Zapalkuntzatik askatasunera – 2.5. IZAN EDO EZ IZAN: ERABAKIGARRI?

“The greatest weapon in the hand of the oppressor is the mind of the oppressed” (Menderatzailearen eskura dagoen armarik onena menderatutakoaren beraren gogoa da).

Stephen Bantu Biko, “Steve Biko”


Badira hainbat gauza pertsonok eta herriek berezkoak ditugunak. Horietako bat bizitza da. Horretarako ahalmena eta indarra badugu, biziko gara, eta bestela ez. Eskubideak, beraz, indarraren eta borrokaren bidez lortzen dira: ez dira eskatzen; are gutxiago, ukatzen dizkizun horri. Askatasuna lortu duten herriek, normalizatuak direnek, ez dute galdetzen ea independentzia nahi duten ala ez. Ez dago munduan aske bizi nahi ez duen herririk. Bestela esanda, ez dago menderatuta bizi nahi duen herririk.

Herri bati galdera hori egiten bazaio, ea aske izan nahi duen ala ez, ea bizi nahi duen ala ez, herri horren existentzia ukatzen da.

Herri bat existitzen bada, askatasuna da haren egoera naturala, normalizatua; kontrakoa, mendekotasuna, delitua da. Zer izan nahi duen galdetzen denean, parean jartzen dira zilegi den zerbait eta delitua den beste zerbait.

Antzekotasun handia duen zerbaitekin alderatuz, jipoitua den emakumearen egoera inork ez luke jarriko aukera gisa; askatasuna dagokio. Aukera gisa planteatzen bada, emakumea jipoitzea delitua ez dela adierazten da.

Demokraziari buruzko kapituluan esandakoari jarraituz, botoa edo iritzia emate hutsak ez digu bermatzen norbanakoaren jokabidea askatasunezkoa denik. Norbanakoak ez baitira aske haien herria aske ez bada. Beraz, eta menderatuta bizi bagara, inposizioa badago, hori delitua da; eta delituak ez dira aukerak: ahalmena duzunean gainditzen dira.

Euskal Herria bizi nahi duen herri bat da; berez-berez du erabakia ―galdetu ere egin barik― ezin dela menderatuta bizi, aske bizitzea dagokiola. Askatasuna eskuratzea da gure erronka.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .