“Herri honetan, sekula ez da eten erresistentzia, sekula ez da buru edo beso apaltzerik izan etsaiari gainetik pasa zedin uzteko”

Ekaitz Bergaretxek, Haltsuko interprete eta itzultzaileak, Asisko Urmeneta elkarrizketatu du, ‘Amaiur! Libera State’ liburuaren aitzakian. Hona zer kontatu dion.

 

-Honako hau (alegia, Amaiur!, Libera State) Euskal Herriko historiaren berrirakurketa kritikoaren hirugarren opusa duk, Aztihitza eta Sugarren Menderen ondotik. Zer berritasun dakar azken honek?

Bai, pentsa zer urrun gauden normaltasunetik, konkistaren inguruko monografia akademikorik ez baita euskaraz. Azken urte hauetan, zorionez, atera dira Peio Monteano, Alvaro Adot, Aitor Pescador, Iñaki Sagredo eta besteren sekulako ikerketa lanak, baina gehiena espainolez izan da; frantsesez deus guti, Antton Kurutxarrik egin zuen sintesi duinaz gain; bere garaian Manex Goihenetxek ere atera zuen Nafarroako konkistari buruz, baina bere historia orokorrean txertatua. Dena erdaraz. Hortaz, lehen berritasuna hori da. Bigarren berritasuna, ba, normal izan nahi horretan, nik kontatu nahi izan dut, edozein herrirentzat epikoa izan beharko lukeen bataila jendeari aurkeztu. Bada, Midway edo Dunkerque edo korsikarrentzat Ponte Nuovu izan zena, guretzat Amaiurkoa izan da, independentzia gerra hartako azken bataila. Zorionez, duela ehun urte, laugarren mendeurrena gogoratu nahian, orduko intelektual batzuek plantarazi zuten oraingo obeliskoa, eta monumentu hori gaur egungo gazteen larruan dago tatuatua, sinbolo bat da. Eta eskerrak, zeren gazteluaren memoria bera desagertu baita errotik, espainolek zapartarazi baitzuten, 1522ko agorrilean. Enperadoreak agindu zien ez zedila geldi harririk harriaren gainean, eta sinbolo hura galdu zen… Amerikarrek lauzpabost serie aterako zituzketen, baina guk, industria nazionalik gabe, komiki bat atera dugu, zuri-beltzean. Enetako, historia independente bat kontatzeaz harago, independente bagina bezala kontatzean datza berritasuna, konplexurik gabe. Eta, gainera, giltza batzuk eman nahi izan ditut, arbasoen adibidetik ondorio batzuk atera ahal izateko, eta hortik normal izatera abiatu. Egin dezagun Uruguain Artigas heroi nazionalarekin egin duten bezala, non institutu mordoak Artigas duen izena, eta plaza guztietan Artigasen monumentuak dauden. Hemen, aurten Elkanoz mintzatuko gara, munduko bira egin baitzuen, enperadore hiltzaile haren onetan. Eta, Espainiako zolako portu hartara iristen ari zen egun berean, Belatz kapitaina garbitzen ari ziren Iruñeko presondegian, berak gidatu baitzuen Amaiurko erresistentzia. Aurten, Loiolaz ere mintzatuko gara, basilika baitu bere herrian, alimaleko basilika, eta urte hartan egin baitzuen bere erromesaldia Kataluniara. Eta, garai hartan, Nafarroako mariskal gazteak Loiolari bizia barkatu zion, nahiz eta Iruñeko setio hartan berak agindu zuen Iruñeko populazio zibilaren kontrako bonbardaketa. 

-Maiz aipatu duk normal izatea, “normal bagina”. Orduan, “normal” hori zeren parean ezartzen duk? Normal versus menpeko, normal versus asimilatu, edo biak?

-Normaltasuna versus normalizazioa. Ene ustez, normalizazioa da egoera bidegabe eta bortxazko bati usatzea, ohitzea. Hori da, enetako, normalizazioa. Herri honen zatiketa, ukazioarekin egunez egun bizitzea da normalizazioa, bai gu, bai gure aitzinekoak, bai horien aitzinekoak, eta gure bizkarreko zaku horretan normala balitz bezala daramagu bidegabekeria hori. Enetako, Portugalekoa da normaltasuna: herri batek agintzea bere herrian. Eta herri horrek ukaitea bere historia epikoa, bere politika propioa, bere burujabetzarekin, bere mugen zaintzeko gaitasunarekin eta hori guztia. Orduan, “normala” diodanean, zera erran nahi dut: gurean gu etxeko nagusi. Ez da kasualitate herri honetan ezagunak izatea inperioaren alde borrokatu diren Harizpe, Loiola eta Elkano, bertzeak bertze. Euskaldunen alde egin dutenak, berriz, izan Xaho, izan Belatz, izan Johana III.a, horiek oro ahantziak, ukatuak edo kriminalizatuak dira. Normaltasuna litzateke, beraz, norberaren baratzean norberak agintzea. 

-Eta, baratzea aipatzen baituk, mapa asko agertzen duk liburuki honetan.

Bai. Kartografia ere geure buruaren, gure nazioaren ukatzeko edo asumitzeko modu barren bat da. Nafarroan, arazoak izan dira behin eta berriz diru publikoa nori eman erabakitzeko, Euskal Herriko mapa agertuz gero, modu obsesiboan. Gure alabek, lehenbiziko aldiz, Sakanako autobide horretan dagoen Aralarko santuaren irudia eta pean Nafarroa Garaiko mapa pipiatua ikusi zuten, eta “Hara! Hautsi da mapa!”. Okerrena da euskararen aldeko manifestaziora ari direla deitzen Iruñean, eta afixatik ageri da loreontzi hautsiaren zati bakar bat, bixkotxa jana mendebaldetik. Julius Nyerere izan zen Tanzaniako estatu gizona, kolonia garaietan inperialisten kontrako erresistentzian borrokatu zena, eta gero presidente izatera iritsi zena. Bada, berak erraten zuen: “Gure momenturik zailenetan, uste genuenean indarrik ez genuela eta deseginak ginela, sekulako indarra ematen zigun kolonialistek ezarritako muga artifizial horien guztien gainetik herri bat ginela jakiteak”. Eta halako batean Iruñeko manifa hori ikustea, edo Urkulluk ateratzen duela Frantziako Itzulia nondik pasatuko den, Nafarroa Espainiaren barnean eta Ipar Euskal Herria Frantziaren barnean… Nik liburuaren bukaeran eman dut Fraga Iribarnek, Espainiako estatuzale faxista hark, Franco hil eta Nafarroako diputatuei erran ziena: “Zuek kasu, ez ezazue ahantzi lau gerlatan garaituak izan zaretela”. Lau gerla horiek orrialde batean agertzen dira: XVI. mendeko gerla hura, gero bi karlistaldiak, eta azkenik Francoren kontrakoa. Ez dago hori ulertzerik Euskal Herriko mapa gabe, zeren eremu liberatua aldatzen baita unearen arabera. Espainolek eta frantsesek badakite oso ongi borroka horiek herri honen kontrakoak izan direla. Kontua da ea guk asumitzen dugun, edo ez. 

-Mapa historikoak bai, eta, gaurko egunera itzulita, gai horrek berdintsu dirau, okerrago? Alegia, zertan da gure mapa mentala?

-Etimologikoki, estatu hitza latinezko estaretik datorkigu, eta hor komeni da euskaraz izan eta egon bereiztea. Estatua da egotea, hots, momentu jakin batean dagoen egitura antolatua; eta, bestalde, herria edo nazioa da izan. Zertarako antolatzen dira estatuak? Egoera batzuetan, egitura antinaturala izan daiteke, zanpaketa normalizatzeko helburuarekin. Zergatik kiroletan dabiltzan Gipuzkoako gazteek ezagutzen dituzte Espainiako ligan hartzen diren guztiak, eta, aldiz, Lapurdi zer ligatan dabilen ideiarik ez? Zergatik errugbian Mauleko taldea Frantziakoei begira dago? Naturala ez dena naturalizatzen saiatzen baitira. Eta indar ikarragarriak dauzkate horretarako. Egoera horretan, erosoena eta errazena inertziari segitzea da, eta inertziari segituz, ba, transmisioa galdu, kultura nazionala fosildu, eta bide horrek erabateko asimilaziora garamatza, eta gero desagertzera nazio bereizi gisa. Ez izatera. Heriotza programatu horren kontra erresistentzia egin daiteke, ahalik eta antolatuena. Erresistentzia hitza dela eta, Amaiurrera itzuliz, garai hartan erresistentzia usu aipatzen zen, eta gaztelua erresistentzian ari zela, eskualde liberatuan zen Joanes Elizondok zioen: “Ahal den erresistentziarik handiena egiten ari gara, eta ez gaituzte mendean hartuko Amaiurko gazteluak zutik atxikitzen duen artean”. Urte batzuen buruan, Nafarroako erregeak, Zangozako Henrike II.ak, errana: “Deliberaturik gaude erresistentzia egitera daukagun botere guztiaz”. Herri honetan, sekula ez da eten erresistentzia, sekula ez da buru edo beso apaltzerik izan etsaiari gainetik pasa zedin uzteko. XVI. mendeko erresistentzia eta oraingoa desberdinak direla… bistan da. Baina ez da egundaino itzali. Eta estatu bat ez da hiltzen bertako herritarrek likidazioa sinatzen ez duten bitartean. Eta guk ez dugu inoiz ere sinatu. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, zuzen gara. Espainiako Karlos I.ak erran zuen oso kontent zegoela Amaiur garaiturik: “Beroren maiestateak plazer handia hartu zuen jakin zuelarik Amaiur hartua zela armen indarrez”. Herri hau armen indarrez hartua izan da. Eta hori da lehen lerroan eman behar duguna; norbaitek “demokrazia” erraten digularik, erantzun behar zaio gure herriak ez duela mendekotasuna eta zatiketa demokratikoki hautatu, haiek direla gainetik pasatu, eta ez dutela inongo agiririk hemen agintzeko baimena ematen dienik. Ez dute! Hori da lehen lerroan ezarri behar den zerbait. 

 

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .