Zapalkuntzatik askatasunera – 1.3. MINORIZAZIO BIDEAK: ARROTZ GURE ETXEAN

“Cultural and physical violence toward some minorities seems to be an historical and political constant […]. And it continues to be practiced with ardor by elites of newer nations today” (Zenbait gutxiengoren kontrako indarkeria kulturala eta fisikoa etenik ez duen kontu historiko eta politiko bat da, itxura denez, (…) eta nazio berrien eliteek ere grinaz erabiltzen dute gaur egun).

Richard Harvey Brown

 

Kultura (modu zabalean ulertuta) eta hizkuntza bortxaren jomuga izaten dira maiz.  Haiek sendotzen dute, izan ere, beste hainbat ezaugarriren artean, herri bateko kideen artean elkarrenganako konfiantza. Ezaugarri komun horiek izatea beharrezkoa da herriak bizi nahi badu.

Gure nazioa, nazio euskalduna, gehiengoa zen garai batean, baina apurka-apurka gutxiengo bilakatu dute, aldameneko nazioen espansionismoaren erruz. Eta, nazioaren minorizazioaren ondorioz, gure kultura eta hizkuntza ere minorizatu dizkigute.

Horren harira, Joxe Manuel Odriozolak honela dio: “Botereak zapaldu egiten du, baina botereak gauzak egiteko ere balio du. Botereak (…) Iparraldean euskalduna frantsesten du, eta Hegoaldean euskalduna espainoltzen. Beraz, euskalduna espainolduta edo frantsestuta, euskaldun izateko arrazoia kentzen dio: kito, amaitu da euskal arazoa. Menderatzaileak menderatua bere familia nazionalean integratzen du. Horrelakorik ez da gertatzen gainerako dominazio sozialen egoeretan”.

Horrela, hizkuntzaren kasuan, esaterako, euskaldun elebakarrak ginenoi, bortxaz inposatutako elebitasun baten bidez (debekuak, zigorrak, eta abar), egun ezinezkoa zaigu euskaraz bizitzea.

Aldiz, espainolek eta frantsesek ez dute inolako arazorik egunerokoan euren kultura eta hizkuntzan bizitzeko. Euren nazio-eskubideak bermatzen dizkien estatu bana dute. Guri, berriz, estatua kendu ziguten eta inork ez dizkigu babesten geure eskubideak. Zenbat arlo eta unetan ezin gara euskaldunok euskaldun izan edo ezin gara euskara hutsean bizi?

Herri gisa indar ematen digun etnokultura propioa babesteko egitura politikoa izan ezean, kanpokoarena barneratuko dugu. Orduan, geureak egin du. Jada ez gara Euskal Herria izango, Espainia edo Frantzia baizik.

Testuinguru horretan, bizikidetza eta kultur aniztasuna aipatzen dira sarritan; baina  gure nazio eskubideak babestuak izatea, hau da, kultura eta hizkuntza hegemonikoen jabe izatea izango litzateke aniztasunerako lehen urratsa.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .