“Herria eta boterea beti doaz uztarturik; herri bakoitzari bere botere propioa dagokio”.
Joseba Ariznabarreta
Herria eta boterea beti doaz uztarturik; herri bakoitzari bere botere propioa dagokio. Bizitzeko ahalmena ematen dio botere edo indar horrek. Indar hori neurtzea ez da gauza erraza; izan ere, mota askotako baliabideen arteko elkarrekintzaren emaitza izan ohi da, eta, beraz, faktore ugari hartu behar dira kontuan herri batek zenbateko indarra duen neurtzeko. Herri horren eremu geografikoaren ezaugarrietatik hasita, ekonomia, ideologia eta pentsaera, herritarren arteko loturen indarra eta indar militarra dira elkarrekintzan egongo diren faktoreetako batzuk.
Herrien boterea edo indarra, gainera, beste herriekiko harremanean neurtzen da. Herri baten boterea ez da modu absolutuan neurtzen: beti besteen indarraren araberakoa izango da.
Beraz, herri baten boterea osotasun bat izango da, herri horri bizitzeko ahalmena ematen diona. Botere horren barruan, botere sozialean sakonduz, elkarrekintzan egongo dira botere ideologiko, ekonomiko eta politikoa. Eta azken hori, botere politikoa, indarrean oinarritzen den boterearen atala izango da.
Munduko herriek lortu duten botere politikoa biolentzian dago oinarrituta. Biolentziaren bitartez lortu dute botere hori, eta, ondoren, erakundetu, instituzionalizatu egin dute: estatuak sortu dituzte.
Era berean, legeak sortu dituzte beren herriak lortu duen botere hori kontrolatu, erabili eta babesteko; legezkotasuna ezinbesteko tresna da horretarako. Herri bakoitzak, beraz, legezkotasun propioa du, subiranoa.
Gure artean, boterea edo indarra bozketan atera diren boto kopuruekin aztertzen da usu. Politikaren zientzian, ordea, ezinbestekoa da politika erreal eta formalaren arteko bereizketa ulertzea. Bozka horien azpitik dauden zimenduen arteko indar erlazio sakonak aztertzen ditu politika errealak. Eta funtsean horixe interesatzen zaigu: zein indar erlaziok eusten dioten sistemari berari.
Bestalde, beste herri batzuen indarretan eta haien laguntzan jartzen da konfiantza askotan. Baina, herri bakoitzak bere indarra, bere boterea, bere baliabideak bakarrik dituela adierazteko, ingelesez self help esaten da. Beraz, aurrera egin nahi badugu, gure indar propioak soilik ditugu, inoiz ez beste batzuek duten indarra, nahiz eta batzuetan lor genezakeen beharbada, egoeraren arabera, beste norbaiten laguntza, eta hori, berari komeni bazaio, noski… Besteari (edo aliatu posible bati) beretzat zure baliabideak interesgarriak zaizkion neurrian (eta komeni zaizkion bitartean soilik, noski) eta zuri bestearena interesgarria zaizun artean (laburbilduz, interes komuna dagoenean), epe horretan soilik izango da aliatua.
Gordina izanagatik, halaxe da. Morala, etika, elkartasuna, sentiberatasuna, sedukzioa… ederrak dira oso, baina garestiegiak askatasunik ere ez duen herriarentzat. Menderatutako herriak lehenik eta behin bere iraupena bermatu behar du, kosta ahala kosta, bere indar guztiak baliatuta.