Ekaitz Bergaretxe, Haltsu.
Azken egunotan euskaltzale ugari loriatu da, Frantziako Legebiltzarrean euskararen aldeko “iraultza”, “garaipena”, “lorpena” edo “aurrerapauso” handia izan delakoan. Hala irakur daiteke euskal prentsa guztian.
Mamiari eutsi aitzin, erabiltzen den terminologiaz ohar bat. Euskal prentsak lurralde hizkuntza erabiltzen du; Frantziako Legebiltzarrak, ordea, langues régionales. Régional horrek frantses kultura politikoan pisu handia du, eta peioratiboa ez denean, frantses lurraldearen zatiketa administratiboa adierazten du, departamentuk bezala. Baina lurraldek euskaraz doinu goxoagoa izan dezake; menturaz, doinu “abertzalea”. Usaian, ordea, région eskualderekin itzultzen da (ikus Nola Erran hiztegia). Lurralde, berriz, territoire izan ohi da. Ene galdera hauxe da: zergatik egiten dute ordezkapen hori hedabide eta euskal eragileek? “Lortutakoari” itxura hobea emateko? Edo garrantzirik ematen ez diotelako? Baina hori izozmendiaren puntaren punta besterik ez da.
Hedabide gehienek ez dute agertzen lege proiektu horren izenburua: Proposition de loi relative à la protection patrimoniale des langues régionales et à leur promotion; alegia, eskualde hizkuntzen ondarea babesteari eta sustatzeari buruzko lege proposamena. Eskualdearena, laburki bada ere, jadanik aipatu dut. Mamia eta tranpa ondare hitzean daude.
Frantziak orain urte batzuk bere konstituzioan 75-1 artikulua sartu zuen, non “eskualde hizkuntzak Errepublikaren ondarea” direla adierazten zuen. Oraingoan, soilik goiburuarekin, hozka bat harago. Hozka batez gehiago frantsesten gaituzte, eta gu pozik (“milesker, bwana!”).
Aldarte baikorra erakustearren, esan dezagun lege proposamen horren artikulutxoek apika onura zenbait ekar diezaioketela euskarari (prentsan irakurriko dituzue). Gero ikusi beharko da, errealitatean, zer-nolako hertsapen eta oztopoak ezartzen dituzten.
Arriskua ikaragarria da, ordea: asimilazioa. Horren adierazgarri da lege horren eztabaidan frantses diputatu batek esandakoa: Frantziako “hizkuntza guztiek arbaso bera dute, baina indoeuroparra hedatuz joan da denboran zehar… 24 eskualde hizkuntza edo gutxiengo hizkuntza ditugu kontinentean eta itsasoz haraindiko lurretan, eta denak gure lurraldearen aberastasunaren lekukoak dira… Gure oinordetzaren zati handia dira, hizkuntz ondarea…”. Euskara “lagunduz” eta horrelako diskurtsoekin, euskaraz desjabetzen gaituzte, beren ondare bilakatzen dute egunero pixka bat gehiago. Eta beren ondarea delako dute “babesten”. Artean, Euskal Herria gero eta gutxiago aipatzen da, baita alderdi abertzaleen aldetik ere. Euskal Herria ezabatuz eta euskarari buruzko eztabaidak etsaiaren legebiltzarrean eginez, euskara gero eta frantsesago egiten dute, eta gu pozik (“esker mila, bwana!”).
Etxera sartu zaizkigu, indarrez. Gure etxean jada gutxiengoan gaude. Gure bizimodua aldatu digute. Euskaraz soilik etxeko xoko txiki batzuetan egiten uzten digute (borrokatu garelako). Itolarrian, etxola bat (ikastola, adibidez) egiten hasiak gara, legez kanpo, aspaldian etxe ondoko baratzean. Etxola polita bilakatzen hasi denean: “Et-et-et! Hori ez da haizu hemen egitea. Polita da, baina horrela ez duzue egin behar. Lagunduko zaituztegu zuen etxola hobetzen”. Eta etxolan ere manatzen hasi dira, eta gu pozik (“milesker, bwana!”). Baina, gure etxolak arrakasta zuela ikusirik, etxola antzekoak egiten hasi ziren (murgiltzea eskola publiko frantsesetan); noski, baliabide gehiagorekin. Eta guk beste etxolak eraikitzen lagundu ditugu gainera, guretik taulak eta teilak hartuz. Laster haien etxoletan hobeki sentituko gara, gurean baino. Eta gure etxea aspaldian ahantzia izanen dugu. Murgildu gara kanpoko etsaiaren etxoletan, eta bwana miresten dugu. Bwana nagusia baizik ez dugu ikusten. Murgiltze xenozentristan itoko gara.
“Txori txikia nintzelarik…”