Berrogeita hamar bat lagun bildu dira Senpere (Lapurdi) Larraldean ekainaren 19ko goizean. Eneko Bidegain hasi da independentziaren tabuaz ohartarazten: taktika elektorala nagusitu denez, epeldu da herriaren diskurtso politikoa, frantsesa edo espainola dena erakarri nahian, independentismoa tabu bilakatzeraino. Diagnosia beltza egiteak, berriz, ez du erran nahi etorkizunari begira pesimista denik.
Estrategia eta praktika askatzaileez mintzatu da: entziklopedia bat egiteko materiala dagoela azpimarratu du, betiere, proiektu nazionalak eraikiz. Horrela berreskuratuko dugula estatua. Horretarako, lehenik eta behin, ahoan bilorik gabe aipatu behar da independentzia, eta bigarrenik, independenteak izan behar gara ahal bezainbat arlotan, gune nazionalak eraikiz eta gure baitan sinetsiz.
Txalo zaparradak pasa dio txanda Asisko Urmenetari. Nazioartean estatu gisa onartuak izateko baldintzekin abiatu du solasa: herria eta lurraldea badauzkagu, haatik, gobernua falta da, momentuz. Eskalapoia eskuan, mendez mende euskaldunek jakin izan dute injustizia identifikatzen, inperialismoaren zirrikituetan eskalapoia noiz sartu asmatuz, sabotajea eginez. Horretarako, instituzio nazionalaren eraikuntzaren beharra azpimarratu du. Abantailaz ohartarazi du: preskribitu ez den delitua dela okupazioa, eta hori Nafarroa berriz martxan ezartzeko Jokerra da.
Goseak bide egin du eta Auzaskia egitasmoak bere burua aurkeztu du: praktikan eta teorian, elikadura burujabea du helburu. Horretarako, Euskal Herriko kalitatezko mozkinak salgai dauzka, herrialde guztietaraino helarazten dituztenak.
Urratsez urrats askatasunera! Pedagogia independentista hitzaldi zikloak Hernanin (Gipuzkoa) dauka bigarren hitzordua, datorren larunbatean, ekainaren 26an, eta azkena, Gasteizen, uztailaren 3an.