Hiru dozena lagun abiatu dira oinez Biriatuko Lizarlan baserritik behera, Endarlatsako zubirantz. Bide hori hamaika jenderen eta pusken pasagune suertatu da aspaldiko denboretatik, inperioek gure herri hau hemendik bertatik bitan urratzea erabakiz gero batez ere. Bazterrok militarizatu zituzten; ekonomia nazionala kontrabando bilakatu zen, eta mugikortasuna, mugalaritza.
Bidasoko bazterrean zehar egin du aurrera ibiltari taldeak, eta Ikapide baserriaren hondarren kantoitik aitzinera segitu du, oihanpean gaindi. Florentino Goikoetxeak eta Comèt sareko haren kideek makina bat iheslari lagundu zuten bide horrexetan (ingeles pilotu, frantses erresistente, espainiar antifrankista) askatasunera buruz. Euskaldunok mundu guztia salbatu… Euskal Herria salbu.
Arbola bati estekaturiko sokak markatzen du beheranzko bidea, eta horri lotu zaio ibiltari multzoa. Oihantto horretatik ageri da, hor behean, ugalde bazterreko harritza zuria, eta gainean hedaturik, bandera gorria.
Ibaiaren beste bazterretik, berriz, beste bi dozena lagun heldu dira lehentxeago, Santa Kruz apaizak hantxe garbitu zituen karabineroen gorazarretan inperioetako batek paratu harria gibelean utzirik.
Haiek dute zabaldu bandera gorri handia harritza zuriaren gainean, baita pankarta batzuk ere.
Eta han elkarretaratu dira guztiak, ibaiaren alde batetik jinak eta beste aldetik jinak, baina nor dira lagun horiek guztiak?, zer ari dira hor?
Halako batean, ixiltasun handi bat egin da, eta haietako bat mintzatzen hasi zaie besteei:
“Jakinekoa eta agerikoa da Afrikako muga politikoak kolonialistek marraztuak direla, erregelak hartu eta lerro zuzen zentzugabeak eginez. Bada, gisa berean marraztu zizkiguten mugak Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa Garaia elkartzen diren toki honetan ere: Endarlatsan. Aski duzue Googlen sartzea eta Endarlatsa bilatzea; han ikusiko duzue”.
Nabarmendu du denboraren indarrez euskaldun batzuk ohitu egin direla eta arrotzen antolakundeak onetsi dituztela. Alta, herri honetan beti izan dela erresistentziaren garra pizturik garai guztietan, eta orain gure aldia dela.
Ondoren, kantariei utzi die lekua. Hala, Hazparne aldeko kantari eta musikari bat Jose Mendiagaren Euskaldun guziak bat bertso sortatik zenbait bertso kantatzen hasi da, maisuki, ahots hutsez. Oilo-ipurdia jarri zaio bati baino gehiagori. Bertso sorta zirraragarria da inondik ere, azalean tatuatzeko modukoa. Hona hemen bertso horietako bat:
Asko presunek erranen dute burutik joana naizela,
Ilusionez betea kantuz ari naizelakotz hola,
Bainan ez bada ur bilakatzen Euskaldunaren odola,
Elgarri fidel egon gaitezen, jinen da gure denbora.
Segidan, kantari berak eta Hazparne aldeko beste batek Maldición de Malinche erdarazko kanta eta Manex Pagolaren Ez da berria neure kantua eman dituzte. Oilo-ipurdia berriz ere. Hiru kanta, beraz, zein baino zein mamitsuagoa edukiz, doinu ederrez jantzirik.
Gero, Lapurdiko neska gazte batek hartu du hitza: “Euskararen herriak aspaldi osatu zuen bere Konstituzioa, eta behin eta berriz berretsi. Erresuma subiranoa eman zion nehoiz herri libre horrek bere buruari; bertzela errateko, oraiko egunean estatu bat dena. Euskaldunon erresuma libre horrek hainbat mende iraun zuen, eta orain ere, gisa batera edo bertzera, bertze jantzi batekin segurki, zutik zatekeen, baldin eta Gaztelak eta Frantziak beren politika espantsionista eta inperialistari arrasta ezarri izan baliote eta indarrez eta nazioarteko lege guziak urratuz menderatu eta suntsitu ez balute. Harrezkero, herri hau heriotzaren korridorean sarturik daukate”.
“Baina euskararen herriak”, segitu du gazteak, “ez dio nehoiz uko egin askatasunari, eta bertzeak bertze 1200., 1512. eta 1620. urteetan Espainiak eta Frantziak eginiko krimenek ez dute preskribatu. Beraz, orduan bezala, orain ere, Frantzia eta Espainia eta haien arkitektura politiko guzia legez kanpokoak dira hemen. Inperialismoa oraino ere delitua da, leku guztietan”.
“Egun eta uztailaren 12an”, gaineratu du, “bozkak egitekoak dira Euskal Herrian, eta, haiek hemen antolatzen dituzten hauteskunde guziak bezala, bozka horiek ere legez kanpokoak dira. Hemen bizi den edozeinek ongi gogoan izan beharko luke hori, baldin eta pentsatzen badu Euskal Herria ez dela ez Frantzia eta ez Espainia. Izan ere, hauteskunde horietan botoa emanez, boz horiek eta Euskal Herriaren okupazioa eta zapalkuntza legitimatu eta zuritu bertzerik ez du eginen. Horregatik erraten digute zapaltzaileek inportanteena parte hartzea dela. Izan ere, denik eta boto beltzenak ere legitimatu egiten du zapalkuntza atergabe hau”.
Gaztearen aburuz, kontrako bidea da euskaldunak egin beharrekoa, independentziaren aldeko ariketa masiboa: “boz bat bera ere ez”.
“Ikusi bertzerik ez dago”, segitu du, “bozak antolatzen hasi zirenetik honat zenbat nahasi duten eta erdaldundu den herri hau. Aitzinak erakusten du gibela nola dantzatu, eta, behin honezkero, garbi geratu da alferrik izan dela inperialista espainol eta frantsesek antolaturiko hauteskundeen bide antzuan tematzea”.
Orain bozetan parte hartzea heriotzaren korridorean urratsak aitzinka egitea bezala dela esan du, baina korridorearen bukaeran ez dela askatasunaren argirik, “azken hatsa baizik”. Eta honela bukatu du hitzaldia: “Euskararen herria askatu eta etorkizunean bizirik ikusi nahi duen orok aukera bikaina du egun eta hemen independentziaren aldeko ariketa ezin hobea egiteko. Horretaz izendatu dugu gaurko hau Duintasunaren Eguna. Halaber, dei egiten dugu uztailaren 12an eginen diren boz arrotz horietan parte hartzeari uko egitera eta boikot egitera”.
Azkenik, Bilbo aldeko biolinista batek lagunduta, euskal erresistentziaren aldeko bertso bat kantatu dute Euskal Herriko bazter orotatik etorri euskaldun horiek guztiek batera, eta berretsi dute hilaren 12an berriz elkartuko direla, Intzura Handian orduan, beste Duintasunaren Egun bat igarotzeko.
Maitere Erbiti eta Saioa Erbiti.