“Gu espainolak gara, Euskal Herrikoak” artikulua idatzi du berriki Estitxu Garai Artetxek Argiarako. Eta izan du oihartzuna sare sozialetan eta lagunarteko elkarrizketetan, bai behintzat nire inguruan.
eTB zuen jomuga batez ere artikuluak, haren ustez “espainiar erreferentzialtasuna” lantzen delako bertan, eta oso ongi arrazoitzen zuen, gainera, bere iritzia. Haren esanetan: “Ageriko inposizio bortitzak sumatzea erraza da, baita behin igarrita aurre egiteko txerto efektua aktibatzea ere. Alta, zer gertatzen da olatu txikiak nola, pixkanaka, sotilki, behin eta berriz aurrean pausatzen dizkiguten objektu edo balio kulturalekin? Bada, ezari-ezarian gure egiten ditugula”. Eta, haren ustez, bigarren era horretan egiten dugu “geure”, espainiar imajinario kolektiboa eTB-ko ikus-entzuleok. Hori gutxi ez dela, adibide ugari eta onak gehitzen zizkion, gainera, bere arrazoibideari, azaltzeko nola eTB asimilazio kulturalerako sekulako tresna bilakatu den.
Orain arte idatzitakoekin bat nator erabat, eta artikuluaren ideia garrantzitsuenarekin ere bai. Alegia, eTB niretzat ere espainiar kultura dominantearen asimilaziorako tresna oso eraginkorra da. Bada, baina, hain argi ikusten ez dudan zerbait. Estitxuren ustetan, eTB “gure telebista publikoa” da, eta “euskara eta euskal kultura bultzatzeko helburuarekin sortu zen”. Nire ustea oso bestelakoa da. eTB telebista publikoa dela ez dut zalantzarik. Baina gurea al da?
“Gure telebistak audientziaren aitzakian balio horiek lantzen dituen bitartean, alferrik izango dira euskal marko bat ezarri nahi izateko ahaleginak”, dio Estitxuk, baina nago ordena alderantzizkoa delakoan. Hau da, euskal marko batek soilik ahalbidetu dezake euskal telebista publiko bat. Eta euskal marko bat ez da posible Espainia eta Frantziaren mende jarraitzen dugun artean. Independentzia berreskuratu eta telebista publiko bat sortzean deitu ahalko diogu horri gure telebista publikoa; gainontzean, besteren telebista bat hobetu nahian jardungo gara. Eta ez diot hori ez litzatekeenik garrantzitsua, sinatuko nuke Estitxuk nabarmentzen dituen aje horiek guztiak gabeko eTB bat, eta, zentzu horretan, oso positibotzat jotzen dut haren kritika. Baina berak “hain gordin” idatzi dituenak are gordinagoak direla esango nuke nik.
Gure autokonplazentziarako sortu zuten eTB, ditugun “erakunde autonomiko” guztiak bezalaxe. Gureak balira bezala hartzeak jartzen du lehen harria ondoren “olatu txikien higadura eraginkorra” posible egiteko. Gureak ez direla beti presente izango bagenu, “txerto efektua” askoz eraginkorragoa litzateke. Are gehiago gaurdanik gure instituzioak sortzearen premiaz jabetu eta horretan arituko bagina.
Uste hau azaltzeko, ez naiz azalpenetan luzatuko: zuzenean, pasa den astean Ane Ablanedo Larrionek Berrian idatzitako artikulua irakurtzea gomendatzen dut (“Zein erakunderekin kolaboratu”), benetako arazoari behingoz heldu diezaiogun. eTB gure telebista publikoa izango al da inoiz? eTB hobetzen saiatzea merezi al du?
Goreti Agirre