1) Aspaldi honetan, inkestek eta politikari abertzaleek diote Hegoaldean kontzientzia nazionalak behera egin duela… Nola dago Iparraldean, zer ikuspegi duzu gai honetaz?
Hemen, holako inkestarik ez dut ikusi, baina kontzientzia nazionala beti urria izan da Iparraldean, eta ez zait iduritzen goiti zihoanik azken denbora hauetan. Asko kostatzen zaigu sentimendu identitario eta erregionalista espontaneotik kontzientzia nazionalera pasatzea. Arazoa aspaldikoa da; hogeigarren hastapeneko eta erdiko puntako euskaltzaleetan nabaritzen zen jadanik. Uste dugu haiek baino aitzinatuagoak garela, baina espantuak dira baizik ez. Hain tipi gara eta hain luzaz bereiziak egon beste euskal lurretarik, non ez garen jabetzen nazio handiago baten partea izan gaitezkeela. Euskal nazioaren ikuspuntutik, egoera objektiboa ikusi nahi dugun baino katastrofikoagoa da; gure talde politikoek errealitatea isilpean gordetzen dute; non ez duten beraiek nazio ikuspuntua erabat abandonatu. Momentuz, estatuak proposatutako EPCI horren esperantzak ematen digu garaipen sentimendu faltsu bat, baikor egiten gaituena geroari buruz. Kontzientzia nazionalak behera egiten badu Hegoaldean, grabea da guretzat, horrek ez baitu hemengo beherakada azkartuko baizik.
2) Hego eta Iparraren arteko arrakala edo leizea murriztu liteke, ala handitzen joango da?
Gutietsi behar ez den arrakala hori aspaldikoa da, bi estatuek sortua eta entretenitua. Frantziako Estatuak badaki Hegoaldeak eragina daukala alde honetan eta hau gabe sinpleagoa izanen zela berarentzat. Hegoaldean euskalduntze prozesuaren aurreratzea gelditzen bada, segur da horrek eragin biziki txarra izanen duela Iparraldean. Izan ere, aspaldidanik bereiziak gara politikoki eta ekonomikoki; euskara da, beraz, gelditzen zaigun ezaugarri eta ontasun komun bakarra; bizimoduz eta ideologiaz frantsestu gara; ekonomia biziki eskasa dugu eta Frantziakotik erabat dependentea. Zerbait berri, zerbait ezohikoa ez bada laster abiatzen, leizeak segituko du zabaltzen, behin betikoa izateraino.
3) Zu enpresa-gizona zaitugu, eta, egia esan, ez dugu halako asko ezagutzen independentziaren inguruan gogoeta egiten duenik; zerk bultza zaitu, zein izan da zure eboluzioa?
Independentziaren inguruan gogoeta egiten duen enpresa-gizon guti ezagutzea ez da normala; ahal bezain laster konpondu beharreko eskasa da. Segur naiz industrian abertzaleak aurki daitezkeela uste duzun baino gehiago. Industriako enpresa tipi eta ertaineko mundua iniziatibaren eskola ezin hobea da, asko frontetan batera etsitu gabe borrokatu behar duelako. Horko bizipenak ezin hobeak izan daitezke, politikan ere deliberatuki pentsatzeko eta tematzeko. Naturalki beldur da aurretik ez aski pentsatutako abentura politiko batek errekara bota liezaiokeela lan handiarekin eraikiriko guzia. Baina erretretan direnek edo funtzionarioek ere balukete beldur bertsua.
Ene kasuari dagokionez, suertatu da kooperatiba baten sortzean eta garatzean parte hartzen dudala. Hegoaldeko enpresa gehienekiko harremanetan, euskara praktikatzen dugu plazerarekin eta munduko gauzarik naturalena balitz bezala. Artetan errateko, ez genuke sekula ahantzi behar nazioa entitate ekonomikoa badela. Kontrakoek, haiek, ez dute ahanzten. Zorigaitzez, hola ez zen gertatu, baina segur naiz estatuek gaizki ikusiko zutela mugaz gaineko laneko harremanak sendotu balira.
Gero, enekin segitzeko, hipotesi batzuk baizik ezin dut eman, baina biziki beldur naiz ene imajinazioak sortutako interpretazioekin nahasten ditudala. Gazte nintzela, egonaldi luzeak eginak nituen Polinesiako eta Afrikako hiru herritan, zazpi urtez orotara, Afrikakoei dagokienez justu deskolonizazio garaian. Zortzi urte nituenean, ene burasoek urte batez utzi ninduten bizitzera Uztaritze Johanesuhaldene baserrian; aitaxi eta amatxi ez ziren abertzaleak, baina badut uste haien munduaren eta bizitzaren kontzeptzioak markatu ninduela.
Ariketa deseroso eta lanjeros honekin finitzeko, atsegin dut ere pentsatzea pixkanaka-pixkanaka eragingo lidaketela gustukoa dudan Simone Weil (kasik izen bereko andere ministro errespetagarriarekin ez nahas, otoi) frantses filosofo ezezagunaren hausnarketa-gaiek (hala nola etengabeko egiaren bilaketa; lanaren zentraltasuna; erroen, arbasoen eta iraganaren inportantzia; partiduen alderako guztiz mesfidatu beharra…). Horiek oro ez ote dira burutazio hutsak?
4) Zer esan daiteke ekonomikoki independentziari buruz? Ekonomiak ba al dauka ideologiarik?
Ez naiz gai hain inportanteak diren galdera hauei nik bakarrik erantzuteko; baina konbentzitua nago egin behar dugula herria independentziarako preparatzeko. Funtsean, prestakuntzaren bideratzeak du diferentzia egiten ametsaren eta helburuaren artean. Askatu nahi den herriaren erakundeak arreta handia eman behar dio ekonomiari; bestenaz, ez da gai izanen herria independentziara gidatzeko; naziokideen konfiantza ere ez du lortuko.
Zer erran gehiago ene ahalmena sobera gainditzen ez duenik? Jeneralitate batzuk baizik ez:
Zernahi gisaz, lan egin beharko dugu bizitzarako behar diren baliabideak ekoizteko. Lana izaten ahal dela alienazioa edo faktibitate zentzu funtsezkoenekoa kolektibitatearentzat bezainbat norbanakoarentzat ere. Guri orori dagokigula gizartea bigarren norabidera joatea. Baina politikak eta estatuak badute rol garrantzitsua horretan; adibidez, heziketa teknikoa eta filosofikoa batera antolatuz. Ekonomian, “mahai arras”aren ilusioaren ubris-a kriminala izan daiteke, historiak askotan erakutsi digun bezala; ez da den-dena kolpe batez aldatu nahi izan behar, baina pazientziarekin eta urraska errealitatea derrigortu gizartearen eta batez ere ekoizleen ongira buruz.
Ekonomiak eduki ideologikoa daukala nabarmen da, islatzen baitu klaseen arteko indar harremanak bai eta kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko indar harremanak ere. Gogotik sinistuko nituzkeen filosofo batzuek dioten bezala, mende honetan lana eta haren antolaketa hausnartzea izanen da erronka eta borroka ideologikoaren fronte nagusia.
Anitz bada eta beti egonen da hobetu beharra: lantegietan, eskoletan, politikan. Beharrezkoa da euskal erakunde batek gizartean hausnarketa bideratzea, aurretik pentsatutako eraldaketa zintzoenak behar orduan gizarteari inspiratu eta kudeatzeko kapaz izateko.
5) Zure ekarpen interesgarrienetakoa Baionaren auziari buruzkoa izan da; zer da zehazki auzi hori, zer klabetan ulertu behar da?
Jean Louis Davantek eta Eneko Bidegainek argi eta garbi erraten diguten bezala, abertzaletasunak, ez badu euskara lehenesten praktikan eta helburuan, ez du gehiago zentzurik. Ez bada independentziaren lehen egunetik berreuskalduntze prozesu batean sartzeko, jendetasunez araiz baina fermuki ere, independentziak berak ez du zentzurik.
BABko alde hartan, laurogei mila frantses jatorriko biztanle bizi dira, bertakoak direnak gu Euskal Herrian hemengoak garen bezala. Gehiengoa dute, bertakoak dira, beren estatua alde dute; zergatik ote nahiko ligukete, masokismo hutsez ez bada, berreuskalduntze prozesu horretan segitu? Haiek ere badute beren identitate frantsesean etxean bizitzeko deretxoa, ala ez?
6) Baiona euskaldundu, ala uko egin Baionari… Zer klabetan konponduko da gure arazo nazionala?
Alde batetik, Baiona eta BABko aldearen euskalduntzean, torturapean ere, ezingo dut sinetsi. Bestetik, orain artio erran dugun bezala, pentsatzen dut herriaren berreuskalduntzea dela independentziaren justifikazio inportanteena. Orduan, ene ikuspuntutik behintzat, konklusioa erraz dago. Horrek ez du erran nahi han bizi diren euskaldunak abandonatu beharko ditugunik. Espero dut nahia eta ahala dutenek “alya” bezalako zerbait eginen dutela, gazteek bederen. Haatik, aldi honetan ere, aitortzen dut ez naizela gai sentitzen nik bakarrik erantzuteko; izan ere, ni ez naiz aditua, ez historian, ez soziologia, ez demografian, ez eta analisi politikoan ere, Iparraldeko talde politiko guzien adituek aldarrikatzen dutenaren kontrarioa erabakitzeko. Horretarako, preseski, duela zenbait hilabete, delako “ideien laborategi”ra laguntza bila joan nintzen. Arazo nazional bati erantzun nazionala ez ote zaio zor?