Bi aste igaro dira gertatu zela. Espainiako telebista autonomikoan ikusi genuen. Berrogei bat astapotrok, ondo antolatuta, makilakadaka ekin zioten Gasteizera beren futbol taldearen partida bat ikustera etorritako katalan batzuen kontra. Katalanak, Bartzelonaren jarraitzaileak, lasai ederrean zeuden, taberna baten kanpoaldean zerbait hartu nahian, baina nekez asmatuko zuten zer makila-salda zerbitzatu behar zieten. Han agertu ziren berrogei horiek, bero-bero, besteak berotzeko pronto, eta, ez bat eta ez bi, makilak dantzatzen hasi ziren.
Ez dakigu nola bukatu zen katalanen ehizaldia, baina badakigu Espainiako polizia autonomikoak erasotzaileetako bat atxilotu zuela, eta agindu zuen ikertuko zuela auzia. Bi aste igaro dira, eta ikerketaren berririk ez dakigu. Irudiak hor egonda, ez du ematen ikerketak zailtasun handirik zuenik. Harrigarria dela esango genuke, hemen hauetan kontuak nola izaten diren jakingo ez bagenu. Espa txarra ematen digu honek guztiak. Zer isildu nahi dute? Zer ez da komeni zabaltzea? Nondik etorri ziren egur-banatzaileak? Nor dira? Bartzelonaren jarraitzaileak izan beharrean Espanyol taldearenak izan balira, izango ote zen halako egurraldirik? Galdera gehiegi aukeran.