Larunbatean, urriak 3, “1620, Nafarroako lo(r)aldia” egitaraua abiatuko da Donapaleun, erakusketa eta jardunaldi batzuekin. Nabarralde fundazioak eta Zabalik eta Hernani Errotzen elkarteek antolatu dute, elkarlanean.
«1620an, duela 400 urte», diote antolatzaileek, «ziklo bat itxi zen: Nafarroako kulturaren garairik loriatsuena, aberatsena eta garaiena. Gogoratu beharreko data bat, dudarik gabe». Izan ere, urte hartan Frantziako Luis XIII.ak Paueko ediktu malapartatua eman zuen. Haren bitartez, Nafarroa Frantziako koroarekin bateratu zuen erregeak, «eta gure lurraldeak behin betiko galdu zuen subiranotasuna». Jardunaldien zuzendari Jean Louis Davanten ustez, «1620an harturiko ukaldia denok senditu behar duguna da».
Laburra izanagatik ere kulturaren arloan emankorrena izan omen zen 1620ra arteko garaia, eta garai oparo hura ahanzturatik atera nahi dute antolatzaileek.
Gertaera historiko horrek bi esanahi garrantzitsu ditu: alde batetik, Frantziak subiranotasuna kendu zion ia mila urtez Euskal Herria nazioarteko mapan kokatu zuen estatuaren azken zati libreari; bestetik, etapa berezi eta bikain bat amaitu zen: Nafarroako Errenazimendua (Shakespearek Nafarroak mundua liluratuko du esaldi ezaguna idatzi zuenekoa), «kulturaren, pentsamenduaren eta artearen arloan euskal gizarteari Europan izugarrizko distira eman ziona».
«Nafarroaren garai kultural gorena ezagutarazteko», hasteko, erakusketa ibiltari bat zabalduko dute, garai historiko horren informazioa, kronologiak, mapak eta bestelako materiala bilduko dituena diseinu erakargarri baten bitartez. Inauguratzeko ekitaldian, antzerki txiki bat emango dute, bisitariei aro interesgarri horren gakoak azalduko dizkiena.
Urriaren 3an, erakusketa zabaltzearekin bat, jardunaldiak izango dira, eta aditu andana mintzatuko da.
Lekuak mugatuak dira, eta beharrezkoa da izena aurrez ematea (www.nabarralde.eus)
1620, Nafarroako Lo(r)aldia
Urriaren 3an, Donapaleuko Chemins-Bideak espazioan
Egitaraua
09:00-09:30. Harrera
09:30-10:00. Jardunaldiko zuzendariaren hitza (Jean Louis Davant)
10:00-10:45. 1620. Paueko Ediktua. Garaia. Erregea. Nafarroako Erresuma (Alvaro Adot)
10:45-11:15. 1620. Paueko Ediktua. Gaurko ikuspegia eta balorazioa (Luis M. Martinez Garate)
11:15-11:30. Atsedenaldia
11:30-12:00. Nafarroa Behereko erresuma. Lau erreginen loraldia (Amaia Nausia)
12:00-12:15. Bideoa: 1620ko Ediktua Polverelen diskurtsoan (Xabier Irujo)
12:15-12:35. Ediktuaren inguruko erlijio, politiko eta kultur erronkak Biarno eta Nafarroan (1609-1640) (Thierry Issartel)
12:35-12:55. 1620ko urria. Luis XIII.a erregea Biarnora etortzearen ondorioak (Miqueu Joseph)
12:55-13:15. Paueko Ediktua. Gaurko Iparralde eta Nafarroa Behereko ikuspegia (Eneko Bidegain)
13:15-13:25. Euskara Errenazimenduan (Iñaki Luzuriaga)
13:25-13:30. Ondorioak (Jean Louis Davant)
14:00-15:30. Bazkaria
15:30-16:30. Erakusketaren inaugurazioa: Nafarroako Errenazimendua. El Renacimiento navarro. La Renaissance navarraise
16:30-17:30. Bisita gidatua Donapaleun gaindi
17:30-19:00. Antzerkia: Kale barroka (Asisko Urmeneta)
Izen-ematea
www.nabarralde.eus
Jardunaldia: 10 euro
Jardunaldia eta bazkaria: 25 euro