“Estatu-nazio” deitzen direnek argi dute “beren” lurraldea ezin dela zatitu, zatiketaren aukera ezin dela aipatu ere egin. Beraz, independentziaren gaiak “gizartea” zatitzen omen du. Menpekotasunak zatitzen ez balu bezala… Gertatzen dena da menperatzaileek “eskualdeak” ikusten dituztela guk herriak ikusten ditugun tokian. Horregatik, espainiar edo frantziar gizartea unitate bakartzat dauzkate, eta “gizarte katalana” edo “euskal gizartea” unitate horretako parte.
Ez da aipatzen estatu zapaltzaile baten eta herri zapalduaren arteko talka. Aipatzen da “gizartea”; “norbanakoek” osatzen duten gizartea. Gaur egun, dena indibidualizatu da, bakoitzak dauzka bere kontsumo ohiturak, bere tribua, bere gustuak… Haatik, denok daukagu estatu bat eta bakarra gure gainean, denok errespetatu behar ditugu estatu bat eta bakar horren legeak. Egokitu zaigu ofizialki espainiarra edo frantziarra izatea, Espainiak eta Frantziak dutelako agintea gure lurraldean. Ez gara espainiar edo frantziar, hala nahi izan dugulako. Munduan inon ez da hautatzen naziotasuna self service jatetxe batean menua osatzen dugun moduan.
Estatu batek badu aski indar eta baliabide bere kontrolpeko “gizarte” hori nahi duen gisara moldatzeko. Baita ere menpean daukan “norbanakoen multzo” hori, berez, herri bat dela ukatzeko. “Gizarte” eta “norbanako” hitzak aproposak dira herri izaera kentzeko eta, gisa horretan, independentziaren aldarrikapena zentzugabea dela aditzera emateko.
Eskubide indibidualez mintzo da Frantzia, adibidez. Euskaldun gisa, eskubide indibiduala badugu etxean euskaraz mintzatzeko; kolektibo gisa eskubide espezifikorik ez daukagula dio Frantzia jakobinoak. Eskubide kolektiboak frantziar hiritartasuna duten guztienak dira (ezin da multzo hori zatikatu). Hots, euskaldunen izaera kolektiboa ukatzen du. Norbanakoek kolektibo bat osatzen dute, ordea. Herriaren askatasuna nahi duen ala ez erraten duen norbanako hori ez da pertsona isolatu bat. Jende talde batean bizi da, estatu baten arauetara egokitu da, haren mezuetara… Haren eraginpean bizi da. Hori zapalkuntza delako kontzientzia hartu duena ere kolektibo baten parte da, herriaren askatasuna nahi dutenen parte. “Erabaki indibidualen” kontu hori gezurra da, egiazki, ez baitira hautu indibidualak.
Herri zapalduek independentziarako eskubidea dute, berez. Boteredunak buru-hausterik gabe ukatzen du eskubide hori, herri izaera ukatzen baitu. Logika beretik, herri zapalduek ahoan bilorik gabe erran dezakete beren askatasuna ezin dela zalantzan jarri, Espainiak eta Frantziak ez daukatela zilegitasunik Euskal Herrian. Baina hasten bagara zapaltzailearen terminoak erabiltzen, herriaren ordez gizartea aipatzen, herriaren eskubideen ordez norbanakoenak lehenesten, ari gara gure herria desartikulatzen. Eta ez bagara herri bat, zertarako ari gara askatasuna eskatzen?
Eneko Bidegain