Askatasuna, hitz ederra, maniatua izanagatik ez du galdu, ez galduko ere bere esanahia, askatasun eza bizitzen denean bakarrik antsiatzen eta balioan jartzen dena, eta horregatik askatasuna galdu berri dutenek badakite berreskuratu beharra daukatela bizitzan aurrera egiteko, askatasunik gabe ezer gutxi egin dezaketela beren erabakiz. Askatasuna aspaldi galdu zutenek, aldiz, azken helmuga dela uste dute, egiazki zertarako balio duen ere ez dakitena, kondaira bilakatutako mito bat.
Behin entzun nuen, eta guztiz ulertu ere, askatasuna bitartekoa dela, ezinbesteko bitarteko bat, begiak ikusteko diren bezala. Askatasuna ez da gailurra ez eta erabakitako edo erabaki beharreko egoera bat, baizik eta naturalki eman zaiguna izaki bizidun bezala, norbanako bezala, herri bezala, norberaren gaitasunaren arabera garatu ahal izateko… jabetasunez.
Askatasuna iparrorratza da, baliabide bat garapenerako.
Baina badira norbaitzuk izateko derrigorrezkoa dugun askatasun hori kendu nahi digutenak, inperialistak, eta horretarako erabiliko dituzte behar dituzten arma mota guztiak; guztiak, baita pentsamenduaren bahiketa ere, eta armada baten mehatxupean askatasunik gabe utzi gaituztenon pentsamendua kontrolatuko dute, eta pentsamendua manipula dezakeen hizkera geure ahotan jarriko, gure kasa burutu ditzagun geure kontrako ekintzak. Jada askatasunik gabe bizi denak bere hizkerarekin eta ekintzekin adieraziko du zenbateraino dagoen menperatuta, bere askatasun-eza inposatutakoa ikusten ote duen edo halako Estocolmo sindrome baten pean harrapatuta gelditu den; azkenean askatasuna bera bestelako “lehentasun” batzuen atzetik jarriaz, zerrendan auskalo zein postutan, eta azkenik ia kimera, ia absurdo baten moduan lauso ikusiz eta ez ezinbesteko baldintza sakratu bezala, arnasa hartzeko, gauzak ikusteko, ulertzeko, egiteko, eraikitzeko; erabakitzeko lehenengo baldintza bezala…,
Askatasunarekin bakarrik, askatasunaren bidez bakarrik hartzen dira erabakiak, eta ez alderantziz, Independentziaren bidez soilik ezartzen den bezala demokrazia eta ez alderantziz.