Historia bi aldiz errepikatzen da, lehenik zorigaitz eta gero fartsaren gisan. K. Marx.
Ez aspaldi ezagutu genuen diaspora, eskualduna, abertzalea, kanpotik Eskual Herri libre bat eraikitzen lagundu nahi zuena. Horrekin eskualdundu ginen, non eta Montebideon, eta nazio kontzientzia eraiki genuen gure baitan, hari datxekion ihardespen historiko izugarriarekin. 90eko hamarkada zen, baina bukatzearekin, bizitzaren legeari jarraikiz, diaspora hura joanen zen betirako. Eskualdunak lurpera eta haien ondorengoak etxera, eta, gero, isilunea gehienetan; baina bertze batzuetan ere zerbait txarrago: fartsa.
Lehenago ere bazen Rio de la Platan menta handiko diaspora eskualduna; San Joseko eskualdunak, konparazione. Jose Mendiaga bat bizi zelarik, biltzarrean boza ukaiteko, eskualdunak izan behar ziren, polisemiarik gabeko eskualdun hitzaren lekuko zaharrak… Orain laupabortz urte, berlekuan, egungo autodefinituriko eskualdunek ohorezko gonbidatua ukan zuten Euskadiko egunerokotasunaz mintzo: Fernando Savater.
Urrunxko gelditu dira Mendiagatarrak, edo Iparragirre bat Buenos Aireseko portuan agurtu ehunka eskualdun kartsu, edo Agirre lehendakaria mozorroturik Brasilgo muga pasatzen lagundu zutenak. Urrunago uruguaitarrei eskola publikoetan Eskual Herriaren naziotasuna eta eskubideak ezagutarazten entseatzen zirenak. Argitaletxeak, eskual etxe abertzaleak, exilioa, urrun; horiek guztiak joan baitira betirako, ordezkorik utzi gabe. Diaspora bazen behin, baina gaur diaspora hitza, Erkidegoko politikari batzuek partikulazki baliatzen duten hori, zertaz gero?
Aipatu guztiaren itzala baizik gelditzen zelarik, kolonizatzaileak etorri zitzaizkigun, hilzorian zen diaspora kontzeptu horri diruaren arnasgailu mekanikoa ezartzera. Hala gauzak, Zazpiak bat leloa utzirik, Basque Country leloa ikasi zuten diasporaren seme-alabek. Euskadi azpiestatuko diru publikoa horren ikasteko ongarri ona izanen zen, eta, viveza criolla-rekin ederki uztarturik, aitzina joan zen egungo diaspora marka. Plata fácil* erramoldea Montebideoko euskal etxe batean entzun nuen lehendabizi, ene harridurarako.
Zein dugu, beraz, egungo egoera? Kolonia baten koloniarena. Euskal etxeak deiturikoetan Basque countryren folklorea eta espantukeria kosmopolita entseatzen da errepikatzen, fotokopia txarra ondorio izaki. Eskuara ere, nonbait, argudiatzera menturatzen dira, beti baikorkeriaz, gorakadan doalakoan; baina sekulan ez baliatzeko, argudioen alorrean uzteko baizik. Txosten eta grafikoetan eder baita munduan eskuara nola zabaldu den erakustea, bistan dena! Rio de la Platan, Argentinan eta Uruguain, ehunka kontatzen dira eskual etxeak; Basque Countrytik jaso eta kontatzen den sosa hobe ez jakitea. Zertarako? Alava, Bizcaya eta Guipuzcoan paella jaten dela ezagutarazteko, euskotarren azken modako flamenkoarekiko grinarekin batera, prefosta! Genealogia amiñi bat, batek daki nongo idurikaturiko postalaren oroiminez, bilbainadak, eta aski. Aski eta sobera eskualtasuna abizenen anekdotikotasunean hasten eta bukatzen den lekuan.
Urrunxko eskual kultura fotokopiatu ez baina ikasteari atxikiz egiten eta ekiten bizi zen diaspora hura, herri konkistatua askatzen lagundu nahi zuena. Zer bilakatu gara?
Egun, kolonia hedonistaren azpikolonia ustela baizik ez gara, eta hemen metropoli kolonizatuaren bizioak itsas handiak biderkatzen ditu. Hemen ere, “Iparraldea” “bertze aldea” da, hegozentrismoa bistan dena; hemen ere, eskual etxean eskuaraz mintzatzea erdaldunen aitzinean eskola txarrekoa da, eta, gazteak ginelarik, zigortuak izan ginen. Hemen ere, badira elgarren gorrotoz eta alderdikeriaren kirol nazionalaz bizi direnak, hemengo pentsamendu askatasuna eta kanpotiko beharrezkoa den begirada ezabatzea atxeman dutenak. Ezjakintasuna alimalekoa da, eta ezjakintasun alimalekoa baino handiagoa ezaxolakeria. Ihardespen historikoaren katea hautsirik, diasporak ez du zer eman Eskual Herriari, eta hartzaile hutsa bilakatu da, dirua ezaren postari izanik.
Zer diaspora gero? Enaren gisan etortzen direnak Universidad Catolican karrera liberalak ikastera eta uruguaitarrei Eskual Herria non den azaltzea nekagarri ukanik Espainiatik etortzen direla erraten dutenak? Horrelakoetan, iduri du fotokopiatzeko ere asko ez dela gelditzen.
Diasporarik ez da, lurpean dugu jadanik, eta zegoenak porrot egin du seme-alabei erantzukizun historikoa helarazteko orenean, irlandarrek, juduek, armeniarrek ez bezala. Mintzaira atxiki gabe nortasuna ezin atxikiz. XIX. mende bukaeran kontatzen zen nolaz Uruguain zaharrek Gernikako Arbola kantatzen zuten malkoz, seme-alaben trufarako; gaur ere, Gernika Koka kola aditu dut hemen, 8 apellidos vascos pelikularekin irri egin dutenen ahoetan, mintzaira baztertua baztertuago, kultura saldua salduago eta estatu bahitua bahituago eginez.
Baina eskual erroa duten milaka amerikar baditugu, errepublika subiranoetan sortuak, faxismo eta elizarik gabe ongixko eskolatuak, buruargiak anitzetan. Ea gai garen estruktura hustuetatik haratago pario historikoari berriz aitzi egiteko, arbasoen karra arrapitz dadin, fotokopiatu gabe berriz egin eta ekinez; premiazkoa da, Eskual Herriaren mesederako.
Montebideon, 2018ko martxoaren 16an
*diru erraza