778. urteko agorrilaren 15ean, euskaldunek Karlomagno eta haren gudarostea garaitu zituzten Orreaga aldean. Ez zen izan nolanahiko garaipena. Haien akuiluak bi izan ziren: frankoek baskoien dukea hil eta Iruñeari su eman izana mendekatu nahia, batetik, eta independentziaren alde egitea, bestetik; baina, batez ere, independentziaren aldeko gudu bat izan zen, frankoen inperialismoa geldiaraztekoa. Europa osoko historia liburuetan, Erdi Aroko Europako batailarik garrantzitsuenetako bat da Orreagako lehen gudua.
Harrezkero, mende askoan, baskoi edo euskaldunok geure buruaren jabe izan ginen, erresistentzia gogorra egin geniolako godoen, musulmanen eta, batez ere, frankoen inperialismoari.
Euskal kantariek ere ez dute ahazteko orduko balentria hura. Hona hemen Jean Mixel Bedaxagarrek Auñamendi diskoan Orreagako lehen guduari buruz Mixel Arotzerekin batera grabatutako kanta eder bat.
Orreagako artzainak
(kantariak: Mixel Arotze eta Jean Mixel Bedaxagar)
Ügatz begi zorrotza zoin den eder hegaletan
hezür metak xuritzen direlarik harrartetan;
artzainen gogoa ere ürrüneko lürraldetan,
larrazkena heltü da aurten ere Ibañetan.
Joan da Karloman traidore handia, ezinbestean,
behin ta betikoz eüskaldünak gira orai bakean.
Heiagoren gainetik heltüra lotsagarria,
hasi zen Arroldanten deiadar etsigarria:
denek kanta dezagün oi egün miresgarria
aurten agorrilako Andere Dona Maria.
Joan da Karloman traidore handia, ezinbestean,
behin ta betiko eüskaldünak gira orai bakean.
Potere errabia ez da segür oraikoa,
gizonak nahi lüke beretü mündü osoa;
enperadore gisa hi beihintzan halakoa
ingoitik egotx ezak hitan den erraigaixtoa.
Entzun zak, Karloman madarikatüa, etxerakoan,
orai eta gero eüskaldünen lürra bego bakean.