Zapalkuntzatik askatasunera – 5.1. NAZIOARTEKO AFERAK

5. atala:

Erein dezagun hazia gaurtik

 

Geuk ez beste inork,
inork ez du guregatik
mugarririk jarriko
gure errege-bidean.

Olatz Zugasti

 

Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
borroka hortan iraungo duten
zuhaitz ardaska gazteak.

Xabier Lete

 

L.L. Cavalli-Sforza genetikalari ezagunak, Geneak, Herriak eta Hizkuntzak liburuan, nazioen harrokeriaz hitz egiten du. Berak dioenez, historiak erakusten digu nagusitasunek gutxi irauten dutela. Indartsu sentitzen den nazio batek, arrakasta handiko uneetan, bere arrakasta egonkorra den zerbaiten moduan ikus dezake. Guri, ordea, aurkakoa gertatzeko arriskua ere badago: historiaren une batean jaiotzea egokitu zaigu. Gure herria galtzailearen aldean suertatu da garai hauetan, baina, ikertzaile italiarrak dioena aintzat hartuz, gauzak ez dira egonkorrak. Gure ahultasuna ez da aldatu ezin den zerbait. Gure ahultasuna ez da genetikoki transmititzen dugun gaitz bat. Eta jarrera hori hartu behar dugu: ez gara munduko beste herriak baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Besteak gai badira, gu ere gai izan gaitezke aske bizitzeko.

Liburuan zehar politikaren oinarri zenbaiten inguruan hausnartu ondoren, eta iparra markatuta (Estatua), iparrorratzak bide horretan jartzen gaitu. Badakigu zer nahi dugun, eta badakigu non dugun hutsunea: klase politiko egokiaren beharra dugu. Eta, beraz, galdera hauxe da: zer egin? Nondik lortuko ditugu politikari egoki horiek?

Politikariak ez dira aterako ezerezetik, pertsona guztiok baikara gure testuinguruaren emaitza. Politikarako gaitasuna duten pertsonak herritik sortuko dira, gure arteko herritarrak izango dira, beste edozein arlotan onak direnak sortzen diren moduan.

Beraz, itsaso txar honen erdian baldintzak jartzea dagokigu herritarroi. Baldintza horiek jartzea oinarria izango da, eta, hori egin ezean, nekez lortuko dugu testuinguru honetan klase politiko egokirik. Gaurtik hasita hazia non erein dezakegun aztertzen da kapitulu honetan.

«The government will decide today to recognise the State of Palestine. This is an important step that confirms the right of the Palestinian people to self-determination. […]

The government considers that the international law criteria for the recognition of the State of Palestine have been satisfied. There is a territory, albeit with non-defined borders. There is also a population. And there is a government with the capacity for internal and external control. […]

Not to recognise Palestine because of the Israeli occupation would be contrary to the international law principle of ‘no fruits of aggression’».

Margot Wallström, Suediako atzerri gaietarako ministroa (2014)

 

“[Suediako] Gobernuak Palestinako Estatua aintzatestea erabakiko du gaur. Urrats garrantzitsua da hori, palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea berresten duena. […]

[Suediako] Gobernuaren iritziz, bete egin dira Palestinako Estatua onartzeko nazioarteko araudiaren irizpideak: lurralde bat dago, nahiz eta mugak zehaztuak ez dituen; herri bat ere badago; eta gobernu bat dago, kanpo- eta barne-kontrolerako gaitasuna duena. […]

Israelen okupazioarengatik Palestina ez onartzea nazioarteko legediaren ‘erasoek etekinik ez izateko printzipioaren’ kontrakoa litzateke”.

 

Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da gure herriak jasaten duen gatazka egoki kokatzea: gurea ez da estatu baten barne gatazka bat, nazioartekoa baizik. Bi estatu inperialistak okupaturiko herri bat gara, eta horrelakoak gertatzen direnean auzia nazioartekoa izaten da.

Hori horrela izanik, azter dezagun zer den eta zertan oinarritzen den hainbestetan erabiltzen den nazioarteko komunitate hori. Izan ere, konfiantza handia jarri ohi dugu nazioartean. Askotan, nazioartea nolabaiteko egitura neutrala izango balitz bezala hartzen da, eta haren ezaugarririk esanguratsuena morala dela eta moral horren bitartez egia, justizia unibertsala eta ongia aplikatu nahi dituela pentsatzen da.

Baina nazioartean, azken finean, subjektu politikoekin, estatuekin egiten dugu topo. Eta estatuen arteko harremana politikoa da, indarrean oinarritua; harreman horietan, ongiak eta justiziak ez dute lekurik. Estatu guztiek elkarri hortzak erakusten dizkiote etengabe, eta indarrak parekatuak dituztenean nolabaiteko oreka lortzen da.

Hori da estatuen harremanek duten habitat naturala: ez dago nazioen gainetik tentsio hori baretuko duen nazioarteko erakunderik.

Zapalduak dauden herriek, askatasuna lortzeko, nazioartearen onarpena behar omen dute estatu gisa. Onarpen hori, baina, ez da lortzen moralaren irizpideei jarraituz.  Norberaren burua aintzatesten edo norberaren indarrean sinesten ez duen herriak inoiz ez du lortuko gainontzekoen onarpena.

Bere herria eta bere lurraldea gobernatzeko gai dela erakusten duenean onartuko dute nazioartean herri bateko buruzagitza (gobernua). Nazioarteko politikan, eraginkortasuna edo eraginkortasun printzipioa deitzen zaio horri.

Estatu baten hiru osagaiak herria, lurraldea eta gobernua dira. Lehen ere esana da hori. Hori horrela, munduari hiru elementu horiek dituzula erakusten diozunean onartuko zaituzte herri edo estatu gisa. Suediak Palestinari estatu izaera aitortu dio 2014an, eta argi azaldu du Suediako atzerri ministroak, Margot Wallströmek, zertan oinarritu den; nazioarteko legediak zehaztutako irizpide guztiak betetzen dira: lurralde bat, herri bat eta gobernu bat dituzte. Are gehiago, atzerri ministroak dio nazioarteko legediaren aurkakoa litzatekeela okupazioaren ondorioz Palestinari estatu izaera ez aitortzea.

Oinarrizko urratsa, beraz, gaia bere testuinguruan kokatzea da: geurea nazioarteko afera da, eta onarpena lortzeko subjektu politiko gisa antolatuta agertu behar da munduan. Eta, aurretik esandakoarekin, geure proiektua zein izan behar den argi dago: herri bat, lurralde bat, gobernu bat. Herria eta lurraldea badauzkagunez, geuk aukeratutako gobernua sortu behar dugu, eta herriaren zerbitzura egongo den gobernu horren zuzendaritzapean jarri. Horrekin bakarrik estatua sortua dago. Horra hor gure proiektua!

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .