Abuztuaren 6an, 20:00etan, Asisko Urmenetak idatzitako Amaiur Libera State liburuan oinarriturik, karrikako antzerkia izango dugu Amaiurren. Eliza inguruan dagoen gurutze zahar batetik abiaturik, poliki-poliki gorantz joango dira antzerkilariak. Ustekabez beteriko bidaia eskainiko digute, amaiurtarrak laguntzaile direlarik.
Amaiurko karriketan goiti eta beheiti ibiliko dira, duela 500 urteko gertakariak solas. Hiru antzerkilarik eta musikalari batek osatuko dute ikuskizuna (Daniel Arbeletxe, Mariañes Gorostiaga eta Xanmari Irigoien antzerkilariek eta Ander Barrenetxea musikalariak), Asiskok marrazkien bidez azalpenak ematen dituen aldi berean.
“Historiaren, kulturaren eta politikaren aldetik jorratu dugu ikuskizuna, baina ez gara historian gelditu; urte gutxiren buruan euskaldungoa zertan izanen den erakutsiko dugu, ikuspegi baikorra eta eraikitzailea eskainiz”, dio Asiskok.
Haren esanetan, “euskaldunok beti gara erresistentzian, eta horri esker irauten dugu euskaldun, nahiz eta, beharbada, oso egoera prekarioan eta ahulduan. Baina, dudarik gabe, inertziari jarraikiz gero, honezkero ez ginen izango munduan. Bere momentuan, izan zen erresistentzia, eta erresistentziak beti irauten du. Camus filosofoak esaten zuen bezala, herri zanpatu batean bertako hizkuntzan mintzatzea, hizkuntza nazionalean mintzatzea, hori bera da jada erresistentzia azkar bat egitea. Esan bezala: herri bat erresistentzian gara, eta behar ere”.
Beraz, abuztuaren 6an, arratsaldeko 8etan, ezinbesteko zita dugu Amaiurren: erresistentziak ez du etenik izango, eta hortik etorriko da, dudarik gabe, Euskal Herriaren askatasuna.