1. atala:
Ur ilunetan
Oi gure herria, zer hintzen eta non hago
zazpi mendeko gauean zanpatua, itoa, zikiratua
ahuldua eta ohitua bortxara halabeharrez
ez ote duka jada kemenik
hire hatsa sendotzeko?
Jose Angel Irigarai
Mendeko egoerek, modu ageriko zein ezkutukoetan, iluntasunera daramate azpiratutako herria. Arnasa kendu nahi zaio, itomenean galarazi. Prozesu luzeago edo motzagoak izan daitezke, eta, atal honetan, horrelako gertaerek izaten dituzten hainbat ezaugarri orokor azaltzen dira.
1.1. INBASIOAREN GORDINTASUNA
“Gerrak eta genozidioak nonahi eta betidanik izan dira, garai bat bera ere eta kultura bat bera ere errespetatu gabe”.
Edward O. Wilson
“Nations are born out of travail and suffering” (Nazioak nekeetan eta sufrikarioan mamitzen dira).
Mahatma Gandhi (1869 – 1948)
Munduan izan diren inbasio edo konkista guztiak bortitzak izan dira. Hauek dira, besteak beste, biolentzia horrek eragindako sarraskiak:
1. Jendea hil, atxilotu eta erbesteratzea.
2. Lurraldea zatitu eta kanpoko jendea ekartzea, zapaldutako herrian bizirik geratzen direnak baino gehiago izateraino zenbaitetan.
3. Eraikitako guztia txikitu, menderatzailearen erakundeak sortu eta bertakoak direla sinetsaraztea.
4. Benetan gertatutakoa ezkutatu eta historia manipulatzea, historia garaileek idazten baitute.
5. Menderatutako kultura eta hizkuntza debekatu, mespretxatu, bortizki jazarri eta, azkenean, desagerraraztea.
6. Bertakoek, haiengan eragindako beldurraren bidez, hizkuntza propioa arbuiatzea eta gutxiestea.
7. Menderatzailearen kultura eta hizkuntza indarrez ezartzea, bertakoak direla pentsarazteko.
8. Betiko nortasuna zein den ahaztea eta etsaiaren nortasuna barneratzea; horrek betiko uxatzen du jatorrizko nortasuna berreskuratzeko grina.
9. Denboraren poderioz, egoera normala eta demokratikoa dela barneratzea.
Ez dugu inoiz ahaztu behar Euskal Herria ere inbaditu egin dutela. Goian aipatutako guztia jasan dugu, eta gure herriaren egoera ez da normala izango askatasuna lortu arte.