Donostiako lagun talde bat gara, eta, Iñigo Larramendik aurreko batean jarritako puntuari helduz edo (hobeto esanda) haren idatziaren osagarri, zuen webgunean honako hauek plazaratzea nahiko genuke, asko eskatzea ez bada.
TROIAKO ZALDI ERABATEKOA
ETB ikusteko telebista pizten dugun aldiro, Espainiak isilarazitako Egin egunkariaz Juan Mari Atutxa Herrizaingoko sailburu izandakoak botatako esaldi bat etortzen zaigu gogora, EITBri egokituta: egunero-egunero, bonba bat lehertzen da Euskal Herriaren bihotz-bihotzean. Zergatik ote?
Ia programazio guztia dago espainolismoaren ikuspegiaz kutsatua ETBn: albistegiak, solasaldiak (eta solaskide guztiak!), kirol-emankizunak, lehiaketak, dokumentalak… Espainiako Estatua da erreferentzia eta neurria, denik eta kontu xumeenean ere. Honelakoak behin baino gehiagotan entzungo dituzue albistegietan: “Halako musika-taldeak estatuan emango duen kontzertu bakarra izango da BECekoa”. “Estatua” diotenean Espainiakoaz ari dira, gurea balitz bezala, eta ez dakigu Euskal Herrian beste kontzerturik emango duen dena delako musika-taldeak. Adibide bat baino ez da.
Errealitatea espainolen betaurrekoekin ikustera behartzen gaitu, Tú al norte y yo al sur programaren izenburuak bere garaian argi eta garbi salatu zuen moduan.
Hurrena, Greta Thunberg Madrilera “etorri” dela entzungo duzu. Alegia, Madril hemen da.
Orain berri, Antton Telleriari entzun diogu Xabier Amurizari xalo-xalo esaten, bestela bezala, Gure kasa programan: “Demokrazia iritsi eta Juan Carlos I.ak bisita egin zigun euskaldunoi 1981eko otsailaren 4an”. Alegia, ez badakizue, demokrazian bizi gara Espainiaren menpeko euskaldunok ere! Txalo bero bat, Telleria.
Roxette musika-taldeko kantari Marie Fredrikssonen hil-berria ETB1 katean ematean: “Taldeak egundoko arrakasta izan zuen, eta gaztelaniaz ere grabatu zituen bere kantu arrakastatsuak”. Zer dela-eta azaldu euskaldunoi Roxettek espainieraz ere grabatu zuela? Jakina, espainiera gurea da. Espainiak kolonizatutako burmuinei bakarrik bururatuko litzaieke hori aipatzea.
Pozoi horren adibideak hamaika dira egunero, eta euskaraz. Euskaraz ere euskararen eta Euskal Herriaren kontra egin daitekeelako froga argia da gaur-gaurkoz EITB. Recep Tayyip Erdogan presidentea ere ibili zen Turkian kurduerazko telebista bat sortu ez sortu: EITBren moduko zerbait sortzea izango zuen buruan, noski. Ez dakigu zertan den kontua.
Estatistikak ere nola ematen ditu? Espainiatik etortzen diren etorkinek aspaldi utzi zioten etorkin izateari EITBrentzat. Orain, Afrikatik, Amerikatik, Asiatik eta Europako Ekialdetik etortzen direnak bakarrik omen dira etorkin. Euskal Herrira etortzen diren turisten artean ere, “atzerrikoak eta [Espainiako] estatukoak” bereizten ditu, espainolak atzerritarrak izango ez balira bezala.
Euskaraz filmak ematea noiz debekatu zion bere buruari? Itzulpen eta bikoizketa egokiek edozein hizkuntzari ekartzen dioten onurarik ez euskararentzat eta euskal zinemazaleen belarrientzat. Bitartean, programa askotako euskara ezin pobreagoarekin etsi behar dugu. Espainieraz, berriz, nahi beste film. Hori bai, ez zaie bururatzen erdarazko film horiei euskaraz azpitituluak jartzea (zertarako!?, pentsatuko dute). Euskararen eta erdararen arteko desorekak ere aspaldi salatu zuen etxe hori gobernatzen dutenen borondatea eta erdaltzaletasuna. Euskararentzat, betelana eta errepikapenak; erdararentzat, berriz, dirua barra-barra. ETBren arduradunen jokabidea ikusita, goxoak daude bikoizle euskaldunak. Bikoizle erdaldunek, berriz, egundoko pagotxa daukate harekin.
Zer esan ETB2 kateaz? Halako munstro espainolik! Eta euskalduntze berantiarraren teoriaz? Hor ere Euskal Herriaren kontrako beste fronte bat dauka zabalduta. Aspaldi baztertutako teoria hori lau haizetara zabaltzen tematu da, telepredikatzaile baten eskutik, eta arrakasta izaten ari da (arrakasta, jakina, endreda-makilen ikuspegitik ikusita).
Maite Iturbe andrea, Gernikako estatutuko zer artikulutan jartzen du hain espainol jokatu behar duzuela?
Inoiz azterketa serio bat egiten bada, agerian geratuko da EITBk erdaldunak euskaldundu baino euskaldunak erdaldundu dituela gehiago, erdara eta espainolen mundu-ikuskera Euskal Herriko azken txokoraino eramanez.
Euskararen kalitateari dagokionez, utzikeria handia sumatzen dugu (sentitzen dugu, Larrinaga jauna, baina hala iruditzen zaigu guri eta beste askori): edozein zirrikitutatik sartzen da sasieuskara. Atal berezi bat merezi du kontuak, eta beste baterako utziko dugu, ez garrantzi gutxiago daukalako, alderantziz baizik: berebiziko garrantzia dauka, baina luzeegi joko luke, orain iritzi-artikulu honetan horretaz hasiko bagina.
ETB ez da bere izenaren jabe. Izena eta izana ez datoz bat. Alegia, Euskal Telebista ez da euskal telebista, Troiako zaldi bat baizik (beste bat, egiari zor; hainbeste dauzkagu herri honetan), herri zahar hau egunero kate berriz bere zapaltzaileekin lotzen duena.
Zaila bada ere, ez genuke asaldatu behar. Izan ere, errua gurea da, gurea uste izan dugulako etxe hori, baina ez da, eta kukuak oker jo digu. Hortxe dago koska: Jaurlaritzaren menpeko erakunde bat da, eta Jaurlaritza, berriz, Espainiako Estatuaren adar bat. Nekez etor daiteke hortik herri honek behar duen telebista. Jakina, tarteka goxokiren bat edo beste eman behar digu gurea dela sinetsarazteko. Saia gintezke telebista espainol hori hobetzen (helburu zintzoa da eta zerbait lor daiteke), baina ez ote da eraginkorragoa garbi azaltzea telebista hori ez dela “gure”, eta gurea (ez beste bat) sortu behar dugula? Indarrak gurea sortzen jarriko bagenitu, EITBn agintzen dutenek beren burua beharturik ikusiko lukete EITB hobetzera. Eta, agian, berandu iritsiko lirateke. Ederra, hala balitz! Alegia, kontraesana badirudi ere, EITB euskalduntzeko erarik onena EITBz ahaztu eta gurea sortzea litzatekeela.
Euskal Herriak behar duen telebista lortuko badugu, Espainiaren eta Frantziaren sistemetatik kanpo sortu beharko dugu ezinbestean. EITBrekin jai dago.
Mikel Amilibia eta beste zazpi sinatzaile
(Donostia)
Telebista (Daniel Landart / Errobi)
Gaurko mendeak eskaini digu
gauza bat zinez polita
polita eta goxoa eta
ozena bezain galanta
zuri begira pasatzen dugu
zenbait eta zenbait bulta
gure etxean sartzen baituzu
arras maite dugun besta.
Agur beraz zuri
agur telebista
tanti ruri ruri, tanti ruri rura
agur telebista
profeten profeta.
Dena kolore, lilura, kantu,
ministroak usu mintzo
bai eta ere jaun presidenta
su ondoan kokoriko.
Horiek denak oso abilki
heldu dira egunero.
Gauza hoberik ezin zen asma
euskaldunen frantsesteko.
Agur beraz zuri
agur telebista
tanti ruri ruri, tanti ruri rura
agur telebista
gezurtari adreta.
Munduko berri hara-hunatak
kirola eta besteak
haundi-haundien faltsukeriaz
dirade bete-beteak.
Jaun aberatsak baitira egun
telebistaren jabeak
jabeak eta populuaren
lokararazle trebeak.
Agur beraz zuri
agur telebista
tanti ruri ruri, tanti ruri rura
agur telebista
gu guzien, gu guzien
izorratzaile galanta.
Telebista, telebista.