“Zapalduok behar dugun pedagogia, zapaltzaileek guretzat diseinatutakoaz oso bestelakoa delako. Askatuko bagara, behinik behin”

Asko eztabaidatzen da aspaldian ikastolen izaera (ustez) pribatuaz, baita Espainiako eskola publikoaren (ustezko) euskalduntasunaz ere. Baina ezer gutxi entzuten dugu gure haurrei “gure” ikastetxeetan eskaintzen zaien horretaz eta hori eskaintzeko moduaz.

Zer pedagogia darabilgu gure haurrekin?

Menderaturiko herri bateko kide diren neurrian, hezkuntzak ematen al die horren berri? Egoerari aurre egiten lagunduko dien tresnarik jasotzen al dute?

Askatasuna vs baldintzamendua. Ba al dakigu bi kontzeptuen arteko mugak bereizten? Gai ote gara bien arteko oreka osasuntsu bat topatzeko?

Zeintzuk dira gure haurrak libre hazi eta bizitzeko gakoak? Zeintzuk euskal komunitatean sano txertatzeko gutxieneko jakintza eta gaitasunak?

Galdera horiei heldu nahiko genieke, eta ahal dela erantzun egokiak jaso. Asmo horretan antolatu dugu gaurkoan iragartzera gatozen hitzaldi sorta. Ane Ablanedorengana jo dugu berriz ere, eta harientzuteko hiru aukeraren berri eman nahiko genuke.

Iruñean, Donostian eta Bilbon izango dira hitzaldiak, “Zapalduaren pedagogia” izenburupean.

Iruñean, Kondestablearen jauregian izango da, urtarrilaren 21ean, 19:00etan.
Donostian, Koldo Mitxelena liburutegian izango da hitzaldia, urtarrilaren 28an, 19:00etan.
Eta, Bilbon, Kafe Antzokian izango da, otsailaren 26an, 19:00etan hori ere.

Lehen hitzaldiko kartela atxikitzen dugu jarraian, baita hitzaldirako Ablanedok berak prestaturiko testutxo bat ere.

Askatasuna da bizitza duin baterako baldintza, edo kalitatezko bizimoduaren ezinbesteko kualitatea. Askatasunak bizitzan jokatzen duen garrantzia hain da erabatekoa, non eztabaidaezina gertatzen baita haurrei ere askatasuna dagokiela. Hazteko, bizitzeko, garatzeko. Berena baino ez den bizitza horren autore bilakatzeko. Beren buruaren jabe bakar izateko.

Askatasunaren eta baldintzamenduaren arteko dialektika ez da beti, dena dela, kontu erraza. Egia da helduok gure jardunari kendu egin behar diogula haurren bizitza bideratzeko eta baldintzatzeko dugun gehiegizko borondatea eta inertzia hori. Baina askatasuna ez da bakarrik eragin nahi ez izatea, egiturazkoak diren askatasun-urraketak non diren erakustea ere galdegiten baitu askatasun-printzipioen araberakoa izan nahi duen heziketa eta bizitza batek. Errealitateak ez direlako inoiz neutroak, baliorik gabeak, orbangabeak edo inozenteak. Eta zer esanik ez gurea bezalako herrietan; izatea hain modu sakonean baina kamuflatuan ukatua duten horietan, alegia.

Hitzaldian zehar, haurrek benetan libre hazteko eta bizitzeko behar dituzten klabeez mintzatuko gara, askatasunaren printzipioez, euskal komunitatean sano txertatzeko beharrezkoak diren jakintza eta gaitasunez, euskal hezitzaile gisa horretan ditugun funtzioez eta ardurez. Hizkuntza eta kulturaren aferaz. Heziketan modu batean ala bestean dabilen orori izan dakioke interesekoa, izan guraso, hezitzaile, irakasle, bidelagun, edo, besterik gabe, gure komunitateko heldu.

Hezkuntza ardatz harturik egin genion elkarrizketa hau ere egokia izan daiteke hitzaldiaren nondik norakoak zeintzuk izan daitezkeen sumatzeko.

Mesedez, lagundu hitzaldiaren berri zabaltzen. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ondo izan!

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .