
Gure Irratiaren 40. urteurrenaren aitzakian, komunikabidearen sortzaileetariko batekin solastatu gara: Xipri Arbelbide idazlearekin (Heleta, 1934). Bere eleberri, kronika eta saiakerengatik da ezaguna Arbelbide, eta Maiatz argitaletxerekin atera du azken lana: Euskarazko lehen irratia, Gure Irratia. Izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Bernart Etxeparek euskarazko lehen liburua idatzi bezala, euskarazko lehen irratia sortu zuten haiek, eta itotzear zen hizkuntzari hats eman. Hasierako oztopoak gaindituz (hutsetik abiatu beharra, diru falta, kritikak eta ukoak…), aitzina egitea lortu zuten.