Zertaz harrotzen gara alardean?

Aitzol Altuna 

1648ko Westfaliako Bakearekin eta 1659ko Pirinioetako Itunarekin amaitu ziren Habsburgotarren Germaniar Inperio Santuaren Hogeita Hamar Urteko Gerra eta Espainiaren eta Herbehereen arteko Laurogei Urteko Gerra, Herbehereek independentzia lortzeko egindakoa. Westfaliako bake-itun hartan, besteak beste, Suedia eta Frantzia zeuden tartean, eta Europan politikan nagusi nor izango zen izan zuten jokoan.

Gerra-testuinguru horretan, 1636an Espainiako armadak Urruña, Ziburu eta Donibane Lohizune herri lapurtarrak arpilatu zituen. 1638an, Frantziako flotak erantzun eta Hondarribia setiatu zuen 69 egunez, baina irailaren 8an kanporatu egin zuten, Hondarribiko herriaren kontraeraso batean. Hori dela eta, Espainiako erregearen “hiri” titulua eman zioten Hondarribiari, nahiz eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak horren kontra egon; izan ere, probintzia osoak parte hartu zuen herriaren defentsan, goi-nafarrez gain, eta ez zuten ulertzen Hondarribia beren lehen udalerri izendatzea garrantziaren arabera.

Are gehiago, garai hartan Hondarribiak ez zuen izan nahi Gipuzkoaren parte, eta Nafarroa Garaian sartzeko eskatzen zuen etengabe, zeinak artean ere erresuma titulua baitzuen. Frantziako tropak kanporatutako egun horixe ospatzen da, hain zuzen ere, Hondarribian Guadalupeko Ama Birjinari eskerrak emateko alarde baten bidez. Alardeak jai seinaleetan egiten ziren formazioak eta erakustaldiak ziren, Cisneros kardinalak foru-miliziei inposatuak, horrela Espainiak inbasioen aurrean botere militar handiagoa izan zezan, eta, haietan, gaizki armatutako zibilez osatutako milizia eskarmenturik gabeak kanoi-bazka gisa erabiltzen ziren, Hondarribiko kasuan nola, armadak gero eta profesionalagoak baitziren orduan. Horixe ziren alardeak. Alardeak egiteko agindu hori Nafarroako Erresuma ia guztia konkistatu ondoren eman zuten; 1512-1524 bitartean konkistatu zuten erresuma ia guztia, eta Alemaniako Karlos V.a eta Espainiako I.a enperadorearen tropek Hondarribia hartuta amaitu zen konkista-garai hori.

Beraz, Espainiak, Frantziaren erasoa eragin ondoren, gipuzkoarren esku utzi zuen borroka horretan beren lurraldearen defentsa, eta, hala, gipuzkoar biztanleria zibila frantsesen mendean geratu zen lehenik, eta Espainiaren tropen eta administrazioaren mendean gero, zeinen mantenu-kostua probintziaren kontura baitzen.

Gauza bera gertatu zen Katalunian ere, baina han herriak armak hartu zituen Espainiako tropa inperialen aurka, eta aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen. Hori zela eta, Bartzelona suntsitu egin zuten. “Guerra dels segadors” esaten zaio horri guztiari (Segalarien Gerra, 1640-1652). Ordurako, Nafarroa kontinentaletik geratzen zena Luis XIII.aren armada frantsesak okupatua zuen, 1620an, eta, ordurako, baskoien estatuak subiranotasuna galdua zuen, 1.000 urtean libre izan eta gero. 1648an, Miguel de Iturbide esku handiko kapitain eta diputatua Espainiako armadako desertoreen alde irten zen, eta Madrilgo Gortea beldurtu egin zen, Nafarroa guztian Kataluniakoaren antzeko matxinada bat izango ote zen —artean ere Iruñeko Ziudadelan zegoen armada inperiala, nafarrak berriro altxatuko ziren beldur baitzen, nahiz eta Espainiak Nafarroa inbaditu zuenetik mende bat baino gehiago igaroa zen ordurako—, eta Iturbide Madrilera eraman eta fusilatu egin zuten.

Holaxe erabaki zuten garai hartako potentzia inperial handienetako bik Katalunia eta Nafarroa elkarren artean banatzea, ikusirik ez batak eta ez besteak ezin zituztela horiek osorik berenganatu eta hango jendea bere askatasunaren alde borrokatu zalea zela. Horregatik, nazioarteko muga berri bat sortu zuten, manu militari, eta “Pirinioen bi aldeetan abesten duten eta dantzatzen diren” antzinako bi herri horiek zatitu. Frantziaren eta Espainiaren arteko gaur egungo muga 1659. urtean finkatu zen, Pirinioetako Hitzarmenarekin, mendikate haren eta Bidasoaren gainean. Hitzarmen hori Bidasoa ibaian bertan sinatu zuten, Faisaien uhartean. Harrezkero, uharte hori kondominio bat da, eta sei hilabetez Irunen jabetzakoa da eta beste sei hilabetez Hendaiaren jabetzakoa. Gaur egun, Europa osoan eta mundu osoan bi subiranotasun dituen lur bakarra da uhartea, eta “anormaltasun” bat da munduan, Nafarroako kolonia espainol eta frantsesa den bezalaxe.

Gerra hartan, beraz, Hondarribiaz jabetzeko lehia espainolen eta frantsesen artekoa izan zen, baskoien erresumaren zati bat nahi baitzuten batzuek eta besteek berentzat, eta Hondarribia gotorleku gutiziatua zen bientzat, hiri hartatik Bidasoa kontrolatzen baita. Ez dago zertaz harrotu alarde batekin. Izan ere, egia esateko, Hondarribia ez zuten askatu, inperialismo franko-espainolak inbadituta jarraitzen baitu, inperio okupatzailea zein den alde batera utzita, Euskal Herriko gainerako lur guztiek bezala: Euskal Herriaren Estatua, Nafarroa, gerrako harrapakin gisa banatu zuten garai hartan. Hauts haietatik datoz, zer duda egin, lohi hauek.

*Aitzol Altunak 2017-09-04an Nabarralden argitaratutako artikulu baten itzulpena da, Gure Berriak webguneko lantaldeak euskaratua.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .