Bihar, larunbata, 85 urte beteko dira Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zutela. 1937an, Le Petit Gironde egunkariko Georges Berniard kazetariari Gernika suntsitua erakusten ari zela, atxilotu egin zuten, eta Gasteizen espetxeratu. Euzko Jaurlaritzako agintariak beste preso batekin trukatuz askatzen saiatu ziren, baina alferrik: 1937ko ekainaren 25ean, 31 urte zituela, frankistek fusilatu egin zuten, Gasteizko Santa Isabel hilerrian.
Estepan Urkiaga Laukizen jaio zen, 1905eko abuztuaren 3an, eta Lauaxeta ezizena bere baserriaren izenetik hartu zuen. Batez ere, literatura-lanengatik da ezaguna, baina, olerkari bikaina ez ezik, kazetari, politikari eta gudaria ere izan zen.
Euzkadi egunkariko euskal ataleko zuzendaria izan zen, eta hainbat artikulu idatzi zituen egunkari hartan, euskaraz eta espainieraz. Beste aldizkari batzuetan ere idatzi zuen.
1931n, Bide barrijak olerki-bilduma argitaratu zuen, eta handik lau urtera, 1935ean, Arrats-beran. Berritzailea izan zen euskal poesian, eta garai hartarako berezia da haren olerkigintza. Europako modernitatea euskaraz eman nahi zuen, eta haren iturriak Europan bilatu behar dira. Gaiak eta hizkuntza berritu nahi zituen. Xabier Lizardik eta Orixek bezala, olerkigintza landua ondu zuen.
Gaur egun, Lauaxetaren olerkien argitalpen berriak egin dira, liburu haietako olerkiekin eta aurkitu diren beste olerkiekin batera. 1982an, Euzkadi egunkarian Lauaxetak idatzitako artikuluen bilduma bat argitaratu zen, Azalpenak izenburupean. 1990ean, berriz, haren antzerki-lanak atera ziren argitara.
Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, mitinetan ibili zen hizlari. Balendin Enbeita bertsolariak Bizitzaren joanean liburuan dio lagun handia zuela: “Hainbat herri arakatu genduan alkarregaz, Lauaxeta hitz egiten eta ni bertsotan. 31tik 35era geldi egote askorik ez genduan egin. (…) Gure lana propaganda izaten zan. Ez dot ikusi oraindino Lauaxeta baino euskerazko hizlari ederragorik”. Jon Kortazar idazleak dioenez (bi liburu idatzi ditu Lauaxetari buruz), mitinak ematen sutsua zen eta erradikal-fama zuen Lauaxetak. Garai hartan, hamaika zereginetan ibili zen: antzerki-jaiak eratzen, ekimen politiko eta kulturalak moldatzen, Emakume Abertzale Batza indartzen, euskarazko eskolak ematen, euskarazko irratsaioak sortzen eta zabaltzen, euskal liburuaren erakusketak antolatzen, eta abar.
Gerra-denboran, zeregin guztiak utzi eta Euskal Gudarostean sartu zen, lehendakariaren agindupean, eta komandante gradua jaso zuen. Bi ardura izan omen zituen: batetik, intendentzia-lanetan aritu zen, eta, bestetik, Gudari aldizkarian eta Eguna euskara hutseko egunkari historikoan.
Baina faxistek, Gernika bonbardatu eta gutxira, atxilotu egin zuten, eta heriotza-zigorra eman zioten, 31 urte zituela.
Antton Valverdek, Lauaxetaren zenbait olerki hartu, eta disko oso bat egin zuen haren omenez. Oso disko ederra, bide batez esanda. Tartean da Amaiurko gaztelu baltza olerkia (https://www.youtube.com/watch?v=RKcVvOfHRXs), orain dela bostehun urte izan zen eta egun hauetan gogoratzen ari garen erresistentzia-ekintzari buruzkoa. Euskal Herriko beste musikari askok ere kantatu dituzte Laukizko gudariaren olerkiak.
Amaitzeko, hona hemen Salbatore Mitxelena olerkari zarauztarrak Lauaxetaren omenez egindako olerki bat: Gorputz dago gudaria. Hori ere musikatu dute, oso ederki musikatu ere, hemengo musikariek: behintzat, Joseba Tapiak, Agur Intxorta maite disko bikainean (https://www.youtube.com/watch?v=wpF_6orV16U), eta Antton Valverdek berak, Gaua. Ausentziaren itzala diskoan (https://www.youtube.com/watch?v=UZqFyoWV_1g).
GORPUTZ DAGO GUDARIA
Salbatore Mitxelena, 1938
Gorputz dago gudaria
Urkiolako maldan; bekoki ameslariak dizdiz eguzki galdan.
Bizkai guda izan zanetik nolaz gorputz au eze? Esaidazu artzai orrek ikusi dezun eze.
—Bart arrastiriz lau lamin ega ziran onaño; gudaria ortxe zegon aldegin zuteneko…
Gorputz dago gudaria Urkiolako maldan; Maitagarriak agurtzen dabilzkio egaldan.
—Ta gaur goi andere batek —ederra bai ta argia!— burestuna jarri dio urrebitxiz josia. |
«Olerkari ta abertzale,
—ziotsan Andereak— seme zaitut Olermenak, ziñopa Euskereak!»
Gorputz dago gudaria Urkiolako maldan. Esaidazu artzai orrek Lauaxeta ez al dan.
—Ara an berriz lau lamiñak dizdiz eguzkitara; gorputza eramatera bide datoz maldara.
Gipuzko, Napar, Bizkaian barna an badaramate; ta giputz, napar, bizkaitar danak agurtzen dute!
Gorputz dago gudaria Gazteiztik lapurtua ta euskotarrak agurtu ondoren biurtua! |