

Egon gogo al duzu, bada, jaun harekin? 

Aurrez-aurrez daukazu Etxahun zurekin: 

Nik ere ezin al dut zu nor zaren jakin?

Otsalde:

Jakin ere behauzu dudarikan gabe,

Zeren egin dautazun errespetuz galde.

Entzutea baduzu nitaz lehen ere,

Nor naizen erraitera ez nuzu herabe:

Laphurdin deitzen naute Jean Baptiste Otsalde.

Jakin beharra duzu zalantzarik gabe,

Zuk egin baitidazu errespetuz galde.

Nire berri aspaldi aditua zaude.

Nor naizen aitortzea zor dizut hala’re:

Lapurdin deitzen naute Jan Batixt Otsalde.

Etxahun:

Bihotzaren erditik egin dizit irri,

Zure ganik entzunik parabola hori.

Damutzen ez bazaio zeruko Jaunari,

Eman behar dizigu zenbait phertset berri,

Eta ber denboran eskiak algarri.

Bihotzaren erditik egin dut nik irri,

Zuregandik entzutez kontakizun hori.

Gaizki ez baderitza Zeruko Jaunari,

Behar dugu kantatu zenbait bertso berri 

Eta gainera eman eskuak elkarri.

Otsalde:

Amodioz derautzut eskua hedatzen,

Zonbat atsegin dudan ez duzu phentsatzen. 

Gizon batzuek naute lazki atakatzen,

Ez dakiala ongi bertsuen paratzen;

Zuk laguntzen banauzu, ez naute lotsatzen.

Bihotz-bihotzez dizut eskua luzatzen,

Zer atsegina dudan ez duzu pentsatzen. 

Gizon batzuek naute gogor atakatzen,

Ez dakidala ongi bertsoak moldatzen:

Zuk laguntzen banauzu, ez naute beldurtzen.

Etxahun:

Etxehun Xuberuan, Otsalde Laphurdin, 

Buruz ari girenak kantoren egitin.

Ez bagirade beldur nehondik jin dadin, 

Erranen diet nik hotan Eskual herrin, 

Jokatuko digula hek plazer dutenin.

Etxahun Zuberoan, Otsalde Lapurdin,

Bertso lanean inork menderatu ezin.

Ez gaituzu, ez, beldur, nor-nahi etor dadin.

Euskalerri guztian dezatela jakin:

Betoz gogo dutenak jokatu gurekin.

Otsalde:

Ez gira sarthu behar hortaz urguluyan,

Etsaminatu gabe gure izpirituyan.

Irakurtu izan dut lehen liburuyan 

Jaunen jaunak direla jalgitzen munduyan,

Erbia lo dagola uste ezten lekhuyan.

Jauna, ez gaitezela harrotu sekulan,

Ongi ausnartu gabe nork bere buruan.

Irakurri izan dut inoiz liburuan,

Jaunen jaunak direla aurkitzen munduan,

Erbia lo dagola uste ez den lekuan.

Etxahun:

Lehen zaharretarik entzuna dit hori, 

Bethi norbait badela denen buruzagi. 

Arren nahi badira gure kontra jarri, 

Onheski emaitera zenbait phertset berri, 

Lotsa gabe gaituzu denen zerbitzari.

Gure zaharrengandik entzuna dut hori, 

Norbait beti badela besten buruzagi.

Inork nahi baldin badu gure kontra jarri, 

Gizonki kantatzeko zenbait bertso berri, 

Beldur gabe gaituzu denen zerbitzari.

Airea: Siberouan bada muthil ederric / Ene semea duçu bat heyetaric

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .