GUre orbitaren mintzura

Atzo aurkeztu genuen gure egitasmo berria Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. 70 lagunetik gora bildu zituen ekitaldia alboka doinuekin hasi zen.

Aurkezpen lanak egin ondoren, ekitaldia ezin era atseginagoan gidatu zuen lagunak  Asisko Urmenetari eman zion hitza. Honek Gure Berriak proeiktuarekin izan dituen bizipenen berri eman zuen, eta argitaratzeko zorian dagoen AztiHitzA proeiktuaren nondik norakoak ere aurkeztu zituen bere ohiko umore ikutuaz.

Ondoren lantaldeko kide baten txanda iritsi zen. Honek Gure Berriak proiektuaren historia laburbildu zuen. 5 urte baino gehiagoko ibilbidean izan dituen aldaketak azaldu zituen, baina gure helburuak zeintzuk diren azpimarratuz:

“Herritik abiatzen da, Euskal Herritik, eta Euskal Herriari zuzentzen zaio”.

“Gure herria, dakigun moduan, zatitu egin dute, txikitu, memoriaz hustu…prozesu luze hori dena, ageriko zein izkutuko bortxaren bidez egin da, eta izkutuko bortxa horren barruan sartzen da komunikabideen papera. Lan handia egin dute gure herria desitxuratzen, irudi zatitua normalizatzen, erreferentzia guztiak geuretik kanpora ateratzen, etab.

Hortik abiatuta, herriaren osotasuna, gure erreferentziak, guretik abiatutako mundu ikuskera, itzuli nahi dizkiogu herriari komunikabide honen bidez.

Komunikabideek lagundu egiten baitute errealitatea eraikitzen, eta beraz, gure herria indartzeko tresna izan nahi du Gure Berriak-ek.”

Nerabe taldeko kideek goxatu zuten giroa ondoren zuzeneko bi abesti ederrekin.

TOKI-ON, euren lehen diskoa, Durangoko azokan Gure Berriak-en standean salgai izango dutela azaldu ziguten taldeko bi lagunek. Disko honekin batera Benito Lertxundiren disko berriena ere leku berean aurkitu ahalko dugula ere gogorarazi ziguten.

Jarraian lantaldeko beste kide batek hartu zuen hitza, proeiktuari eman nahi zaion bultzadaren xehetasunak azaltzeko. Besteak beste, finantzabide berrien artean sustatzaileen figura zertan den azaldu zuen: “Gure Berriak proiektua bultzatzeko hilean 10€-ko kuota ordaintzeko konpromezua hartzen dugun guztiok gara sustatzaile”. 100 sustatzaile lortzeko erronka iragarriz amaitu zuen.

Azkenik “Gure Berriak esker onez” saria eman zitzaion Joxe Manuel Odriozolari, urte luzetan Euskal Herraiaren alde egindako lan militante nekaezinaren ordainetan, eta bereziki bere liburu berrienean (“Nora goaz euskalduntasun honekin?”) adierazi duen zorroztasun intelektuala eta konpromezuagatik.

Azken sarituak pasa zion lekukoa Joxe Manueli, Pako Aristik alegia.

Joxe Manuelek “Frankotiratzaile baten frustrazioak” testu hunkigarria irakurriz eskertu zuen saria. Eta txalo-zaparrada handi batez erantzun zuen bertaratutako publiko osoak. Ekitaldiko zati formalak zati informalari eman zion segida, eta lagun giro ederrean mokadutxo bat hartzeko aukera izan genuen bertaratutako guztiok.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .