Octtavio Azzena (1962, Telti, Sardinia) Terranòan bizi da, Sardinia ipar ekialdean. Bere kontu ari da lanean, izozkiak banatzen. Bi semeren aita da, bata Euskal Herrira jin behar izan da ikastera eta lan bila. Bigarrena, aldiz, oraindik etxean dute, ikasle.
Bere burua ez du italiartzat jotzen, inondik ere, baizik eta sardiniartzat. Are gehiago, egunerokoa hobetzeko argi du Italiarengandik bereizi eta bere estatu propioa ukan behar duela Sardiniak. Hain zuzen ere, egoera ekonomiko-soziala hobetzeko: injustizia ikaragarria baitakusa hainbertze zerga Erromari ordaintzeari, gibelerat deus ez baitzaie heldu eta ez da zerbitzu publikorik.
Horregatik, independentzia baitezpadakoa ikusten du, Sardinia ekonomikoki bere baitatik bizi dadin eta sardiniarren egoera ekonomikoa hobetu baizik ezin bailitzateke egin.
Ber gisan, sardiniera ez baita ofiziala eta dialekto franko baitu, Azzenak argi du zein hizkuntzak behar duen ofizial eta bakar: sardinierak.
Aipatu dituzu Korsika eta Sizilia…
Gauza ederra litzateke enetzat Korsika eta Siziliarekin batera independenteak izan gaitezen.
Zergatik? Dena jaten digutelako! Roma lapurra baita! Guk dugu argindarra ekoizten, baina gero Italiara daramate, eta haiek gutiago ordaintzen dute guk baino! Hola da: guk daukagu errefinategia handiena, alta, Italian baino garestiago ordaintzen dugu petrolioa.
Gauza horiek guztiek ez dute koadratzen.
Zure kontu ari zara lanean, eta hor uste duzu errazagoa izanen zaizula estatu bat ukanen bazenute?
Uste dut askoz ere errazagoa izanen litzatekeela. Sardinian milioi bat eta 600 mila biztanle gara, Erroman bakarrik, 3 milioi dira! Erroman bakarrik! Ez gara deus horientzat! Turismotik bakarrik aterako ginateke, oso ongi, aparte artzaintza, granitoa… hola dut ikusten. Baina turismotik bakarrik oso ongi bizi gaitezke. Askoz indar handiagoa genuke Italiatik bereizirik.
Korsika eta Siziliarekiko batasun ideia hori berria ote da?
Bi topaketa izan dira, bat Korsikan eta bigarrena Sardinian. Oraindik gauza freskoa da. Bada Mediterradio izeneko irrati programa hiru herrien artean, eta lortuko bagenu hiruki baten egitea pikutara igortzeko Frantzia eta Italia… Baina lehenik Frantzia, kur-kur-kur! Oraindik esperimentazioan da, oso interesgarria.
Bai, hurbiltasun geografikoa eta ekonomikoagatik…
Posizio estrategikoa dugu Mediterraneoan. Hortaz balia gaitezke ongi.
Kulturaren aldetik ere: Gaddhurako gure dialektoa bera korsikeratik oso hurbila da.
Eta Siziliarrek zer mintzo dute?
Ez, arrunt bertzerik da, baina errespetu handia diogu elkarri. Bada kantua diona la sicilia e la sardegna sono due isole gemelle. Italiako Errepublikan bi eskualde handienak gara. Bada gauza parrasta bat askoz ere hobeki balia genitzakeenak.
Hizkuntza aldetik, zure semeei galures dialektoaz ari zara, eta Sardinia independentean uste duzu Sardiniako hizkuntza…
Ni beti galuresez mintzo natzaie haurrei, emaztea aldiz italiarrez. Independentea balitz Logudoresuk (erdigunekoa) beharko luke hizkuntza, sardiniera hori baita. Ni orain Galuresez ari naiz etxean, lan kontuetan berriz logudoresuz. Eta gero dialektoak, asko dira: gaddhuresu, campidanesu… Orgosolon entzun duzue nola mintzo diren, ez? Hetsia oso! Mendikoa ere erraten zaio. Asko aldatzen da herri batetik bestera.
Baina nola antolatuko zenuke hizkuntzen ofizialtasuna?
Sardiniera ofiziala litzateke, eta gero eskualde bakoitzean bizi denak bertako dialektoa erabiliko luke.. Eskoletan ere erakatsiko litzateke, beharrezkoa da! Gure hizkuntza baita, zergatik ukatu?
Oraingo egoera ekonomikoa nola dakusazu? Bada zure semeentzako lan aukerarik?
Ez, ez dago. Geroa biziki tristea da egoera honetan. Riccardo semea Euskal Herrira joan da, eta han egoteaz kontent naiz, lana aurkitu baitu. Bera ongi baldin bada, ni pozik. Baina bigarrena, Raffaele… Ez da batere errana, ez bermatua haren geroa. Ikusiko.
Zure bizitzan ze aldaketa ikusi duzu?
Nik zoria ukan dut Sardiniaren garapena ezagutu baitut, turismoari esker. Baina gero, nire ikuspuntutik, Europan sartzearekin okertu da. Euroarekin dena errotik aldatu da… Eskerrak etxea eraiki genuelarik Lira bazela engoitik, 2002ko abenduan sartu ginen bizitzera, eta 2003ko urtarrilean euroa sartu zen ofizialki. Euroarekin sekulan ez nukeen eginen, zin dagizut, ez nukeen egin ahal izanen. Diru bakarrean sartzearen kontra naiz, urreak baitu Europa manatzen, Alemaniak. Liratik Eurora pasatzean, galdu du. [Silvio] Berlusconi jaunari egozten diot errua. Semea eskolara eraman nuelarik, ogi batek 1 200 lira balio zituen, eta eurora pasatzean, €1. Okinari erran nion: “e, baina 0,60€ beharko luke!”. Ez, igo egin zela…borobiltzearren, badakizu? Borobiltzea bai, baina ez goitik beti! Ezin liteke. Saltzen dudan izozkia ere berdin… dena hautsi du. Hemen, aberatsa zara edo pobrea.
Ba ote da diru sardiniarrik?
Ez. Izan zen saiakera interesgarririk baina ez…Orain Sardex izenekoa abian da, zuen Euskoaren haritik… Sardexaren zirkuluaren baitan egin daitezkeen trukearen bidez.
Zertan dabil Merkel etxean manatzen? Aski badugu Erromatik manatzen gaituztela… Ez zait gustatzen.
Zuzenean eta zeharka: BEZ, PFEZ… sekulako zergak ordaintzen ditugu! Sobera! Oraindik ari gara ordaintzen 1981eko Campaniako lurrikara… %60a ordaintzen dugu zerga zuzenetan! Eta beste anitz zeharkakoetan. Baina gero hortz bat sendatu behar baduzu, behar dituzu bizpahiru urte itxaron, edo erresonantzia batentzat gutienez 8 hilabete… Zergak ordaintzen ditugu baina ez zaigu deus gibelerat heldu!Ordaindu? Ados, baina gero jin dadila behar dena.
Eskola, osagarria… hobetzeko…
Independentzia bagenu hemen ordainduko genituzke zergak eta hemen egonen lirateke Erromara joan gabe. Lehenik ematen diozu Erromari eta berak du banatzen, baina hona ez da heldu! Erromak 10 miliar euro zor dizkigu! Bereizi gaitezen, dibortziatu! Askoz ere zerbitzu publiko hobea ukanen genuke. Semea separatismoaren aldekoa da, ni bezala duela 30 urte. Partito Sardo d’Azione partiduaren alde bozkatzen nuen, Mario Melis atera ziren garaile, presidentea izan zen 1980 hamarkadan, baina saldu egin ziren eta gero presidentea Europar parlamentura joan zen. Geroztik, bozkatzeari utzi nion…