1813ko abuztuaren 31n Donostia txikitu egin zuten tropa espainiar, ingeles eta portugaldarrek.
Ospatzeko ezer gutxi, hortaz, bertso honetan salatzen den moduan:
Duela urte batzuk 1813an Donostian gertatu zenaren egia aditzera emateko, elkarte bat sortu zuten: Donostia Sutan 1813-2013.
Jarraian, “Berria” egunkarian Antonio Mendizabali (Errenteria, Gipuzkoa, 1928-2018) egindako elkarrizketa jaso dugu:
Zer lotura du Castaños jeneralak Donostiarekin?
[Francisco Javier] Castaños jeneral espainiar bat zen. Bailenen [Espainia] Napoleonen tropen aurka bataila bat irabazi eta gero, Bailengo duke izendatu zuten. Frantziarren aurka, Espainiako hegoaldetik iparraldera egin zuen borroka. Baina Tuteran [Nafarroa] bataila bat galdu zuen, eta epaiketa militar bat egin zioten, kargutik botatzeko. Bilbora erretiratzea erabaki zuen Wellingtonekin hitz egin eta gero. Hala, tropak buruzagirik gabe iritsi ziren Donostiara, Castaños Bilbora bidean eta Wellington Lesakan [Nafarroa] zegoelako, Iruñea hartu ondoren. Donostia uztailaren 22an setiatzen hasi ziren, baina ez zuten lortu, eta soldadu ingeles eta portugaldar batzuk atxilotu zituzten. Haien bitartez jakin zen Castañosek donostiar guztiei lepoa mozteko eta labanaz hiltzeko agindua eman zuela.
Tropa ingeles eta portugaldarrekin batera bazeuden espainiarrak. Baina hori ez da oso ezaguna. Zergatik egon da hori guztia ezkutuan?
Militarrek beti garbitu dituzte eskuak. Betidanik entzun dut sua frantsesek egin zutela. Hainbat liburutan ez da agertzen Castaños. Baina badut beste liburu bat, frantziar jatorrikoa, eta hildako soldadu espainiarren kopurua agertzen da. Baziren espainiarrak. Tropa euskaldunik ere bazegoen haiekin, Vicente Mendizabalen aginduetara. Mendizabalek esan zuen odol tanta bat bota gabe har zezakeela Donostia, baina ez zioten utzi. Erasoarekin Donostiari zigorra eman nahi zioten; Donostiari eta euskaldunei.
Mendekuz erre zuten Donostia?
Castañosek zerbait agintzen bazuen, euskaldunek ez zioten jaramonik egiten Mendizabalek ez bazuen onartzen. Castañosek gorrotoa zien. Gainera, epaiketa militarrarekin agintetik kendu zuten. Mendeku modukoa izan zen.