Pako Aristi
Gau osoa ohean bueltaka eman dut, burutik kendu ezinik Villarroya komisarioaren azken txostenean irakurritakoa. Halako filtrazioek ez dute huts egiten; handik edo hemendik, beti agertzen da Euskal Herria, edo Euskadi, edo Vascongadas. Azken grabazioa egun gutxitakoa da, eta bertan bi alderdi espainolistek Euskal Herrian dituzten buruzagien elkarrizketa ageri da: Gorka Semperena eta Irune Zelaia. Kafetegi batean daude, baina garbi entzuten zaio Iruneri esaten:
-Bazoaz orduan, Gorka, pena da, gauzak zurekin garbi zeuden. Batzuetan haserre itxurak egin eta listo. Ederki engainatzen genituen denak. Euskaldun hauek!
-Nik uste baino errazagoa izan da Espainiaren agintea eta presentzia mantentzea, botoetan justu samar ibili arren, ez dago legedia eta propaganda zerbitzuak eskura edukitzea bezalakorik. Zuek ere leial eusten diozu gure hitzarmen zaharrari!
-Entzungo bagintuzte. Dena Espainiagatik!
-Ezer ez Espainiaren aurka! Ni harritu naiz, egia esan, euskaldunak zein erraz engainatzen ditugun, zarata piska bat atera, bizpahiru helegite jarri, eta euren artean mokoka hasten dira. Zuen sator lana ere paregabea da.
-Asko ikasten da hor barruan, batez ere zure sozio eta era bereko etsaien tenplea norainokoa den, jakingo bazenu zein gutxirekin jartzen zaizkien hankak dardarka!
-Euskaldunek izan dituzte ba independentzia lortzeko baldintzak, ene! Baina ez dira konturatzen! Franko hil zenean, legitimazio guztia zeukaten Europaren aurrean, munduaren aurrean, eta zer, eta estatutu zimel batekin konformatu ziren, Agirrek ejerzito bat eduki zuenean, moneta propioa, pasaporte propioak!
-Eta 1990tik aurrera, Soviet Batasuneko lurralde guzti haiek independentzia aldarrikatu eta ezarri zutenean, eta Yugoslaviakoak, zenbat estatu berri bi urtean, eta euskaldunak nora begira zeuden? (Hemen barreak entzuten dira, eta topa egiten dute).
-Eta 2008ko krisi ekonomikoa hasi zenean, eta Zapaterok, derrigortuta ere, murrizketa basati haiek ezarri zituenean, dardarez egon ginen autonomiarik aberatsenak errebelatuko ote ziren, batez ere bi: Euskadi eta Katalunia.
-Euskadin egon ziren ideia horiek, Espainia hondora zihoan barkua zela eta handik ihes egin behar zela…
-Aski izan zen ondo bizi direnei irabaziak ugaritzea, presio fiskala jaistea, eta ederki isilarazi zituzten zurrumurruak euren hedabideetan, pobreek hilaren amaiera nola heldu pentsatzen zuten bitartean!
-Hain erraza egiten zait dena, ezin dudala sinetsi. Aukera, politiko eta estrategiko horiei ihes egiten uztea! Eta gehiago ere izan dira!
-Tira, topa berriro, zugatik, Gorka! Faltan botako zaitut!
-Zugatik! Zainduko zaituztet urrutira! Eta segi antzezpenarekin, politikan indarra edukitzea adina balio du eta indarra daukazula antzeztea!
Gau osoa bueltaka eman dut, amesgaizto bat izan da. Krudela izan da, baina ez itxaropena galtzeko adinakoa; euskaldunok, noizbait ere, aukera politikoei antzematen eta estrategiak martxan jarri eta bukaeraraino eramaten ikasiko ote dugulakoan. Pozik jaiki naiz gosaltzera; amesgaizto bat besterik ez da izan, beste asko bezalakoa.