1789ko Iraultza handia gertakari erabakigarria izan da frantziarrentzat. Aldiz, ondorio larriak ukan zituen Iparraldeko euskaldunentzat, eta ezinbestekoa da ulertzea zertan datzan guretzat larritasun hura.
Ordu hartan, gobernu iraultzalariak ukatu zuen Euskal Herriaren existentzia bera; alegia, ukatu zuen bere hexagono santuan frantziarrenaz aparte beste nazio bat ere izan zitekeenik. Horrengatik, existentzia horren zantzu etniko eta ezaugarri politiko guziak errotik eta sistematikoki ateratzen eta suntsitzen ahalegindu zen. Nola? Gure hiru probintziak eta haien aspaldiko mugak ezabatuz, haien instituzio politiko tradizionalak suntsituz –batez ere, Lapurdikoak–, gure herri guzia Baiona eta Paue hirien menpekotasun politiko eta administratiboaren pean jarriz eta, araiz, frantses hizkuntza inposatuz euskararen kontra. Pentsa ezazue!, joan ziren gure herrien euskal izenak erdal izen irringarri batzuekin aldatzeraino: Donibane Lohizune Chauvin mondragon bataiatu zuten; Baigorri, Thermopiles; Uztaritze, Marat sur Nive…
Ordutik gure herriak eta gure nazioak ez dute errekonozitutako existentzia politikorik. Gure arbasoen kontra erabilitako biolentzia ez zen izan Iraultza barruan lastimazko gehiegikeria sinple bat, baizik eta Frantziako Errepublikak helburu politiko inperialista zehatz baten zerbitzuan gure herriaren kontra eramandako gerla bat. Eta erratea, batzuetan entzuten den bezala, ezin justifikatuzko egitate etnozida horiek beharrezkoak zirela “Argien Mendeko” ideia progresistak gurean sarrarazteko ez da iruzur inperialista huts bat baizik, guhaurek euskaldunok batzuetan inozoki sinesten duguna. Izan ere, Rousseau edo Diderot filosofoen ideiek, adibidez, ez eiki zuten armada inperialisten laguntza behar gure herrian sartzeko. Izan ere, ideia horiek gurean baino ezagutuagoak dira Ingalaterran, zeina sekula ez baitute inbaditu.
Gure alderako iraultza horren politikaren esanahi gordinaz jabetzen ez gareno, ez ditugu ulertuko Iparraldearen gaurko egoera politikoa eta gure politikari gehienen errua.