2. atala:
Enbata.
Itsaso txarrean nora ezean
Gero arrano bihurtu nintzanean,
kaiola hautsita
aldegingo nuen beldurrez,
libro nintzela sinistarazi nahi zidaten.
Joxan Artze
Zure askatasunagatik burrukatzen banaiz,
kantatzen badut,
ez dut maite zaitudalako kantatzen,
ez eta zure malkoak xukatzeagatik.
Zoriontsu, libre behar zaitudalako, baizik;
zure askatasunean, zure zorionean,
nerea ikusten dudalako.
Joxan Artze
Izan dira pentsalariak azpiratze prozesu batek ekar dezakeen “eromenaz” eta nahasmenaz mintzatu direnak. Pertsonon adimenaren kontrola adimena bera deskontrolatuz ere lortu ohi dela esan izan da.
Hitz baten esanahia aldatuz, sinbolo bat edukiz hustuz… mila modutan sor liteke eta sortzen da herri batean nahasmena. Gure artean hitz egiten dugunean elkar ez ulertzeraino irits gaitezke, kontzeptuen eta hitzen inguruan hausnarketa txiki bat behintzat egiten ez badugu.
Atal honetan, gaurko egunean hainbat esanahi eta askotan kontrajarri izan ditzaketen zenbait kontzeptu aztertzen dira.
“Askatasun nazionalik gabeko demokrazia nekez izan daiteke demokrazia mendeko nazioarentzat”.
Joxe Manuel Odriozola
Demokrazia hitzak berak definitzen du ondoen zer den: herriaren gobernua (demos + cratia). Herriaren boterea ordezkatzen du gobernu horrek. Hala ere, demokraziaren eta botoen edo hauteskundeen arteko lotura egin ohi da maiz. Gai baten inguruan iritzia ematea, bozkatzea, demokratiko hitzarekin erlazionatzen da sarri. Baita hauteskunde batzuetan bozkatzea ere.
Azpiratuak ez dauden herrietan ere, hauteskunde-demokrazia binomioaren inguruan zalantza ugari izan ditzakegu. Baina, liburu honen xedea gure herriaren egoerari aplikatzea denez, garrantzitsua da esatea menderatuak dauden herrietan ere antolatzen direla hauteskundeak eta bozketak.
Beraz, hauteskundeak, erreferendumak, bozketak egiteak berez ez du esan nahi demokrazia dagoenik. Gai hauek aztertzean, sistemak, gizarte egiturak ere hartu behar dira kontuan. Itxuraz jokabide askeak direnak (iritzia ematea, botoa ematea…) aurkako guztia izan daitezke, muinean dagoen gizarte sistemaren arabera. Norbanakoen iritziak modu demokratikoan emateko, testuinguruak demokratikoa behar du izan. Eta, demokrazia hitzaren adierari jarraituz, herriak gobernu propiorik ez badu, ezin dugu hitz egin demokraziaz.