26 galdera mugaz bestalde dudan aberkideari

Ekaitz Bergaretxe, Haltsu. 

Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz beste aldeko biztanleak? Kausitzen al duzue abertzaletasunik, alegia, geurea den euskal aberriarekiko maitasunik, edota sentitzen al duzue iraganeko Baskonia zein Nafarroako Erresumaren oinordetzarik?

Ez al duzue askatasunarekin ametsik egiten? Eta independentziarekin? Edota manifa nazionalekin akordatzen al zarete inoiz? Nola Bilboko etorbide nagusiak dardaran jartzen ziren “Independentzia!”, “Amnistiarik gabe, bakerik ez!” eta bestelako leloekin?

Mugaz beste aldeko lurralde horietan, Guardia Zibilak ba al du laubururik bere ikurretan? Eta ikurrinik Intxaurrondoko bulego bateko horman? Bururatzen al zaio ikastola bateko jendeari Antena 3-ek ekoitzitako polizia telesail baterako bere haurren ikastetxea prestatzeko mentura, non gainera ikastola polizia nazional espainolaren komisaria izanen den? Eztabaidatuko lukete halakorik, gainera polizia horrek ikastolako guraso baten aurkako atxilotze agindua indarrean izango balu?

Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz beste aldeko biztanleak? Exotikoa al zaizue “Iparraldea”? Bidasoa igarotzean nora zoazte? Lapurdira? Frantziara? Real edo Athleticeko jokalariek kantatzen al dute Txoria txori? Eta ondotik edo aurretik Marcha Real-ik edo Cara al Sol-ik? Nafarroa Oinezeko edo Kilometroetako VIP gunera biltzen al da PP, UPN, PSN edo PSOEko ordezkaririk? Ba al dago VIP gunerik? Asturias, Kantabria, Aragoi eta Gaztelatik etortzen al da jendea ikastolen festetara?

Mugaz beste aldean, Euskadi Buru Batzarreko edo euskalgintza instituzionaleko jendeak “País Vasco de España” esaten al dio Hego Euskal Herriari, sikiera EAEri? Zuen elkarte nagusiak Espainiar dirulaguntzen morroi bilakatu al dira? Ba al dute, egiazki, beren norabidea aukeratzeko gaitasunik eta gogorik? Elkarte horietan Espainiar estatuak ba al du erabaki nagusiak baldintza ditzakeen nahitaezko ordezkaririk?

Asko al zarete “iparraldeko eredua”rekin liluraturik? Ba al dakizue argia eta iluna bereizten?

Mugaz beste aldeko aberkide zoriontsu hori, mugaz alde honetan gauzak ez dira hain ederrak, hain ereduzkoak, hain itxaropentsuak. Hemen jada edonork hartzen du abertzale etiketa, modan dago eta. “Abertzale” hitza esanahia galtzen ari zaigu joan den aspaldian. Euskaltzale ugari frantses sentitzen da, ez euskal herritar. Hemen jendeak ez du askatasunarekin ametsik egiten, eskumenekin baizik. Paristik etor dakiokeen ogi gogortu porroska batzuengatik lehiatzen dira.

Aviron Bayonnais errugbi taldeko jokalariek Txoria txori abestu zuten, bai, baina berdin-berdin eta hobeki kantatzen dute La Marseillaise frantses ereserkia.

Jendetsuak izateko, hemen “euskal” manifak sekulako “melting pot”-ak dira, alegiazko kontsentsuaren gorazarre, zaporerik gabeko leloekin (maiz frantsesez) eta frantses alderdi politiko nagusien ordezkaritzarekin (baina badaezpada hautetsi VIP horiek manifan ere VIP gunea dute; Herri Urratsen bezala, ez dira besteekin nahasten). Herri Urratsera etortzen da frantses anitz, “à la fête basque”, mozkortzera, giroa neurri batean frantsestera. Hemengo euskalgintza ofizialak eta EAJko buruzagiek “Pays basque de France” deitzen diote Ipar Euskal Herriari.

Hemen, elkarte nagusi gehienak (hezkuntzan , kulturgintzan, euskalgintzan,…) Frantziako Estatuaren edo haren erakunde “deszentralizatuen” diruaz bizi dira. Elkarte horietan, usu Frantziako Estatuaren ordezkariak dauzkagu erabakiguneetan, betoa ezartzeko gaitasunarekin; adibidez, zuzendari berri bat izendatzeko, prefetaren oniritzia behar du elkarte batek; hala diote haren estatutuek.

Mugaz alde honetako ikastola bateko administrazio kontseilukideek eztabaidara eraman dute, France 3 telebista kateak ekoitzitako polizia telesail baterako, ikastetxea eskura ezartzeko aukera, komisaria bezala erabiltzeko, ikastetxeko guraso bat estradizio mehatxupean zegoen unean. Hemen Baionako Jendarmeria (Guardia Zibilaren parekoa) nagusiaren egoitzan ikus daiteke militar armarria lauburuarekin! Beste Jendarmeria batzuetan ikurrina daukate bulegoko horma batean iltzaturik.

Iduri luke mugaz alde honetan gauzak ongi, goxoan, elkar aditzean, kontsentsuan… egiten direla. Asimilazioaren sintomak baizik ez dira. Gure kulturaren, hizkuntzaren, lurraren eta nortasunaren desjabetzearen sintoma liluragarriak besterik ez.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .