Inausteko garaiaren inguruan solasean

Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940). Euskal folklorean aditua.

 “Kultura batean, domino efektua gertatzen da: elementu guztiak elkarri lotuta daude; horregatik da beharrezkoa haien ezagutza eta erabilpena. Bat galtzen bada, besteak atzetik eror daitezke”

Donostiako Okendo kafetegian elkartu gara Juan Antonio Urbeltzekin. Esanahi berezia du Okendok berarentzat, eta hantxe aritu gara zenbait orduz honetaz eta hartaz, elkarrizketaz gozatuz. Ez da gauzak azaletik lantzen dituen pertsona bat; gauzen funtsera, mamira zuzentzen du begirada, haien esanahiak bilatzen ditu. Eta horretan dihardu bizitza osoan. Gazte-gaztetatik hasi zen gure folklorea ikertzen, gure kulturaren adierazpide baztertuak berreskuratuz, eta, noski, haien esanahiaren atzetik.

Euskal folklorearen aditu honekin, inauteriaz hitz egin nahi izan dugu. Inauteri garaian gaudenez, horren inguruan aztertu duena ezagutu nahi izan dugu, eta bere ikuspegi berritzailea azaldu digu. Urte askoan ikertutakoaren ondoren atera dituen ondorioez aritu zaigu, eta, aldi berean, gure folklorearen ezagutzak duen garrantzia azpimarratu du. Azken batean, geure burua ezagutzea da, gure nortasuna ezagutzea eta babestea. Kultura bateko barne elementuak elkarri lotuta daudenez, bat galduz gero, besteak atzetik eror daitezke, eta, beraz, bizi nahi badugu, funtsezkoa da haiei eustea.

Zer da inauteria? 

Inauteria, kristau egutegian, garizumarekin lotuta dago, eta haren funtzioan izaten da inauteri garaia. Aldi berean, garizuma pazkoaren arabera izaten da, eta pazko kristaua juduen pazkoaren arabera tokatzen da. Ilargiaren zikloarekin lotutako ospakizunak dira, ilargi-jaiak dira, eta horregatik aldatzen da urtero haien data. Europan, jaiegun horiek izendatzeko, carnavalcarnevale eta antzeko hitzak erabiltzen dira askotan. Hitz horien esanahiaren inguruan, zenbait hipotesi egon izan da, eta hipotesi horietako batzuk haragiarekin lotzen dute, haragi-uztearekin hain zuzen ere, eta azken batean garizumarekin. Beraz, kristautasunarekin lotutako esanahia izan da inauteriari eman izan zaizkionetako bat.

Nire ikerketetan, hala ere, ohartu nintzen Vasconian inauteriaren esanahia sakonagoa, antzinakoagoa zela. Euskaraz inauteri/aratuste hitzak dira jaiegun horiek izendatzeko erabiltzen direnetako batzuk. Hizkuntzari erreparatuz, ohartu nintzen bi hitzek esanahi berdinera garamatzatela: Inauteri hitzak inausi hitzarekin du zerikusia, eta aratuste, berriz, araztui hitzarekin lotzen da. Bi hitzek zuhaitzen inaustearekin, kimatzearekin dute lotura, eta, nahiz eta beste adiera batzuk eman diren hitz horien esanahiaren inguruan (Azkuek, adibidez, aratuste hitza haragi uztearekin lotu izan du, baina kontuan hartu behar da aratusteBizkaian erabiltzen den hitz bat dela eta Bizkaian haragiari okela esaten zaiola; Caro Baroja ere aritu zen inauteri hitzaren inguruan beste esanahi batzuekin), horrela ulertuta, pisua hartzen du, beste gorputz bat: bi hitz ezberdin, baina ideia bat.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/7/7a/Zalduondo_inauteriak_0001.jpg

 

Zuhaitzak inausteko garaiarekin lotuta dago, beraz, inauteria? 

Bai, horrela da. Larre eta zuhaitzen inaustea, hala ere, ez dira egur-zama kentzeko bakarrik egiten: “garbitzeko” ere egiten da. Izan ere, larba egoeran dauden intsektu ugari egoten da zuhaitzetan, eta inaustean, intsektu horien “garbiketa” egiten da. Intsektu horiek udaberriko lehen eguzki printzaren zain daude, zuhaitza jateko prest. Beraz, inausten dugunean, intsektu horien erasoa ekiditen ari gara. Intsektuak pilatzea saihesten dugu horrela. Horrela, inauteri garaia inausteko garaia da, lurrak garbi egoteaz arduratzen garen garaia.

Hori guztia nola lotzen da inauteri garaian ikusten ditugun errituekin? Euskaraz, zomorro-mozorro hitzaren esanahia disfrazarekin eta intsektuekin lotutakoa da. Lehenago esan dudan moduan, inaustean larba egoeran dauden intsektu horiek kentzen ditugu zuhaitzetatik. Inauterietako errrituetan, herriko gazteak mozorrotuta etxez etxe puska biltzera joaten direnean, intsektuak errepresentatzen ari dira. Larba egoeran daude intsektuak garai horretan, eta mozorroak intsektuen munduaren errepresentazioa dira. Puska biltzera etortzean, hamarrekoa ematen badiegu, horrela, ez dira etorriko dagoeneko kobratu dutena kobratzera berriro. Inauteri tradizionalaren esanahia, beraz, hori da: mozorroa (intsektua), puska biltzea (hamarrekoa) eta erritua (ordaindu dugu ordaindu beharrekoa). Sakoneko esanahi hori izanda, herri bakoitzean inauteriaren aldaera ezberdinak garatu dira. Horrela, Ituren eta Zubietako joaldunak, adibidez, intsektuen aurkako mozorroak dira. Zuberoan, adibidez, maskaradek antzerki moduko muntaketa izaten dute. Beste batzuk, aldiz, xumeagoak izaten dira, baina oso politak; Lantzeko inauteria, adibidez. Inauteri horretan zenbait pertsonaia ditugu: Mielotxin (erraldoia, gosearen sinboloa), Zaldikoa (langostaren sinboloa), Ziripot (intsektua larba egoeran), Perratzaileak (zaldia otzandu  nahi dutenak), eta txatxoak, eromena irudikatuz.

Noizkoa ote da erritu hauen jatorria? 

Lehenago esan bezala, inauteria garizumarekin lotzen dutenek, kristautasunarekin lotzen dute erritu hau. Nire ustez, askoz zaharragoa da. Pentsatzen dut Paleolitorako hasten direla mozorroak erabiltzen (Trois frères-ko sorgina, adibidez), eta, beraz, horrelako errituen antzekoak agertzen hasten direla iruditzen zait. Baina, aipatu bezala, nekazaritzarekin estuki lotuta dago, eta, beraz, Neolitoan sendotutako errituak izango dira.

Hemen bakarrik al dago horrelako esanahia duen inauteria? 

Ez, ez, inondik inora ez. Inauteria Eurasian kokatzen da. Eurasian, lau urtaro ditugu, eta, dakigun bezala, udaberria nekazariarentzat aro gogorra da, mota guztietako izurriteen mehatxuak izaten dira eta. Inauteria, esan bezala, garai horretan intsektuen erasoa ekiditeko egiten da; gaizkia urrutiratzeko, alegia… ongia gaizkiaren aldentzea besterik ez da eta. Eurasia osoko nekazarien arazoak, funtsean, berdinak dira.

https://c1.staticflickr.com/3/2016/2234897596_8c378a3b83_b.jpg

 

Beraz, ezin genezake Euskal Inauteriaz hitz egin? 

Bai, hitz egin daiteke Euskal Inauteriaz. Eurasiako nekazari-kulturak oinarri bera izan arren, Euskal Inauteria euskaldunok erritu horiek egiteko modua dela esango nuke. Funtsean, inauteri horien esanahia berdina da, baina lekuan lekuko moduak daude errituak egiteko. Gauza bera gertatzen da, adibidez, ezpata dantzekin. Inglesek, adibidez, badituzte horrelakoak, baina guk gure aldaerak ditugu, oso interesgarriak gainera. Ez dut gure berezitasun erabatekoan sinesten; lekuan lekuko bitxikeriak eta errituak dauden arren, inauteriaren sakoneko esanahia orokorra da Eurasian.

Aipatu dituzu herrietako zenbait inauteri (Lantz, Ituren…); hirietakoen atzean ere esanahi bera gordetzen al da? 

Kontuan izan behar da guk ez dugula historikoki hiri handirik izan; ez ditugu Erroma, Venezia, Milan, Florentzia, Siena, Pisa… horrelako hiriak izan… hiri horietan, inauteria egoera sozialak alderantziz jartzeko erabili izan dira. Inauteriak askatasuna dira. Mozorroak jantzita, edozer gerta daiteke egun horietan; debekuaren muga gaindituz guztia da posible (esklaboak jabe bihurtu hiru egunean, sexu harreman debekatuak…). Horrek, funtsean, aipatutako interpretazioarekin zerikusi zuzena du, noski. Intsektuek kaleak hartzean, haien jabe egitean, egoera sozialak hankaz gora jartzen dira, egoera soziala erabat iraultzen da, gizartean baxuen daudenak jaun eta jabe egiten dira egun batzuetan.

Orduan, inauteriaren esanahia aldakorra da? 

Bai, nik esaten dudan ikuspegi hau guztiz berritzailea da. Hala ere, kontuan izan behar da nik ez dudala esan garizuma haragi uztearekin lotzen dutenean, edota bestelako esanahiekin, horren aurka nagoenik. Nik diodana da inauteriari milaka urtetako eboluzioan esanahi ezberdinak gainezarri zaizkiola. Euskal Herriak aukera ematen digu sakoneko esanahiak topatzeko, hizkuntza aztertuz besteak beste. Ziur nago Europako beste lekuetan ondo ikertuz gero zenbait tokitan hitzak eta bestelakoak ere egongo direla, nik pentsatutako hipotesian oso ondo txertatuko direnak.

Herri honetan gure folklorea ezagutzen dugula iruditzen al zaizu? 

Tira, gauzak egin direla esan genezake, baina ez ditugu beharrezko diren baliabideak hori aurrera eramateko. Beste herri batzuetan —Hungarian, adibidez—, alde horretatik sekulako lana egin da: beren zientzia akademia dute, eta folklore institutua, eta oso ondo ikertu dute beren folklorea, baita transmisio on bat egin ere. Gurekiko antzekotasunak ere ikusten dizkiet: beren kultura tradizionala defendatu dute, eslaboz eta latinoz inguratuta egonik. Kontuan izan behar da haiek bereziak sentitzen direla testuinguru horretan, eta horrek garrantzi handia izan du beren herri kultura baloratzeko orduan. Gu ere Europan kasu isolatu bat gara. Ez dut horrekin esan nahi beste herriekin harremanik izan ez dugunik; izan ere, etengabea izan da beste herriekin izan dugun harremana. Baina gure berezitasunak gorde, mantendu ditugu nolabait, eta horrek egiten gaitu desberdin. Gure herri erromanizatuak (gaskoiak) eta beste erromanizatu batzuek inguratzen gaituzte, eta hor gaude erdian. Dena dela, kontuan izan behar da Hungaria erreinu indartsua izan dela, eta guk, berriz, 1200 inguruan galdu genuen gurea…

Gure folklorea ondo ezagutuko bagenu, askoz hobeto ibiliko ginateke. Ziurtasuna emango liguke; geure burua ezagutzea da azken batean. Horrek ez du esan nahi haurrek guztia praktikatu behar dutenik, baina beren nortasuna ezagutu behar dute, beren nortasunaz kontziente izan, eta islatuak sentitu gure folklorearen adierazpenetan. Garrantzitsua da haurrak bizirik dauden museoetara joatea, hau da, jai herrikoietara, errituak dauden jaietara hain zuzen ere. Ikastolatik eraman behar dira haurrak Lesakako dantzak, Berrizko dantzariak, Lantzeko inauteriak, Ituren eta Zubietakoak, Zuberoako maskaradak, Lapurdiko kaskarotak, Behe Nafarroako bolantak… eta beste ikustera. Hori oso garrantzitsua da!!!

Eta transmisio horretan ondo ari garela iruditzen al zaizu? 

Nik uste dut geldiune batean gaudela. Gu 1959tik, hasi ginenetik, dantza, musika, jantzi… ugari jaso ditugu. Orduan ez ziren ezagutzen, eta lekuz leku ibili ginen ondare hori jasoaz. Horrekin, nik uste dut, zorionez, ardura bat sortu dela, gai horiekiko kezka bat. Beraz, azken urte hauetan, 36ko gerraren ondorioz alboratuak eta ia ahaztuak zeuden dantza eta bestelako ugari jaso genituen. Baliabide askorik gabe baina ilusio handiarekin aritu ginen. Garai horretan, gainera, bazegoen nolabaiteko “pizkunde” bat. Hor dago Ez Dok Amairu, adibidez… Orain, hori guztia nola mantendu da gauza. Eibarren edo Iruñean, adibidez, ezpata dantzaren inguruan kofradia sortu dute, eta horrelako egiturak, adibidez, lagungarriak dira dantza horiek indartsu irauteko. Horrelakoak eta bestelakoak pentsatu behar ditugu, ondare guztia hori mantendu eta transmititzeko.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/5/52/Zalduondo_inauteriak_0002.jpg

 

Beraz, folklorea lantzeak eta ezagutzeak herri nortasuna sendotuko liguke… 

Bai, eta ez da erraza ikerketa horietan aritzea. Esan bezala, ez dago baliabide nahikorik. Baina zenbait pertsona ari da ikerketak egiten. Bi motatako ikerketak ditugu: bat guztiz deskriptiboa da, eta bestea, berriz, interpretatiboa. Adibide bat esateagatik, dantza baten esanahia ezagutzea da azken hori. Zinta dantza bat, esaterako, dantza sinplea da; ez du ia zereginik egunero jasotzen dugun telebista eta bestelakoen aurka, haren esanahia ezagutzen ez badugu. Esanahia ezagutzeak bizirik irauteko bultzada ematen dio dantzari edo dena delakoari, luzatu egiten du haren bizitza, zentzua hartzen du adierazpide horrek. Gainera, kontuan izan behar da zentzurik ematen ez badiogu, esnahirik ezagutzen ez badugu, erraz gal daitezkeela dantza horiek, eta jakin behar dugu gauza bat galtzen bada beste asko ere galtzen direla! Izan ere, batzuetan jendea ez da ohartzen kultura batean, bizitzan, gizartean domino efektua dagoela. Kultura batean, barne elementuak (euskara, dantzak, etab.) elkarri lotuta daude. Bat galduz gero, besteak atzetik eror daitezke. Herriaren aldeko zientzia egin behar dugu. Ez dut horrekin esan nahi gezurretan edo faltsifikazioetan aritzea, justu kontrakoa! Zintzotasunez aztertu eta ikertu behar dugu daukagun hori, eta aurrera eraman behar dugu. Oso garrantzitsua da hori. Herriak ezagutu behar ditu bere dantzen eta abarren esanahiak. Herri kultura guztiek dute garrantzia, ondare hori guztia garrantzitsua da. Ez da herri kultura bat bestea baino garrantzitsuagoa. Alde horretatik, garrantzi bera dute herri ezberdinetako kulturek. Herri nortasuna babesteak laguntzen du herria babesten…

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .