Orreagako gudua eta Nafarroako Erreinua, kondaira baino gehiago

Abuztuaren 15ean, uda beteko izerdia besapean, hemengo edo hango jaiak buruan, oporren zurrunbilo alaia sabelean, inor gutxik izaten dugu gai korapilatsuetan murgiltzeko guraria. Are gutxiago gatazkatsuak direnean, Orreagako guduaren tankerakoak.

Zertan ari ziren 778. urteko abuztuaren 15ean euskaldun haiek Ibañetako harkaitzen artean? Ez da hori, baina, galdera zuzena. Zertan ziharduten soldadu arrotz haiek Orreagan? Karlomagnoren gudarostea Zaragozaraino joana zen, frankoen inperioa Ebrorantz zabaltzeko asmoz, eta, handik bueltan, Iruñea erre eta suntsitu zuen. Horretan ziharduten soldadu haiek, eta horrexegatik, bueltan zihoazela, euskaldunek eraso egin zieten Orreagan, eta garaile atera ziren.

Euren lurraldea defendatzeko helburua eta betebeharra zeuzkaten baskoi haiek; horretarako indarra eta estrategia ere bai. Nor bazirela erakutsi zuten.

Handik urte gutxira, bertan –euskararen eremuan– errotuta bizi izan den herriak Iruñeko Erreinua sortu zuen, Eneko Aritza buru zuela.

Orreagako gertaera hori, zaharkitutzat, bazterrean utzi nahiko lukete askok, horma zaharretako huntzak irentsia. Berdin ahaztuak beste hainbeste zapalkuntza eta asimilazio ahalegin: zeltenak, iberiarrenak, erromatarrenak, frankoenak, bisigodoenak, gaztelarrenak, aragoiarrenak… eta oraindik ere pairatzen ditugunak.

Nolatan hainbeste menderatze ahalegin menderatua dagoenaren gainean? Hemengo lurraldean sustraitua auzokoei (izan erromatarrak, gaztelarrak, espainiarrak zein frantziarrak) men egin ez dien herri bat bizi delako, euskalduna, sekula uko egin ez diona bere askatasunari. Eta garaian garaiko erakundeak sortu izan ditugulako, izatez ez eze izenez eta legez ere, gure herria babesteko eta garatzeko, hala nola Baskoniako Dukerria, Iruñeko Erreinua edo, azkena, Nafarroako Erreinua.

Nafarroako Erreinuaren edo Nafarroako Erresumaren garapen gorena XII. mendean lortu zuten Gartzia V.a Ramirez Berrezarleak eta haren seme Antso VI.a Gartzea Jakitunak. Administrazio modernoa garatu zuen erresumak (bere garaiari gagozkiola, noski): erregeren gorteetan parte hartzen zuten jaun feudalak, lurraldearen defentsa sistema gotorra, hiribildu berrietara herritarrak erakartzeko foruak, juduen foruak…

Ba al dugu euskaldunok, ikuspuntu politikotik, Nafarroako Erresumaren parekorik egun? Ez al da, ba, Nafarroako Erresuma funtsean euskal herriaren estatua? Bazituen erakunde politikoak gainontzeko erakundeetatik –erlijiosoetatik, esaterako– bereiziak; pertsonez –errege-erreginez eta jauntxoez– gaindi zegoen botere sistema; botere formalizatua ere bazeukan (araudiak, gorteak), eta gorengo botere independentea osatzen zuen (inguruko erresumei baimenik eskatu behar ez ziena).

Botere egonkor, antolatu, instituzional eta ofizial horren bitartez egin zien aurre Nafarroako Erresumak auzoko gaztelarrei, aragoiarrei eta abarri. Horri esker iraun du bizirik euskaldunen herriak lurralde honetan, mendez mende, menderatzez menderatze.

Ahanztekotan, ahantz ditzagun Frantziako eta Espainiako estatuak. Baina horma zaharretako ahanzturatik libra dezagun gaur Orreagako gatazka, eta berpiztu dezagun Nafarroako Estatua, gure arnasaren hauspo eta gure eskubideen iturri.

 

Ainara Artetxe

Nekazaritza ingeniaria

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .