*Joseba Aurkenerenak Zuzeun idatzitakoa erabiliko dugu argitalpen honetan.
Aspaldian, mendizaleagoa nintzen garaian, Gipuzkoako Ugarte herrixkako borda batean lo egin nuen. Borda hartan baginen neskez eta mutilez osaturiko lagun-talde bat. Gaua iristean norbera bere lozakuan sartu eta hor hasi ziren horietako batzuk kontu kontari, txisteak, ipuinak, gertakizunak… Ipuinetako batzuk penagarriak ziren, beldurgarriak besteak,… eta horrela ipuin eta kontakizunen artean gau iluna pasatzen ari ginen. Koadrila hartan bazen Maitere izeneko neska donostiarra, eta kontatzeko txanda iritsi zitzaionean, Altzateko Jaunaren legenda xarmangarria azaldu zigun.
Hura entzuten ari nintzela, nire belarriek gure arbaso zaharren garai urrunetara eraman ninduten, eta antzinako Euskal Herri hartan, jentil, basajaun, lamina eta sorginen mundu magikoarekin egin nuen topo. Dardarizo batek nire gorputz osoa astindu zuen. Han zeuden, kontakizun hartan, gure herriaren sustrai zaharrak. Kontakizunaren amaieran Xabier Letek Altzateko Jaunari eskainitako bertso ederrak kantatu zizkigun:
• Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera itzultzeko zai. / Gure izatearen / testigu zuzena, / makurtu gabeko / zuhaitz lerdena, / desertuko haizeak / legortu ez zuen lorea, / itsasoaren kolorea / hor zaude zu!
• Hamasei salbe, / hamalau kredo, / erderaz entzunagatik, / bazenekizun / hori ez zela / sekulan guretzat egin. / Urrezko dukate / eta dirua / ez dira engainu txarrak, / alde batera / apartatzeko / lehengo sinismen zaharrak.
• Merkatarien aldamenera, / amildegian, / goitik behera, /ohar gabean / eroriko gera, / baina guztiok / jakin dezagun / bidea nondik / dijoan. / Altzateko Jaun, / hor zaude zu!
• Bide batetik, / okertu gabe, / esan dezagun bertsoa, / ixil-ixilik / kanta ditzagun / euskaldunen sekretuak. / Herri zahar baten / oharpen haiek / nola ditugun galduak, / zenbat itxura / alda lezazke /eguna hil zuen / gauak.
• Bidasoaren / ezker-eskuin, / udaberrian / lore gorriak, / ixilitako / ur izkutuak. / Mendetan zehar / kantu lagunak / noizbait latinez lurperatuak, / laster berpiztu / behar duguna!
• Larrun gainean / sorginen dantzak, / nabaitzen ditut / arratsaldean; / lurrak badaki / kontu hoien berri. / Eta hor dago / ixil ixilik. / Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera / itzultzeko zai.
Hona hemen Altzateko Jaunari buruzko ipuinari Barojak emandako berdingabeko amaiera. Itzulpena nirea da.
Altzateko etxean, antzinako zeremonia batzuk ospatu dira, baina hauxe dena isiltasun handienean. Hildakoaren eskuan dukate bat jarri dute, gorpua etxetik atera dutenean zerraldoaz etxeko bazter guztiak jo dituzte, eta azkenean, etxeko erle eta gainerako abere guztiei etxeko jaunaren heriotzaren berri eman diete. Hainbat adiskidek Jentilen Harrira otoitz egitera joan nahi dute haien nagusi eta laguna izan denaren ohorez, lehengo sinismen zaharrek agintzen duten bezala.
Altzateko Jaunaren gorpua jadanik etxetik kanpo datza, eta orain apaizek zarata eta doinu handiz gori-gori kantatuz, eliza berriaren ondoan dagoen kristau hilerrira ehorztera daramate. Elizako ezkilek dilin-dalan, dilin-dalan… etengabeki jotzen dute.
Buka dezadan ene gogoeta hau, Pio Barojak Altzateko Jaunaren ahoan jartzen dituen hitzak hona ekarriz. Horretarako, Altzatekoaren eta euskaldunen arteko elkarrizketa eder batez baliatuko naiz.
– Euskaldunek: Ortzi, hemendik entzuten dugu zure ahots Gureganaino iristen da zure harrabotsa Zatoz, zatoz mendebaldeko lurralde hauetara! Utz ezazu gauerdiko eguzkiaren lurraldea! Dena hasiko da berriz, dena itzuliko da bere sustraietara! Zu ere, itzuliko zara!
– Ortzik: Agur, agur itsasaldeko Auñamendiak,, mendi eder eta argitsuak, haran epel eta berdeak! herrixka polit eta laztanak! Agur euskaldun zaharrak, agur neskatxa alai eta dantzariak! Basamortu izoztuetatik nire azken agurra igortzen dizuet, menturaz, nire azken agurra izanen dena. AGUR, AGUR, AGUR BETIKO, AGUR!!!