1521/06/30

Gaur, 500 urte bete dira Noaingo gudua gertatu zela. Baina zer dakigu han gertatuari buruz? Zer ondorio izan zituen? Horren berri jakiteko, Beñi Agirrerekin jarri gara harremanetan. Ez alferrik gure herriaren historian aditua da Agirre.

Nondik dator Noainen gertatu zena?

Nafarroa Garaian 2012rako orduko gobernuaren aldetik prestatzen ari ziren “ospakizunen” testuinguruan,  Miguel Sanzek, artean presidente zenak, honako hau bota zuen ekitaldi ofizial batean:

“1512an, Gaztelarekin borondatezko bat-egitea gertatu zen; horrek gaur egungo Nafarroa autonomikoa, forala eta espainola sortu zuen”.

2012an, eta aurreko urteetan, hankaz gora jarri zen baieztapen hori. Dokumentuak, kongresuak, liburuak… mila arrazoi eman ziren, eta esan daiteke “Union eque principal” edo borondatezko bat-egitea desmuntatu egin genuela. Ez zen “borondatezko bat-egitea” izan, konkista odoltsua baizik.

Zergatik da —edo izan da oraintsu arte— hain ezezaguna Noainen gertatua? Isiltzea komeni? 1512koa konkista izan zela frogatzen duelako?

Bai, arrazoia ez duzunean, isiltzea komeni. Hala ere, haiek bere horretan jarraitzen dute. Eta, konkista ezin dutenez ukatu, ahaztu dezagun saiatzen dira.

Zer ondorio izan zituen? Erabakigarria izan al zen gure herriarentzat?

Konkista edo gerra ekintza izan zela garbi dago ondorengo urteetako gertakizunak ikusten baditugu. Ondorioa Herriaren erresistentzia izan zen.

Erresuma hura berreskuratzen hiru alditan saiatu ziren:

1512ko udazkenean bertan.

1516an, Fernando faltsarioa hil zela baliatu zutenean.

1521ean, Gaztelan nobleziaren eta komuneroen artean gerra zibila (nazio bereko barneko klase-gatazka) piztu zela probestuz. Noaingo batailan amaitu zen, hain zuzen ere, hirugarren ahalegin hori.

1521ean, Noaingo bataila jokatu zen.

1521eko maiatzaren erdialdean, Nafarroako Henrike II.a zangozarraren tropak Iruñean sartu ziren.

Biztanleak matxinatu egin ziren hiria okupatzen zuten gaztelar soldadu eta mertzenarioen kontra. Historia itzulipurdika jartzeko aukera ikusi zuten, Nafarroa berriro euskalnafarren eskura itzultzeko aukera alegia.

Okupatzaileek, ordea, eraso moduan saltzen dute historia: berak han zeudela, bakean, eta frantsesak etorri zirela erasoan.

Derrigorrezkoa da garaiaren testuingurua ezagutzea, zeren eta ez baitira gutxi pasarte guzti hauetan eta aurten oroitzen dugun “Noaingo batailaren” V. mendeurrenaren kontakizunean frantsesen eta espainolen arteko gerra ikusten duten historialariak. Hori, soilik horrela konta daiteke 1512ko Nafarroaren kontrako konkista zilegitzat ematen bada, eta soilik, gaurko ikuspegitik ari badira. Alegia, konkista eskubidea ontzat eman eta euskalnafarrei euren lurraldea berreskuratzeko zilegitasuna ukatzen badiete.

Historialari espainiarren eta frantsesen bertsioa zein da? Frantziaren eta Espainiaren arteko gerra bat izan zela? Agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra bat izan zela?

Ikuspegi eskizofreniko hori baliatuta, Nafarroa bere borondatez zati bat Frantzian eta bestea Espainian barneratu zela kontatzen dute. Hau da, nafar frantsesak nafar espainiarren kontra aritzeko beaumontarren eta agaramontarren arteko borroka besterik ez zela esaten dute. Gure arteko gerra, alegia; non Gaztelaren eta aita sainduaren jokaerak gu baketzeko besterik ez ziren izan.

Eskerrak eman behar al dizkiegu Frantziari eta Espainiari mende eta erdi geroago Bidasoan eskutik helduta Pirinioen muga-banaketaren 1659ko Itunean “bakea” hitzartu zutelako?

Zer irakaspen atera dezakegu Noainen gertatutako horretatik?

Kontakizun horren aurrean beharrezkoa da gauzak beste modu batera azaltzea, hau da, aurten 500 urte gertatu zena beste ikuspegi batetik kontatzea:

Mallorcan eta Valentzian germandarren altxamendua (gremioak) eta Gaztelan komuneroen matxinada piztu zenean, Iruñean zeuden tropa espainiarrak hiriburutik atera egin ziren. Juan Esteban Manrique de Larak, Naiarako kondeak, nahiago izan zuen komuneroak zanpatzeko Tordesillasera joan ohore bila, Iruñean porrota jasotzeko arriskua jasan baino. Baskoien hiri buruzagian bertan tropa txiki bat utzita ihes egin zuen. Bertan geratu zen, jende haien artean, Inazio Loiolakoa, Naiarako kondearen basailu eta gaztelarren alde borrokatzen zena.

Egoera hura aprobetxatuz Henrike II.a Nafarroako erregeak 9.000 laguneko tropa bildu eta 1521eko maiatzaren erdialdean Iruñeko ateetan zegoen. Tropa hura euskalnafarrez (Nafarroa Behereko soldaduz, zangozarrez, erronkariarrez), biarnesez, gaskoiz eta mertzenarioz osatua zegoen. Guztien buru, André Foixkoa, amaren aldetik Henrikeren lehengusua zena eta Italiako gerran eskarmentua handia zuena. Frantsesa baino gehiago, Foixko interesen defendatzailea zen.

Erregeari itxaron gabe, Iruñeko jendea espainiarren kontra matxinatu zen. Soldadu gaztelarrak barruko gotorleku batean zokoratu ondoren, “Henri, Henri…” oihukatuz, atea zabaldu zioten armada askatzaileari.

Henrike II.a Nafarroako erregearen tropak suntsitu zuen Inazio Loiolakoa aterpetua zegoen gotorlekua, eta Inazio Loiolakoa bertan gertatu zen zauritua. Galtzailea izan zen. Hala ere, alde egiten utzi zioten eta Loiolara eraman zuten.

André Foixkoak gidatutako tropa nafarra Logroñoraino iritsi zen.

Azken gudua Getzen jokatu zen, Noain eta Iruñea artean. Armada inperiala 30.000 lagunek baino gehiagok osatua zen. Gaztelako komuneroen gerrako presoak lehen lerroan jarri zituzten; nobleak, berriz, atzeraguardian, beren konfiantzazko osteekin. Inork atzera egiteko tentazioa izanez gero, ezpataz mozten zioten lepoa.

Nafarrak, ordea, 8.000 inguru besterik ez ziren zelaian. Hala ere, aurre egitea erabaki zuten, edo halabeharrez aurre egin zieten, “Frantziatik” zetozen balizko errefortzuei itxaron gabe.

Zer gertatu zen batailan?

Gudua luzea eta odoltsua izan zen. Nafarrek, amore eman zutenean, 5.000 hildako baino gehiago zituzten, eta André Foixkoa harrapatua izan zen.

Porrot egin eta gero, hauek lortu zuten ihes egitea, besteak beste: Mikel Xabierkoak (Frantzisko Xabierkoaren anaia), Arnault Agramondekoak, Cousseranseko gotzainak, Fadrike Nafarroakoak eta Remiro Goñik.

Nafarroa Beherean eta Lapurdin, armada txikiago bat berrantolatu zuten, eta Baztan-Bidasoko ibarrak, Amaiurko gaztelua eta Hondarribia berreskuratu zituzten. Erreinu subirano eta independente baten azken hasperenak ziren.

Haiek espero ez bazuten ere, hasperenka baina bizirik jarraitzen dugu herri honetan; gaurko testuinguruan, independentzia berreskuratzeko arnasa hartzen.

Beñi Agirre

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .