Bederatzi hamarkada pasatxo dituen emakumea amorratu egiten da hizketan ari dela hitz arrunt bat ateratzen ez zaionean, badakielako hori hainbeste urte bete izanaren ondorioetako bat dela. Harritzekoa da, ordea, zein erraz egiten dituen buruz kalkulu matematikoak. Guztiz euskalduna zen herri batean sortutakoak, familian eta lagunartean euskara besterik erabiltzen ez zuenak, nahikoa izan zuen 12 urtera arte eskolara joatea irakurri, idatzi eta oinarrizko eragiketa matematikoak oraindik espainieraz egiteko; hala ikasi zituen, ongi ikasi ere! Pezeten garaian durotan hitz egiten zuena ez baita gai jarduera horiek azkartasun berean euskaraz egiteko. Aho hizkuntza aberatsekoa eta irakasbide bortitzak sufrituz espainieraz alfabetatua dugu amona.
Alabak, bere amak ez bezala, ikasketak euskaraz egiteko aukera izan zuen ikastolan, eta bertan, euskal kulturaren transmisioarekin batera, zigorrik gabe ikasi zuen espainiera, elebidun bihurtu zen. Ikasketetan aurrera egiteko, beharrezkoa zuen aukeratu ez zuen bigarren hizkuntza hori ikastea, betiere inposaketa bat zela jakitun. Ikasle garaian oasi batean bezala bizi izan zen bere inguru euskaldunean.
Bilobarentzat, oasirik ez. Herrian eta ikastolan euskal hiztun gutxiago zeudenez, konturatu ere egin gabe, naturala balitz bezala ikasi zuen bigarren hizkuntza. Bi urterekin “askatame!” esaten hasi, eta jarraian etorri ziren gainontzeko guztiak.
Mende bateko hiru belaunaldi, milaka biktima, herri oso bat. Metodo bortitzak erabiltzetik metodo leun, atsegin, erakargarriak… erabiltzera pasa dira, elebitasunaren aitzakian, beti helburu bera izan dutenak. Azken finean, euskara ahultzen joan eta, larriago dena, euskal identitate nazionala disolbatzea, baina gozo-gozo, garai bateko erresistentzia loaraziz. Hori kasurik onenean, hainbat lekutan errotik desagerrarazi zutelako; hain zuzen ere, euskara hizkuntza ofiziala ez den lurraldeetan.
Nazio Batuen Erakundeak sei hizkuntza omen ditu ofizialtzat: frantsesa, ingelesa, txinera, errusiera, arabiera eta espainiera. Historian zehar beste herriekin izan duten edo egun oraindik duten harreman menperatzailearen ondorio ez ote da izango? Zoritxarrez, hizkuntza horietako bi dira gure herrian agintzen dutenen hizkuntzak.
Nazioarteko eta bertako makina bat hizkuntzalari aritu dira euskararen jatorria eta abar ikertzen, eta altxortzat jo dute askotan, Europako hizkuntzarik zaharrena delakoan. Era berean, jakiten dugu besteak beste Bolonia, Birmingham eta Tokioko unibertsitateetan euskara irakasten dela, baina ezer gutxi balio dezake horrek guztiak, euskarak Euskal Herrian behar lukeen tokia ez badu eta ezagutu gabe ere berdin-berdin bizi bagaitezke. Euskararen egoera Euskal Herriko egoera politikoaren ondorio bada, hartu beharreko neurriak ere politikoak izan beharko lirateke. Herri menderatuak egin dezakeen hizkuntza politika inoiz ez da nahikoa izango; beti egongo da menderatuen hizkuntza menderatzailearen hizkuntzaren morroi, ahaleginak eta bi eginda ere.
Aske den herriak ez dio bere hizkuntzari egutegiko egunik zertan eskaini, ez behintzat guk egiten dugun moduan. Herri independenteetan, menperatzaileek desagerrarazi ez badute, bertako hizkuntza da nagusia, hegemonikoa. Datorren abenduaren hiruan gogora gaitezen euskara bere herrian hizkuntza gutxitua izatera derrigortzen dutela Frantziak eta Espainiak, eta haietatik askatzea dela euskarak behar duen giltza, orduantxe egin ahal izango dugulako euskarak behar duen hizkuntza politika.
Jone Elizalde Lujanbio, irakaslea.