Orain dela urtebete hil zen Iñaki Aginaga Beristain politikari eta jakintsu donostiarra. Maiatzaren 31n, ikus-entzunezko saio bat eta mahai-inguru bat prestatu zituzten haren jarraitzaileek Donostian, Okendoko kultur etxean, eta, ekainaren 4an, omenaldi xume bat antolatu zuten Altzako hilerrian, han baitago ehortzia. Aginagaren hainbat testu irakurri zituzten han, zein baino zein zorrotzagoa, autodeterminazio-eskubideaz, inperialismoaz, erresistentziaz, estrategia politikoaz, hauteskundeez eta botereaz…
Besteak beste, honelako esaldiak entzun ziren haren jarraitzaileen ahotik:
“Autodeterminazio-eskubideak agindu bakarra ematen du: «Alde lurralde okupatu eta kolonizatuetatik!»”. “Herriek existitzen direlako erresistitzen dute, eta erresistitzen dutelako existitzen dira”. “Euskal Herriak, bigarren frankismoan sarturik, ez du politika okerrik: ez du politikarik ere”. “Euskal Herriaren adimen politikoa gaur egun hain dago hondatua, non gehien behar duenean ez baitu ulertzen politikaren eta inperialismoaren izaera bera”. “Abstentzioa eta boikota dira herriek konkistaren eta kolonizazioaren kontra egiteko dituzten baliabide natural, berehalako eta erradikalak”.
Iñaki Aginagaren pentsaeraz gehiago jakin nahi duenak aski du Lan Deya aldizkarian eta Iparla argitalpenetan hark egindako gogoetak irakurtzea.
Omenaldi horren bideo labur bat duzu hemen.