EHU/UPV-N SARTZEKO OZTOPOEI BURUZ

Berrikitan, Gureberriak webgunean, Etxepare lizeoko hiru ikaslek eta bi irakaslek esplikatu digute zergatik diren, beren iritziz, hain guti EHU/UPV-n matrikulatzen direnak baxoa pasatu ondoren. Bostek oztopo praktikoak aipatu dituzte. Ikasleek akusatu dituzte, besteak beste, informazio falta, matrikulazioaren kostua, mota askotako zailtasun administratiboak eta espainolaren menperatu beharra. Irakasleek, aldiz, ingurumenaren pizua eta frantses irakaskuntzak eragindako hertsadurak. Batek iradoki du Iparraldea ahantzia dela Hegoaldean.

Lehenik, oztopo praktiko horiek oro badaudela ez da dudarik; Frantziako lizeoak, Etxepare lizeoa barne, ikasleak Frantziako Unibertsitaterako preparatzeko eskolak dira, ez eta EHU/UPV-rako preparatzeko.

Haatik, oztopo praktikoen bitarteko esplikazioa ez liteke nahikoa izan. Egiaz, besterik ere badago. Izan ere, batetik, ikasle gehienek segitzen baldin badute Frantziako unibertsitatean, ez da bakarrik oztopo horiengatik. Beren burasoekin batera erabaki dute horrela egitea, horrela nahiago dutelako. Ikasketak maila horretaraino euskaraz egin eta gero, pentsatuko dukete helburua lortua dutela euskararen aldetik eta ordu dela orai etorkizun profesionalaz arduratzeko Frantziako goi ikasketa onenen artean hautatuz. Bestetik, bizitza ezagunagoa, errazagoa, libreagoa, hots, desiragarriagoa iduri dakieke gazteei Tolosa, Bordele edo Pariseko hiri ospetsuetan Donostia, Arrasate edo Bilboko hirietan baino.

Zerk bultza litzake, bada, oztopo, ohitura eta tentatzio horien guzien kontra joaitera, ez baldin bada euskal nazio kontzientzia? Euskal nazio kontzientzia oso ahul dago Iparraldean, eta hau garatzea ez da ikastolen zeregina aspaldidanik. Normal da, beraz, oraiko ikasleek ez edukitzea behar den euskal nazio kontzientzia Hegoaldera joaiteko ikasketak egitera.

Ezagutu ez zutenentzat, gogora dezagun duela zenbait urteko esperientzia tipi bat: Hezkuntek deituriko elkartea, Hegoaldeko zein Iparraldeko zenbait lagunek eratua,  zeinen helburua euskarazko heziketa teknikoa suspertzea baitzen, Iparraldeko ekonomia eta Hegoaldekiko harremanak suspertzeko. 

Orduantxe, Etxeparre lizeoak eta Hezkuntekek, Gaindegiaren bitartez, azterketa bat eginarazi zuten Etxeparre lizeoko ikasle ohiak nora zihoazen jakiteko. Honek erakutsi zuen laborari, teknikari eta merkatari egin nahi izan zutenen portzentajea oso tipia zela, ehuneko zazpiraino ere ez zela iristen. Nabarmen zen ikastolak ez zuela herriaren ekonomia errealaren alde oso guti baizik lan egiten.

Eusko jaurlaritzak (ikaslanen bitartez) gehien eta Akitaniak eta Udabiltzak pixka bat dirua ekarri zuten Hezkuntek bere lanean sustengatzeko. Diru guzia erabilia izan zen matrikulazioa, jana eta logela osorik ordaintzeko Hegoaldean ikasi nahi zutenentzat. Normalean, euskarazko heziketa teknikoa zen Hezkuntekek suspertu nahi zuena, gure iritziz hura baitzegoen premia Iparraldean ekonomia produktiboa garatzeko eta Hegoaldeko ekonomiarekin lotura egiteko. Gainera, Ikaslanen bitartez zen dirua jasotzen. Euskarazko ikasketak proposatzen genituenez, Baionako Etxepare lizeotik ziren atera bekadun gehienak, nahiz batzuk Hazparneko Saint Joseph lizeotik ere.

Zazpi edo zortzi urtez jardun zen Hezkuntek elkartea, eta orotara 35 bat ikasle lagundu zituen. Etxeparetik zetozenetarik gehienek unibertsitatean egin nahi izan zituzten ikasketak (Donostian eta Arrasaten), eta gaineratekoek goi mailako zikloa egin zuten, Arrasaten, Usurbilen edo Elgoibarren. Hasierako xedean ez izan arren, Hezkuntekek lagundu zituen unibertsitatera joan nahi zutenak ere. Elkarteak informazioa pasatzen zuen Lizeoan, herrietan; ikastetxeak bisitarazten zizkien ikasleei, desmartxa administratiboak egiten laguntzen, matrikulazioaren kostua ordaintzen, logela aurkitzen, askotan barnetegietan, Loiolako La Sallen konparazione. Elkartekide batek banaka segitzen eta kontseilatzen zituen. Kandidatuen kopurua, hasieran pixka bat igo eta gero, laster hasi zen beheititzen, gero ta gehiago; azkenean, heziketa teknikoari buruzko interes faltaren arrazoi printzipalarengatik, gelditu zen elkartea.

Izan ere, ikasleek gogo guti zeukaten Hegoaldean ikasteko, batez ere heziketa teknikoan; gainera, irakasleek edo burasoek ez zituzten asko animatzen horretara. Aitortu beharra dago Hegoaldeko ikasketek eta lanbideek ez dutela dagoeneko Iparraldeko gazte batentzat Frantziakoek duten prestigioa eta erakargarritasuna. Euskal nazio kontzientziarik ez duten gazteentzat, Euskal Herrian lan egitea berez ez da helburu inportante eta urgente bat. Gainera, ez dute herrian etorkizunik ikusten. Etxepare lizeoan, Frantziako lizeo publiko guzietan bezala, gazteak, oharkabean ere, kondizionatuak dira karrera bat egiteko non-nahi. Horregatik, egunen batean edo oporretan edo bederen erretreta hartzeko orduan hurbiltzen ahal direlako esperantzarekin  usatzen dira.

Ikusten dugun bezala, zorigaitzez, gazteek Gureberriak webgunean deitoratzen duten fenomenoak beraiek uste duten arrazoi larriagoa du. Gauzak aldatzeko proiektu politiko serio bat eman behar zaio herri honi.

Maiatzaren 16a, BCastorene

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .