“Seme-alabak ikastetxera euskaldun bidali eta erdaldunago jasotzen ditugu”

Badira aste batzuk Arnas Dezagun guraso euskal hiztunen taldea plazara atera zenetik. Haiekin izan gara, haien ekimenaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko.

Zein da zuon ekimenaren muina, zer zailtasun duzue arnasa hartzeko?

Taldean bildu garen familia guztiak arazo berberak eraginda elkartu gara: seme-alabak ikastetxera –den sarea dela ere– euskaldun bidali eta erdaldunago jasotzen ditugu, edo/eta, hitz batean, ikaragarrizko “estres linguistikoa” dutela. Ikasgune gehienetan haur etxetik euskaldunak sakabanatu egiten dituzte eta, horrekin, euren arteko euskarazko jarduna oztopatzen eta gazteleraz egitera behartzen dituzte eguneroko hartu-emanetan.

Beraz, gure ekimenaren muina haur euskal hiztunen arnasguneak bermatzea da, haur horiek euskara komunikazio/lehentasunezko hizkuntza manten dezaten gelakideekin, era horretara euskara gainerako umeengana zabaltzeko, antena eta motor efektuari esker. Arnasgunerik ez dagoen geletan ere baderitzagu euskalduntzea bermatzea ezinbestekoa dela. Hortaz, hizkuntz errefortzuak edo indartzeak jarri beharko lirateke euskararen gaitasuna eta adierazkortasuna bultzatzeko, hori baita erabilera biziari eragiteko modu bakarra.

Eskolak (ere) erdaldundu egiten ditu haur euskaldunak, hortaz?

Bai, inongo diskriminazio positiborik egiten ez den bitartean. Gaur egun argi dago zeintzuk diren hizkuntza hegemonikoak gure euskal eremu guztian: espainiera eta frantsesa. Umeek, ikastetxeetan, lehenengo unetik egoeraz jabetuta, jasan eta beregatzen dituzte.

Gure esperientziak hala erakutsi digu, eta baita hainbat gurasok idatzitako testigantzek ere. Haur euskaldunak eskolan erdaldundu egiten dira gero eta gehiagotan, eta, okerrago dena, euskarak etxetik kanpo daukan balio ezdeusaz konturatzen dira eta komunikazio hizkuntza gisa erabiltzeari uzten diote, horrek autoestimuan eragiten dizkien kalteekin.

Eskolan zer neurri hartu beharko lirateke biktima gehiago ez izateko?

Euskararen erabilpenaren sustapena erdigunean jarri beharko lukete ikastetxeek. Asko dira euskararen alde urtez urte egindako ekintzak, baina, emaitza onik jaso ezean, estrategiaz aldatu beharra dago.

Biktima gehiago ez izateko, haur euskaldunek txikitatik ikaskideekin harremanak euskaraz sortzeko aukera izan behar dute, euren ama hizkuntzan. Horregatik, ezinbestekoa da lehen urteetatik arnasguneak sortzea, gero haur euskal hiztunek beste haurrak euskalduntzen lagunduko badute. Horrenbestez, lehen urrats bat haur horiek gela banatan ez bereiztea da. Horrez gain, euskara erakargarri bilakatzeko plangintza bat prestatu behar dute ikastetxeek, eta ahalik eta euskarazko baliabide gehien jarri haurren eta familien eskura.

Horrekin batera ezinbestekoa da mugikor eta sare bidezko euskarazko edukiak sortu eta hedatzea. Ikastetxe-sareek badute nahikoa gaitasun horretarako.

Eskolek zer diote deskalabru honi buruz? Ala ez dute ikusten, edo ez dute ikusi nahi?

“Gizartea horrelakoa da” eta haren gisako pentsamendu mugakorretan oinarritutako diskurtsoak jaso ditugu gurasook, edota gure proposamenak, hau da, arnasguneak sortzeak, ez dituela aniztasunaren eta inklusibitatearen printzipioak errespetatzen.

Aniztasunari eta inklusibitateari erdara ardatzean jarrita heldu nahi diete. Gure ustez, Euskal Herrian eta D ereduan, inklusibitatea eta aniztasuna euskararen inguruan ardaztu behar dira.

Onartezina da, ezein kontzeptu gaizki ulerturen izenean, gure haurrek euskara bazterrera utzi eta erdarara jauzi behar izatea. Nola liteke haurrek euskaraz jarduteko eskubidearen alde borrokatu behar izatea D ereduko ikastetxeetan?

Orain arte eskolek ez dute neurririk hartu. Ezinezkoa da egoera ez ikustea, baina Arnas Dezagun dinamika sortu den arte ez dugu inolako interesik ikusi hausnarketa sakon bat egiteko edo gure aldarrikapenei erantzunen bat emateko.

Aniztasunaren eta inklusibitatearen izenean, azkenean, denak erdaldun?

Hala da. Erdal betaurrekoekin begiratzen zaielako bai kontzeptu horiei, bai beste batzuei. Hegoaldeko ikastetxeen kasuan, horiek baitira guk lehen eskutik ezagutzen ditugunak, Espainiak ezarritako baldintzak irentsi dira, eta honako egoera jasangarri honetara ailegatu gara: espainolez badiharduzu, “inklusiboa eta aniztuna” zara; euskaraz egiten baduzu, ostera, “baztertzailea”. Duintasuna eta sen ona aspaldi galdu ditugu nonbait.

“Publikoa” edo are “euskal” eta “publiko” deitzen duten sareaz gain, Ikastolen Elkartea ere salatu duzue.

Sare bateko nahiz besteko hainbat ikastetxetan gertatzen den zerbait da. Oso hedatuta dago haur euskaldunen sakabanatzea, emaitzak euskaldunontzat negargarriak izan arren. Hasieran sinesgaitz eta gero benetan mingarri gertatu zaigu hau guztia, gutako batzuek urteak baitaramatzagu aldrebeskeria hau salatzen.

Okerrena da orain arte behintzat ez dugula gogobeteko erantzunik jaso ez sare batetik, ez bestetik (bai ikastetxe jakin batzuen aldetik, baina).

Konplexua sortu al digute, kolonizatuaren sindromea al dugu? Edo zein uste duzue dela arrazoia halako astakeriak egitera iristeko?

Ez da ulertzen bestela. Ikastetxeotan gertatzen ari dena horren adibide argia bezain latza dela uste dugu.

Egunotan ere, Gipuzkoako hedabide baten bitartez jakin dugu D ereduaren euskalduntze emaitzak inoizko txarrenak direla, baina ez dugu erreakziorik ikusi, ez agintarien aldetik, ez ikastetxe-sareon aldetik, ez eta euskalgintzaren aldetik ere!

Ez da larritzeko moduko adierazle bakarra. ETB1ek urte luzeak daramatza ikusleriaren % 2ko langa ezin gainditurik, programazio oro har penagarri baten ondorioz, eta hor ere berdin: han-hemenka euskaltzale batek edo bestek salatzen du egoera, baina ez dago erreakzio erdi sanorik beste inongo eragileren aldetik. Nola liteke?

D eredua omen zen euskara berreskuratzeko ardatz eta masta, eta hara…

Non daude eragile abertzaleak? Non euskalgintza?

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .