ETB, ESPAÑA TELEBISTA

Badira bizitzan milaka azalpen baino argigarriagoak suertatzen diren pasadizoak eta adibideak. Garunean oraindik Urtzi Urkizuk Berrian egindako gogoetak fresko geneuzkalarik, iragan azaroaren 25ean ETB2ko Yo sé más que tú lehiaketan hauxe galdetu zuten: “Zein batailatatik eskuratu zituen Nafarroak bere armarriaren kateak?”… “Navas de Tolosa?”… “Bai, erantzun zuzena”.

Argudioetan gehiegi luzatu gabe, gerora Nafarroako armarria izango zenaren lehenengo irudikapenak 1212ko Navas de Tolosako batailaren aurrekoak dira, eta kateak armarriarekin lotzen dituen lehenengo aipamena Vianako printzearen Kronikakoa da (“é conquistó las cadenas por armas, é asentólas sobre las ariestas con un punto de sinople” ), 1454an: bataila gertatu eta bi mende eta erdira, beraz. Kateen erabilera dekorazio arloan ez zen, aldiz, XVI. mendearen amaierara arte nagusitu, behin Nafarroa Garaiko gaztelar konkista gauzatu eta gero. Gehiago sakondu nahi duenak bilatu dezala Ambrosio Huiciren Estudio sobre la campaña de las Navas de Tolosa liburuan nahiz Faustino Menéndez Pidal de Navascués eta Tomás Urzainkiren lanetan, edo, are errazagoa, Mikel Burguiren blog bikainean.

Finean, mito batez ari gara. Hain zuzen ere, “Errekonkista”ren kontakizuna Espainian egonkortzen zen heinean Nafarroa kontakizun horretan txertatzen zuen mitoaz. Hasiera batean, ziur aski, helburu erlijiosoa izango zuen mitoak, baina, denboraren poderioz, katolizismoa eta espainiar abertzaletasuna elkarri lotu ahala, espainiar mito nazionala bilakatu zen.

Errua edo bitxikeria hutsa eman dezake halako kontuak. Baina deigarria da, aspaldi honetan telebista honetantxe mitoak haustera gogotsu omen datozen saio batzuk ikusten ditugunean… baina zein mito? Hor dago koska… Ez ditugu hor behin ere eztabaidagai ikusi borondatezko ematea, paktismoa, lurralde historikoak, gaurko ustezko foraltasuna eta halako mitoak, besteak beste. Ziurrenik, hori ez letorke bat “Euskadiko Oasi” edo “nazio foralarekin”…

Euskal-nafar mitoak eta kontzeptuak kolokan jartzen dira inongo zalantzarik gabe, baina ez da gauza bera egiten espainiar nahiz basko-espainiar mitoekin. Haren mito, historia eta kontzeptuak gutxiestea eta txikitzea da herri bat akabatzeko ezinbesteko tresna, inperio zapaltzailearen kontzeptuak –“mikroespainolismoak”, alegia– txintxo-txintxo onartzen diren bitartean (gauza bera aplikatu dakioke Frantziari…).

Gero eta euskaldun gehiago ohartzen ari gara nola, tamalez, lagun askoren sakrifizioz eta lan mardulaz, euskal nortasuna berpizteko eta indartzeko eraiki ziren erakunde asko gaur kontrako helbururako tresna bihurtu diren. Non gelditu da “eraikuntza nazionalaren” kontzeptua? Ez dut jada inon entzuten… “Deseraikuntza nazionalean” al gaude? Ez da harritzekoa, orduan, egunero “miles de vascos y vascas acuden a Iparralde” bezalako harribitxi mingarriak entzutea…

Penaz diot, baina zaila egiten zait halako telebista bati “Euskal Telebista” deitzea… “España Telebista” zuzenagoa delakoan nago.

IÑIGO LARRAMENDI

Gasteiz.

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .