KONPROMISOA BOST PUNTUTAN

Counting Hands from one to five, isolated over white background

Bat.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok ezagutzen ditu mozorro guzien pean ageri den nazionalismo etnizistaren eta abertzaletasun erresistente askatzailearen arteko desberdintasunak, bere larruan alez ale pairatzen baititu lehenaren ondorio lazgarriak.

Bi.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok antzeman diezaioke beste herritarrengan kolonizatuaren frustrazio eta min sakonari. Herritarrak badaki gure arteko kolonizatuaren frustrazioa aspaldikoa dela, eta erdigunean ez duela hezurrik: leuna da, gardena, etengabea, likidoa ia. Mendeetako euri-jasa zein zirimiriek hezurretaraino blaitu duten oldarraren ondorioa.

Hiru.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok dakusa gurea ez dela esperantzara kondenatuta dagoen herri madarikatu bat, arrazionalitatea indargabetu dioten jendarte bat baizik, eta —metropoliak bideratutako kontakizun fragmentatu eta interesatuaren azpitik— herri kolonizatuan d-e-n-a, sistemikoki, doala gaizki.

Lau.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok ulertzen du emantzipazioaren aldeko jarrera konprometituak iraunkorra behar duela izan, eta askatasuna eta haren alde munduko herrien artean egin beharreko ariketa subiranoa bereak direla, lan hori berari dagokiola halabeharrez.

Bost.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok bere kidea ezagutzen du jendetzaren erdian, elkarren ispilu bailira, eta herritar bakoitzaren konpromisotik eta duintasunetik elikatzen dute beren talde izaera eta independentziara bideratuko dituen ekintza politiko estrategikoa.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .